EAEak aldaketa klimatikoaren aurkako aurreproiektua onartu du

EAEak aldaketa klimatikoaren aurkako aurreproiektua onartu du –

Eusko Jaurlaritzak Aldaketa Klimatikoaren Euskal Legea izeneko aurreproiektua onartu du. Aurreproiektuak administrazio publikoek ingurugiro gaietan bete beharko dituzten baldintzak jasotzen ditu: isuri kutsakorrak murrizteko neurriak, energia aurrezteko neurrien sustapena edota ingurugiro irizpideak baloratzea enpresa pribatuekin egindako kontratu guztietan.

Aurreproiektu berritzailea da, Europa mailan Eskozian soilik aurki daiteke antzeko kasu bat. 35 artikuluz osatutako dokumentua da eta bi ardatz nagusi ditu: CO2 isurpenak murriztea eta aldaketa klimatikoaren ondorioei egokitzea.

Helburua administrazio publiko guztiek beren planetan ingurugiroa beti kontuan izatea da – enpresa pribatuek egiten duten eran-: garraiobideetan, etxebizitzetan, industrian, hezkuntzan, berrikuntzan, hirigintza edota lurralde planifikazioan eta abarretan.

Proiektua nazioarteko testuinguruan jaio da, non zientzialari eta adituek CO2 isuriak murrizteko neurrien garrantzia azpimarratu duten. Europako Kontseiluak 2007an adostu zuenez, 2020rako isuriak %20 murriztu behar dira 1990ekoekin alderatuz, behar energetikoen %20 energia iturri berriztagarriekin ase beharko dira eta energia eraginkortasuna %20 handitu beharko da.

EAEak aldaketa klimatikoaren aurkako aurreproiektua onartu duProiektuaren edukiak

  • Euskal ekonomiak isur dezakeen CO2 kopurua definitzen du eta muga ez gainditzeko mekanismoak ezartzen ditu.
  • Administrazio publikoek negutegi efektua sortzen duten gasak murrizteko programak osatu beharko dituzte; horretarako, energia eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilera eta mugikortasun jasangarria ziurtatzen neurriak hartu beharko dituzte.
  • Eraikuntzak eta birgaikuntzak energia aurrezteko neurriak eta karbono baxuko energia iturriak izango ditu.
  • Hiriak aldaketa klimatikoak sor ditzakeen fenomeno klimatiko berrietara (lehorteak, uholdeak…) egokitu beharko dituzte.
  • Kontratu publikoak esleitzerako garaian, “kontratazio publiko berdea” bultzatu beharko dute ingurugiro irizpideak kontuan izanez.
  • Udalek argi kutsadura saihesteko plana osatu beharko dute.
EAEak aldaketa klimatikoaren aurkako aurreproiektua onartu du