Dirudiena ez dena | Dena ez dirudiena

Dirudiena ez dena | Dena ez dirudiena –

Kaletik nabil. Autobusean topatu ditut. Astero ikusten ditut, baina azalekoan dut erreferentzia. Hark ez lidake txintxik ere erantzungo, ez baitaki. Beste horrek… bai zera, goi mailako ikasketarik ere ez du edukiko eta!

Berriki hasi naiz lantokian. Bulegoa modernoa da, argitsua eta ikuspegi ederrekoa. Hirigunearen erdi-erdian kokatua. Badira urte batzuk batxilergoa bukatu eta zer nolako ikasketak egiteko erabakia hartu nuenetik. Horiek bukatu eta oraintxe dut horren fruitu. Lankideekin ondo moldatzen naiz, abegitsu artatzen naute eta eroso sentiarazten naute. Eginbeharrekoa gogotsu egiten dut. Lansariarekin ase nago. Gurasoekin bizi naiz eta baliabide ekonomiko berri honekin ondo baino hobeto sentitzen naiz.

Psikologoen artean ezaguna den Maslowren gogobetetze piramidean, urrats batzuk baditut jada aseak, pentsatu dut neure golkorako. Hori al da zorionerako bidea?

—————— IRAULKETA ——————

5 hilabete daramat jada bulegoko jardunean. Egunerokotasunak, eguneroko tentsioak eta nagusiaren betebeharrek aztoratzen hasia naute. Ez ote nintzen nire lanbidea aukeratzean oker ibili? Gainera, izugarrizko ezustekoa jaso dut gaur. Distiratsu eta lerdengarri ematen zuen enpresa hauxe kinka larrian dabil. Ez bide ditu plantilako langile oro mantentzeko baliabide lain. Ziurrenik ni ere izango naiz kaleratuen langile-zaku horren barruan.

Antza, egungo lan merkatua ezegonkorra da oso. “Prekarietatea” deritzote. Sindikatuek diote langileok ustiatuak garela. Orain arte, ez nuen ulertzen hitz horien atzean zegoen esanahia. Gordinki ikasten hasi berria naiz.

Asteburuak, berriz, ustekabeko berriak dakarzkit. Izan ere, ikastolako jaian topatu ditut. Astero autobusean ikusten nituenak eta ditudanak. Taldean, Mohammed mintzo zaigu. Euskaltegian darama urtebete, baina jada aurrerapen itzela egindakoa. Simona errumaniarra, garbitzaile lanetan, bizitzaren gorabeherek lana gogor egitera behartua, baina zuzenbidean lizentziatua. Non eta mintzatalde batean bertaratu dira jaira. Euren istorioak arretaz aditu ditut. Gogorrak eta miresgarriak, geure inguruko bereizgarri eta baldintzekin alderatuz gero, batik bat. Ez nekien bizitzaren gazi-gozoak zenbaterainokoak diren. Zein hurbil eta zein urrun ibili gara. Ezin jakin, ezin baititut orain arte ezagutu.

Dirudienaren irudimenak ez nazala ilundu.
Ez zaitzala ilundu.

Dirudiena ez dena | Dena ez dirudiena