ETBrentzat ez da albistea “500 lagunek zortzi gazte donostiarren atxiloketa galaraztea”

herri harresiaAskegunean sortutako dinamika Euskal Herriko hedabide guztietan presentzia izaten ari da, egunkari eta irratiek, gehiago ala gutxiago, tartea egin diote. Twitterren euskaraz #Askegunea hitza azken 48 orduetan erabiliena da, eta Naiz, Argia, Berria, Diario Vasco edo El Mundo egunkarien edizio digitalek ere azalean dute albistea, baita Meneame-k ere. Hala eta guztiz ere, ETBko bi kateek ez dute segundu bakarra ere izan Donostiako Bulebarreko gertakarientzako.

EiTB.com-eko politika atalean albistea argitaratua dute: 500 pertsonak zortzi gazte donostiar atxilotzea galarazi dute, euskaraz eta espainolez. Azpititiluan zera dio: Aske Gunean gaua igaro duten gazteek bi alditan saihestu dute zortzi kondenatuak atxilotzea. Bada zerbait, ezta? Telebistarako antza ez.

Twitterren asko izan dira hutsunea nabaritu dutenak, eta kexatu egin dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Sarean, Berrian azaleko albistea eta irakurriena da, Naiz-en ere portadakoa da eta lekua berezia du Naiz+ atalean, Diario Vascon 85 iruzkin ditu albisteak eta Espainiako Publicon azalean dago une honetan. Noticias taldeko egunkariek albistearen arrastorik ere ez dute edizio digitaleko azalean. Argia lan eskerga egiten ari da gertakariei buruz informatzeko, Lander Arbelaitz kazetaria bereziki.

Une honetan Espainiako Meneame albisteen webgune arrakastatsuan berriak azalean segitzen du, eta Noticias, Vocenton, Berrian eta Garan paperezko edizioetan lekua izan du. Gaur gauean ertzainek atxilotzeko egindako ekinaldia gertatu gabe zenean idatzi zuten berria paperean.

Atzo gaueko gertaerak gorabehera, albistearen garrantzia ez da nahikoa izan telebistan agertzeko (Gaur Egun ETB1, eta Teleberri ETB2). Bai agertu dira, adibidez, zuzeneko konexioak Leioako Ostalaritza eskolarekin, non atzo goizean bost lagun zauritu ziren. Gaurkoa “egun normal bat”, zela zioten ikasleek, baita aurkezleak berak ere, “betiko martxan”. Hori baino gatz eta piper gehiago badago bulebarrean, ezta? Konexioa ere egin dute Euskotren-eko geltoki batekin, BAT eta Barik txartel sitemei buruz hitz egiteko. Eltzeen balizko arriskuei buruz ere erreportaje bat izan da Gaur Egun eta Teleberrian. Aldiz, isiltasun erabatekoa Donostiakoari buruz. “500 pertsonak zortzi gazte donostiar atxilotzea galarazi dute”, baina ez zuzeneko konexiorik, ez albiste laburrik, ez ezer.

 

 

5 pentsamendu “ETBrentzat ez da albistea “500 lagunek zortzi gazte donostiarren atxiloketa galaraztea””-ri buruz

  • Ezker abertzalearen usaina duen orok erreakzio patologikoa sortzen segitzen du hedabide gehienetan, injustiziak sufritzea hain patua balitz bezala, eta horietaz kexatzea hain zaunka partikularra. Hori zioen Mariano Ferrer-ek 18/98+ auzia dela eta. Gauzak ez dira asko aldatu.

  • Lotsagarria EITB. Duintasunera ere ezin dira iristen. Lantoki lotsagarria batzuentzat…#Askegunea

  • Amonamantangorri 2013-04-18 20:25

    Arestian Gaur Egunen eman dute askegunearen berri. Azkenean. Jakin nahi nuke zer hari mugitu diren goi-goitik orain arte EITBn hitz erdirik ere ez esateko.

  • ETB-rentzat ere ez da berria izan Etxarri Aranazko herritarren udal eskaria. Herritarren %18ak (legez %10a eskatzen da) udalean herri galdeketa egiteko eskaria egin dute. Guaxe astekarian azaltzen den moduan “Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin? Etxarriarrek galdera horri erantzutea nahi dute ekimeneko kideek. “Herritarrek “etorkizunean zer izan nahi dugun” adierazteko.” Informazio gehiago http://www.etxarri2012.info

  • Peru Dulantz 2013-04-19 12:40

    EITBn momentuz ez da bateraenabaritu gobernu-aldaketa… Aurreko igande eguerdiko Gaur Egun: lehenengo berria, eguraldi txarraren osteko eguraldi ona (herritarrei egindako galdera txotxoloekin apaindurik: “Zer paseatzen”, bai hemen, “aprobetxau egin behar, bakizu, kar, kar… “). Bigarren berria gogoratzen ez dudan beste arinkeria bat. Lelokeriaz eta arinkeriez betetako ordu laurdena eta gero hasi ziren “benetako albiste” izan zitekeen zerbait aipatzen, eta orduan, jakina, herritarren iritzirik eskatu gabe, badaezpada…