Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan

Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan –

Seguru nago idatzi honen irakurleak badakiela 1936ko gerran, hiru mila eta bostehun pertsona inguru erail zituztela falangista-errekete-guardia zibil eta militar frankista eta molatarrek Nafarroa Garaian bakarrik, gerra-frontetik kanpo, eta Hego Euskal Herrian sei mila inguru. Haietako asko Carmen Garcia Pellon-en aita bezala -Mariano Garcia Illazortza nekazaria, UGTko kidea eta zinegotzi errepublikazalea-, etxera joan bi guardia zibil aguazilarekin, eraman atxilotua herriko kuartelera; goizaldean fusilatu, eta errepide-bazterrean lurperaturik, Esako beste sei atxilotuekin batera.

Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan
Arg: ION ORZAIZ (Berria)

Alde batera, 36ko gerran, bereziki Franco eta Mola jeneralen alde paratu zirenek egindako izugarrikerien beste erakusgarri bat da -faxisten aurka aritu zirenek ere egin zituzten izugarrikeriak, baina askoz gutxiago, eta ez da ahaztu behar gerra faxistek atera zutela, II. Mundu Gerra Hitlerrek bezala-. Kasurik izu-laborrizkoena ere ez da. Segur aski Maravillas Lamberto Ioldi larragar neska gazteari gertatua da -bortxatu, hil, txakurretara bota- izugarriena, baina Carmeni egindako injustiziak ere merezi du gure arreta eta elkartasuna, gaur egun konfiantza handirik ematen ez digun (in)justizia espainiarraren bide arriskuz beterikoetan harrapatua baita, eta, gainera, kasu honetatik ondorio jakingarriak atera baitaitezke.

Lehenik, kasu konkretuari heldurik, sinesten ditut Carmen Garciak oroimen historikoari buruzko dibulgazio lan baterako egindako adierazpenak (Ion Orzaizen Berria-ko elkarrizketa irakurrita): 1936an, zinegotzi errepublikazaleak erail eta udalbatzak desegin ondotik izendatu zuten Isidoro Martinez Esako alkate. Ezkerreko familietako askok herritik alde egin zuten, baina aukera bakarra bertan gelditzea izan zutenei frankista gerra-irabazleek larrutik ordainarazi zieten. “«Zuek? Zuek ez duzue jada ezer eskatzeko eskubiderik», esan zion alkate horrek Carmen Garciaren amari, baratze txiki bat jartzeko laguntza galdegin zuenean. 1959. urtean, azkenik, amore eman zuen Garcia Pellon familiak, eta Iruñera egin zuten ihes”. Isidoro Martinez bi bidetatik aberastu omen zen: Esako urtegia eraikitzeko lanetatik, eta hainbat errepublikazaleri kendutako ondasunetatik.

Adierazpen horiek eta beste hauek egiteagatik: “Garcia Pellon familiaren kasuan, lursail baten zati bat eta eskorta bat kendu zizkietela salatu du Carmen Garciak. «Nire neba Gabrielek eraman zituen gure familiaren ondasunen agiriak katastrora, baina han iruzurra egin zioten: dokumentu guztiak uzteko eskatu, eta, haien bila itzuli zenean, desagertuak ziren. Alkateak bere izenean jarri zituen».”; Zangozako Bake Epaitegira joan behar izan du deklaratzera, Isidoro Martinezen biloba Roberto Martinezek, egun Esako alkate denak, haren aurka auzitara jo duelako. Atzera egin eta esandako guztia ezezteko eskatu dio. Carmen Garciaren aurkako kereila aurkez dezakete alkatearen abokatuek. Atzera egiteko asmorik ez omen du Carmenek, baina bakar-bakarrik sentitzen da, eta bere iritzian, Esako herrian, 36ko matoi-bandaren seme-alabek agintzen dute.

Kasu konkretu honetatik ondorioak ateratzera jorik, Espainian, eta Espainiaren menpeko Euskal Herri penintsularrean, 36ko gerratik aurrera gertatu zen benetan Iraultza izena merezia duen fenomeno soziologiko-ekonomiko eta politiko-kulturala, eskuineko iraultza benetakoa. Izua hedatu zuten herritarren artean matxinatuek, euren ideologiarekin bat ez zetozen asko fisikoki “garbitu” egin zituzten, edo erbestera haizatu, edota herriz aldatzera bortxatu, eta, zinez, ordena berria ezarri zuten, landa-eremuetan eta hiri-eremuetan -kasu konkretuak Nafarroa Garaiko landa-eremura garamatza-, ekonomiaz eta politikaz jabetuz, militarren eta boteretsuen indar fisikoari Eliza espainolaren indar espirituala erantsirik.

1978ko erregimenak eskuineko iraultza arrakastatsu hura ez du eraitsi, jarraitu egin du, gainzuritu eta eztitu nahi baduzue, baina bizirik iraunarazi du botere ekonomikoz eta politikoz jantzirik, Esan 36ko matoi-bandaren seme-alabek bezala.

Ezkerreko soziologia zegoen eremuetan, “garbiketa” eta “erbesteratze” kriminal soziologiko-politikoa egin, eta 1978tik aurrera gehiengo-gutxiengoaren joko “demokratikoak” egoera injustu hura iraunarazi. Erabat harturik, 36ko gerraurrean baino aberatsagoak garela ezin ukatu, baina gerraondoan hasitako desberdinkeria sozialek irauten dutela ere ez.

Kasu konkretutik poxi bat aldentzeko lizentzia harturik, baina 36ko gerraren ondorioekin jarraiturik, denok dakigu Espainiaren batasun sakrosantu obsesiboa ere eta berarekin batera bizi den zentralismo jakobinoa -euskaldunokin eta katalanekin errepresio forma bortitzak hartzen ditu beti, espetxeak bete eta autodeterminazio eskubidea ukatuz- zenbat indartu ziren gerraondoan, berrogei urteko diktaduran -bai lehenagoko erroak zituen, hurbilenak Primo de Riveraren diktaduran- eta Espainiaren baitako gehiengo-gutxiengo jokoak bere horretan atxikitzen du, eta, azkenik, baina ez axola gutxiagokoa, zergatik emakume baten aurkako eraso hau, senarrak erail eta alargunen aurkako errepresioaren ildoan kokatzen dena bete-betean, patriarkatu matxistaren itzala hedatuz eta erantsiz kasu konkretu honi ere?

Injustizia honek osagai ugari ditu Navarra Suma-tik kanpo eta aurka dabiltzan talde politiko eta sentsibilitate sozial guztiak elkartzeko, eta denek bat egiteko xede duin honetan: Carmen Garcia Pellon bakarrik ez uztea, gerra-irabazleen ondorengoen kideko den Esako alkate eta gogaideen atzaparpean!

Baldin eta Carmen Garcia Pellon zigortzen badute, edo hain duinki defendatzen ari den bere egian atzera egitera behartzen badute, beste seinale bat gehiago izango da 36ko gerrak ekarritako eskuineko benetako iraultzak badirauela egun ere, eta 1978ko erregimenaren ahulezia eta gainzuriketa inoiz baino agerianago erakutsiko luke.

Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan
Carmen Garcia Pellon nafarra bakarrik epaitegietan

Carmen Garcia Pellon nafarra

Saiakera-idazlea