Bilduren hitzei segika
Garaile izatea ez da nahikoa. Bilduk PSE eta PPren betoa gainditu beharko du eta besteak erakarri botere esparruetan makila izan nahi badu. Martin Garitanok eskua luzatu du, eta itunetan “ikuspegi nazionala” izango dutela aitortu. Hala ere, egungo egoeran aukerak urriak dira, EAJ eta NaBai2011. PSNrekin batera Nafarroan ere aldaketarako prest agertu da Maiorga Ramirez. Zer du lortzeko eta zer du eskaintzeko Bilduk?
- Araba: Bilduk Foru Gobernuan sartzeko aukera du EAJ eta Ezker Batuarekin batera. Izan ere, hiruren artean PP-PSE kanpoan utziko lituzkete. Bilduk ia EAJk bezain beste zinegotzi lortu ditu eta Aldundiko sail batzuk lortzeko negozia dezake.
- Gipuzkoa: Lehen indarra da, baina hobe luke EAJren eta Aralarren babesa hitzartzea. Bestela arriskua du PSE-EAJk bat eginda Markel Olanori makila emateko.
- Donostia: Lehen indarra da, baina PSE-PP-EAJk bat eginez gero galdu egingo luke.
- Nafarroa: UPN agintetik kentzeko proposamen bateratua egin beharko luke Bilduk NaBai2011, Ezkerra eta PSNrekin batera.
- Iruñea: Nafarroan bezala, Bilduk NaBai 2011, PSN eta Ezkerra bidelagun izanez gero, UPNri alkatetza ken dieziokete.
- Sestao, Trapagaran, Basauri: Bilduk EAJren alde egiten ez badu PPk PSEri eman diezaioke alkatetza.
- Lasarte-Oria: EAJ eta Hautesle elkartearen babesak Bildu alkatetzan jarriko luke.