Tunisia, Aljeria, Egipto, Jordania eta Yemen, nola zabaldu da hain azkar bolbora?
Tunisian hasi eta egun Egipton pil-pilean dagoen matxinada mundu arabiar osoan hedatzen ari den mugimendu baten alderik ikusgarrienak dira. Aljerian, Jordanian, Yemenen ere izan dira bizi baldintzak salatzeko eta gobernuen jarrera salatzeko mobilizazioak. Tokian tokiko desberdintasunak badirela kontuan hartu behar bada ere, mobilizazio guzti hauek badituzte zerbait amankomunean: ustelkerian oinarrituta klan batzuen mesederako antolaturiko sistema politikoak dira, non herriaren hitza beti ukatua izan den.
Egiptoren kasuan, adibidez, hauteskundeak iruzur hutsa dira, alderdi bakarraren mesederako. Hamarkadetan Estatuaren buru izan dutena mantentzea dute helburu bakarra. Gauzak horrela, populazioaren gehiengoaren sostengua duten talde islamistek ezin dute bozketetan modu normalizatu batean parte hartu. Ezkerreko talde alternatiboek ere arazo bera dute. Jordanian azaroan egin dituzten hauteskunde legislatiboetan bai islamistek bai ezkertiarrek boikotari ekin zioten. Beharbada ez da oso neurri eraginkorra, kontuan izanda Jordanian erregeak izendatzen duela Gobernua eta ez Parlamentuak.
Gauzak horrela, mundu arabiarreko herrialde gehienetako erakunde politikoek ez dutela populazioaren nahia islatzen esan genezake. Egoera honek okerrera egin du krisi ekonomikoarekin. Jordanian, adibidez, ogia eta erregaientzako dirulaguntzak zituen Gobernuak (halere, populazioaren zati handi bat pobreziaren mugaren azpitik bizitzera behartuta zegoen).
Krisi kapitalista globalak eragina izan du herrialde hauetan, dirulaguntza horiek murriztu edo kendu dituztelarik.Ondorioz, populazioa askatasun politikorik gabe eta txirotasunean bizitzera pairatzera behartu dute azkenaldian, elite politikoetako kideak izugarrizko aberastasunak pilatzen zituzten bitartean. Desberdintasuna areagotu egin da, beraz.
Horrez gain, bai Tunisian, bai Egipton bai Yemenen agintariek beraien semeak oinordeko bezala izendatu nahi izan dituztela. Hosni Mubarakek 80 urtetik gora ditu, Zine el-Abidine ben Alik 75etatik gora eta Ali Abdallah Saleh ere buelta horretan dago. Oinordekoak izan beharrekoak, orohar, beraien semeak dira eta botereak emandako samurtasunean bizi izan dira, Europan ikasiz (edo unibertsitateetara joanez, behintzat) eta luxuzko produktuak erosiz. Herritarren bizkarren gainean botatako beste irain bat.
Beste faktore bat ere kontuan izan behar da: herrialde hauetan populazioaren gehiengoa gaztea dela eta asko eta asko formatuak daudela. Txirotasunean bizitzera behartzen dituzten bitartean boterean inguruko entxufatuek luxuan murgilduta daudela ikusteak arrangura areagotu du.
Jakina, mendebaldeko inperialismoak (bai AEBak bai Europako Batasunak) estatu ustel hauek sostengatu (eta sostengatzen) ditu. AEBek beste estatuei dirulaguntzak banatzeko garaian Egipto zerrendako bigarrena da (Israelen atzetik). Tunisiak ere EBrekin akordio ekonomiko berezia du. Jordania ere Mendebaldearen aliatua da, kontuan izanik Israelekin muga duela eta palestinarrak zanpatzeko makinariaren zati dela. Aginte Palestinarra ere hemen kokatu genezake, Mendebaldekoen politikari amen esaten diotenen artean.
