Aukera berriak hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko

Aukera berriak hizkuntza-politika eragingarria abian jartzekoEuskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUAk txalotu nahi izan du Euskal Lurralde Elkargoaren aldeko Koordinadorak Lurralde Elkargoa osatzeko abian jarri izan duen dinamika. “Egun euskararen lurraldeek ez dute berariazko instituziorik eta horrek zaildu besterik ez du egiten hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko aukera” adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.
Elkargoaren aldarrikapenari begira sortu den mugimendu anitzak erakusten du benetako beharra dagoela politikak gure herrian egiteko. Sortu beharreko Lurralde Elkargoaren bidez zortzi eskumen ekarri nahi dira Euskal Herrira, besteak beste, euskararena; hartara, “hizkuntza-politika gure lurraldean egiteko eta erabakitzeko aukera izango dugu instituzio horren bidez, eta horrek gure hizkuntzaren berreskurapen-prozesua azkartze bidean jar dezake” gaineratu du Bilbaok.

Hizkuntza bat berreskuratuko bada, lau zutabe indartsu behar dira: corpus juridiko egokia, plangintza egokiak, baliabideak eta herri-gogoa. “Ipar Euskal Herrian hainbatetan erakutsi dugu euskaraz bizitzeko herri-gogo aktiboa dugula, eta horren beste erakusle bat martxoaren 31n izan zen Deiadar mobilizazioan. Beste zutabeak indartzeko Lurralde Elkargoa tresna garrantzitsua dela azpimarratu nahi dugu” adierari du Kontseiluko ordezkariak.

Horrela, berriki Korsikako lurralde asanbladak edo elkargoak korsikerari ofizialtasuna aitortzeko onartutako deliberoa izan du gogoan Kontseiluko ordezkariak. Bilbaoren arabera: “Tokiko instituzio batek hizkuntzaren berreskurapenean duen garrantzia erakusten du Korsikako lurralde asanbladak emandako urratsa. Erabaki horren ondorioz, korsikera Korsikako erakunde guztietako, eta organismo publikoetako hizkuntza da, parekotasunean erabilia frantsesarekin Estatua eta Korsikako zerbitzu publikoen partetik, baita enpresa eta hedabide instituzionalengatik ere”. Hartara, Ipar Euskal Herrian neurri horretako urratsak emateko tresna eragingarria izango da Lurralde Elkargoa.

Arrazoi horiengatik guztiengatik lurralde elkargoaren beharra azpimarratzeko ekainaren 1ean izango den manifestazioarekin bat egiten du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.

Aukera berriak hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.