Ez, Iñigo Urkullu, inolaz ere ez!

639270_gaztea_foto610x342

 

 Begira, Iñigo Urkullu (barkatuko didazu tratamenduaren hurbiltasuna, ezta?), Euskal Herri honetan ez dago Euskadi izeneko erkidegoko lehendakaria zarela ez dakienik. Gogoko ala ez, gure lehendakaria zaitugu.

Gehienok dakigu, halaber, irakasle diplomatua zarela formakuntzaz. Eta hori –nola esan?– plus garrantzitsua da aurreko lehendakari analfabeto harekin konparatzen hasiz gero.

Are gehiago, jakin, askok dakigu Euskal Filologia alorrean burutu zenuela irakasle-espezialitatea, horrek esan nahi duen guztiarekin, noski.

Besteak beste, gure hizkuntza indigena hau inork baino hobeto ezagutu eta erabiltzen duzula (ez duzu, beraz, hura gaizki erabiltzeko eskubiderik) eta, zuretzat larriagoa dena, arrazoi eta eskubide guztiekin eska dakizukeela –eska diezazukegula!–, euskara erabiltzean, goi mailako zehaztasuna izan dezazun, erabateko zehaztasuna. Zehaztasun semantikoa, batik bat.

Edo beste modu batez esanda, gure eguneroko errealitatea irudikatzen hastean, gordinegia iruditzen bazaizu ere, errealitatea den bezala agertzeko lexikoa erabili behar zenukeela.

Izan ere, zu bezalako euskal filologo bati ez zaio zilegizko errealitatea eufemismoekin mozorratzen ibiltzeko jokamoldea. Eufemismoen bidezko gezur-jaurtiketa hori ez da euskaldunon estiloa inoiz izan. Jolas hori Madrileko ministrari peperoei utzi dakieke, nahi izanez gero, esparru horretan tradizio handia baitute gaztelaniaz.

Guk beste hizkuntza bat darabilgu, beste etika bat duena.

Ulertzen didazu, ezta?

Horregatik, hain zuzen, zuzendu beharko zenuke –lehenbailehen zuzendu!– bart, telebista-kameren aurreko urduritasunaren zurrunbiloan, isuri zitzaizun esaldi malapartatu hura:

… hildako bat dagoelarik… momentu hartan akatsa izan zen… erremediorik gabeko akatsa”.

Ez, Iñigo Urkullu, ez; Inigo Cabacasen heriotza –hartaz ari baitzinen hitz madarikatua birritan bota zenuenean– ez zen “akatsa” izan.

Iñigo Cabacasen heriotza hilketa, erailketa, gizahilketa… izan zen, baina ez “akatsa”.

“Akatsa”, jakin beharko zenuke, beste zerbait da.

Euskal filologo batek ondo baino hobeto jakin beharko lukeen bezala, “akatsa” gabezia bat izan daiteke, zuzendu egin daitekeen zerbait izan daiteke… baina Iñigo Cabacasen heriotza ez da kategoria horretan sartzen.

Ezin sar daiteke “akatsen” kategorian.

Ez, Iñigo Urkullu, ez.

Utzi itzazu eufemismoak eta hizkuntzaren manipulazioak gaztelaniaz mintzo diren ministrarientzat. Eta zuk –hainbeste kostatzen, ala?– onar ezazu zintzotasunez Aresen agindupekoek burututako sarraski kontziente hura eta saia zaitez drama konponezin horri aurre egiten eta, ahal den heinean bederen, arazoa bideratzen.

Ez ezazu, otoi, Iñigo Cabacasen oroitzapena zikindu haren hilketa “akats” bat izan zela esanez.

Mesedez, Iñigo Urkullu! Ez ezazu hizkuntza manipulatu, eta manipulazio zikin horren bitartez, beste zerbait okerrago erakutsi.

Euskal filologoa izan ala ez, duintasuna da lehendakari bati eskatu behar zaion lehen bertutea. Eta zuri ere eskatuko zaizuna.

Hori baita gizakiaren lehen bertutea, gizatasuna ematen diona.

Ez ezazu, bada, duintasuna “bertute” politiko eta pragmatikoen azpian ehortzi.

Onar ezazu, mesedez, Iñigo Urkullu eta zuzendu telebistan jaurtiki esaldia: Iñigo Cabacasen heriotza ez zen “akats” bat izan, ez eta “akats” baten ondorioz gertatutako “ezusteko” bat ere.

Gizarte batek bere erakundeetan ezin onar dezakeen estrategia hiltzaile baten fruitua izan zen Iñigo Cabacasen heriotza.

Eta agintari nagusi bilakatu den filologo batek honen beharrik ez badu ere, gogorarazi nahi nizuke errealitatearen diagnostiko zuzena egiten duen lexiko zehaztasunaren ondotik, depurazio politikoak eta penalak jarri beharko zenituzkeela abian.

Herri honi eta lehendakaritzari zor diezun duintasunaren ildo berean betiere.

                                                        Klig

Zer duzu buruan “Ez, Iñigo Urkullu, inolaz ere ez!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude