‘Euskadiren eguna’-ri alternatiba bila

Aberri Eguna
Urriaren 25 ‘Euskadiren eguna’ izendatu zuen Patxi Lopez lehendakariak, eta jai egun bihurtu. 1979ko Autonomia Estatutuari gorazarre egiteko bat egin zuten nortzuk eta PPk, PSEk eta UPDk. Erabaki hori atzera bota nahi du EAJk, eta EH Bilduk abenduaren 3 euskararen nazioarteko eguna proposatu du alternatiba gisa.

1979ko estatutu agortua ospatzeko egun izan da 2010etik 2013ra. Datorren urtean ez da halakorik izango, EAJren proposamenak aurrera egiten badu. EH Bilduk ere ez du begi onez ikusi ‘Euskadiren eguna’ izendatutako jai eguna, eta jeltzaleei alternatiba bat aurkeztu diete. Abenduaren 3, nazioarteko euskararen egunak ordezkatuko behar luke urriaren 25a. Proposamen horrek ez du oraindik erantzunik jaso.

Itxura batean Euskal Herri osorako jai egun egokiena Aberri Eguna litzateke. Frantziarentzako Bastillaren egunaren (uztailaren 14) edo Espainiarentzako Nazio egunaren (Kolon Amerikara heldu zen egunean: urriaren 12an) baliokidea izan daiteke eta. Halere, bi arazo nagusi ditu egun horrek: handiena, Aberri Eguna beti igandez (Pazko igandean) ospatzen dela, alegia, beti dela jaieguna eta ez dela beti zenbaki bera. Bestetik, Euskal Herriko espainiarrek uko egiten diotela egun horri. Azken arrazoi horrek ez du zertan arazo izan, ikuspuntuaren araberakoa da.

Aberri Egunak egutegi katolikoaren du ageriko harremana, nahiz eta gaur esanahi hori galdua duen (ikurrinaren gurutze zuriak bezala). Ez du beste efemeride berezirik oroitzen. Hortaz, jaiegunaren sorrera artifiziala bezain naturala izan liteke egun horren aldaketa. Martxoa-apirilean kokatu daiteke, tradizioa moldatuz. Egun aldaketa gauzatuz gero Aberri Egunak presentzia nabarmenagoa luke. Ez litzateke izango egun sinbolikoa bakarrik, baita praktikan (kasu honetan) Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bizilagunentzako jai egun berezia baizik.

Euskararen “batasuna”

Ez dago jaiegun bat aukeratzeko orduan bat egiteko modurik ere. Horregatik, EH Bilduko Pello Urizarrek horrela azaldu du abenduaren 3aren ideia: “mozioaren helburua argia da, zatiketa politikoa eta soziala dakarren data bat jai-egutegitik ateratzea eta, horren ordez, batasuna sinbolizatzen duen beste bat izendatzea”. [Eguneraketa] Euskararen santu ofiziala da Frantzisko Xabierkoa, eta horregatik jarri zuten Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an. Abenduaren 3a Nafarroaren Eguna ere bada, Frantzisko Xabierkoaren heriotzaren urteurrena oroituz.

Aberri eguna eta euskararen eguna dira espreski Euskal Herri mailakoak diren jaiegun zabalenak. Beste aukera bat Gudari Eguna da (irailaren 27 edo 28). Kasu horretan bi adar abertzaleek egun eta oroigarri ezberdinak dituzte. Batzuek espreski 1937ko Santoñako fusilaketak gogoratzen dituzte, eta besteek indar gehiago jartzen dute Txiki eta Otaegiren 1975eko erahilketan.

Oharkabeko proposamena ere bota dute Naiz.info webgunean. “Euskararen Eguna jaiegun izendatzeko eskatu du EH Bilduk, Estatuaren Eguna ospatu ordez”. Estatutua estatu bihurtu dute (ez da lehenbiziko aldia, ezta azkena ere). Hortaz, ideia aldrebesa ere ez da Euskal Estatuaren Eguna sortzea. Eguna aukeratzea beste kontu bat da.

Alternatiba hauez gain, batzuek pentsatuko dute estatua ez garen bitartean egunik ez dugula merezi.

Aurretik ZuZeun izan dira euskal ereserkiari buruzko hartueman interesgarri bezain emaitza gabeak. 

Zein egunek ordezkatuko du urriaren 25eko jaieguna?

6 pentsamendu “‘Euskadiren eguna’-ri alternatiba bila”-ri buruz

  • Niri, punpa laster, abenduaren 3ko data egokia iruditzen zait oso. Euskaldun egiten gaituen horren harira jaieguna izateak euskaldun izatearen harrotasunean sakontzeaz gain, areago lezake euskararen erakargarritasuna euskaldun ez direnen artean, subkontzienteki bada ere. Ez dadila izan euskara EGA, hirugarren perfila edota lanpostua eskuratzeko traba eta eskakizun hutsa eta izan dadila, besteak beste, jaieguna eta gertukoekin biltzeko aitzakia ederra! Ez da horrekin soilik Euskal Herri euskalduna lortuko, baina bidean lagun lezakeen pausu txiki horietako bat izan liteke.

  • Ni ere abenduaren 3ko datarekin nago, Nafarroaren eguna egun berean baita

  • Ah ze memoria eskaza edo gure historiaren ezjakintasuna: Euskal Estatuaren Eguna aspaldi ospatzen dugu: abuztuaren 15a. Orreagako lehen guda frankoen inperialismoaren amaiera. Baskoniako dukerriaren jarraipena den Nabarrako euskal Estatua.

  • Somorrostro Harana 2013-05-29 18:59

    Herri honen sustraiak euskaran daude eta euskaldun guztiok batzen gaituen gauza garrantzitsuena euskara da. Ondo deritzot euskararen eguna den datagaz.

  • Mikel Iriarte 2013-05-29 20:53

    NIk Aberri Eguna utziko nuke. Independentzia atzematen dugunean, Independentziaren Eguna izanen da ospatzekoa,.

  • Aberri eguna, abenduak 3, abuztuak 15, independentzia berreskuratzen dugun eguna,… denak ospatzeko modukoak. Zergatik mugatu egun bakarrera ?
    Soberan daudenak asko dira; abenduak 6, uztailak 14, urtarrilak 6, armistizioa, hispanidad,…
    Baina horretarako estatutuak eta elkargoak ez dira nahikoak.