Adibidez, euskal herritar batek, Michele Alliot-Marie ministra frantsesak, Ben Aliri errepresioa bermatzeko tresnak eskeini zizkion duela pare bat aste, “demokrazia” ez dela lehentasun bat argi eta garbi frogatuz. Matxinaden ostean ere sostengu hau agerian gelditu da. Tunisian Estatu espainiarraren “transizioa” delakoaren jokaldia errepikatu nahi dute. Gauzak azalean aldatzea sakonean berdin gelditu ahal izateko. Herritarren sektore borrokalarienak jokaldi horretaz ohartu dira, baina matxinada desitxuratzeko arriskua bizirik dirau. Egipton ere egungo sistema mantendu nahi dute, horretarako Mubarak (Ben Ali bezala Tunisian) kendu behar badute ere. Intereconomia-ko tertuliano batek lotsarik gabe, baina oso argi utzi zuen: “Ezin dugu onartu demokrazia bat erradikalei irabazteko aukera zabalduz. AEB eta EBk ez dute inoiz benetako demokrazia bat onartuko Egipton”.
Islamismoaren mamua aipatzen da giza eskubideak errespetatzen ez duten sistemak sostengatzeko aitzakia bezala. Egia da ezkerreko ikuspegi batetik ikusita, islamismoak kritikatzeko elementu ugari dituela. Baina egia da ere mendebaldearen sostengua duten sistema ustel horiek ez dutela ezer egin populazioaren bizi baldintzak hobetzeko eta talde islamistek izugarrizko lana egin dutela estatuen gabeziak betetzeko osasun eta hezkuntza arloetan, adibidez. Mendebaldeak Irakeko inbasioa eta Palestinaren okupazio burutu duela ahantzi gabe. Laburbilduz, Mendebaldeak eta ustelek txirotasuna eta jazarpena eman diete eta islamistek laguntza. Ondorioz, ez da zaila ulertzea islamistek populazioaren artean duten sostengua. Jordanian eta Egipton, gainera, benetako oposizio nagusia izan dira azken urteotan. Bestalde, herritarren hitza errespetatzea aldarrikatzen denean (demokrazia), hartzen diren erabakiak ere errespetatu behar dira. Eta ez soilik gustokoak ditugunean.
Herrialde batetik bestera matxinada zein azkar hedatu den ulertu ahal izateko teknologia berriak izan duten papera aipatu behar da. Kontuan izan behar da Marokotik Irakera hizkuntza bera mintzatzen dutela, arabiera, eta estatu mordoa badago ere, arabiar izateak naziotasunaren antzeko zerbait suposatzen duela. Beraz, Internetek eskeintzen duen tresna oso eraginkorra da. Al-Jazeera edo Al-Arabiya gisako telebistak mobilizazioen berri eman dutela mundu arabiar osoan. Tunisian gertatukoa ikusi eta hemen zergatik ez galdetzera pausu laburra egon da, batez ere herrialde guztietan matxinadarako arrazoi objektiboak zeudenean. Ulergarria da, beraz, Mubarakek Internet berehala moztea eta Al-Jazeeraren lana oztopatzen saiatu izana.
[…] This post was mentioned on Twitter by zuzeu and Oier Aranzabal, martin. martin said: RT @zuzeu: Tunisia, Aljeria, Egipto, Jordania eta Yemen, nola zabaldu da hain azkar bolbora?: https://zuzeu.eus/?p=20977 […]
[…] Tunisia, Aljeria, Egipto, Jordania eta Yemen, nola zabaldu da hain azkar bolbora? […]
Tunisia eta Egiptoren ostean etorriko denez asko hitz egiten da, delako Domino Efektua eta abar. Argi dago jada Algerian, Yemenen eta Jordanian tensioak direla. Baina elemendu bat botatzen dut faltan analisi hauetan guztietan – Libia. zer gertatuko da Gadaffi iraultzaile izandakoa baina orain auzo-lotsa ematen duen despotarekin?