“Presidenteak” “diktadore” bilakatu direnekoa

“Presidenteak” “diktadore” bilakatu direnekoa  –

 Mohamed Bouazizik bere burua sutan erre zuen arte Ben Ali “presidenteak” negozio handiak zituen hala Europarekin, nola AEBekin. Bouaziziren atzetik tunisiarrak altxatzearekin batera, Ben Ali bilau autoritario, edo are diktadore bilakatu zen. Tunisia paradisu turistiko legez saltzen ziguten, Egipto bezalaxe, baina ez prentsak, ez Gobernuek, eta are gutxiago turismo gidek ez Egiptoz ez Tunisiaz ez zuten lerrorik baliatzen indarkeriaz edo giza eskubideen urraketaz mintzatzeko. Gaur arte.

Mubarak (82 urte eta hogeita hamapiku boterean) eta Ben Ali “presidenteek” indar militarraz baliatu ziren boterea hartzeko, hamarkadak zeramatzaten hauteskunde garbirik egin gabe, jazarpen polizialean oinarrituriko nagusikeria politiko eta komunikatiboa gauzatuz, baina ez ziren diktadore. Gaur arte.

Zergatik? Begi bistakoa denez, interes ekonomiko eta politikoak dituztelako EBk eta AEBek bai Tunisian eta Egipton eta baita Afrika arabiar osoan ere.

Afrikako iparraldea gas eta petrolio esportatzaile da, eta paradisu turistiko esplotagarria oraindik ere (bereziki Tunisia, Egipto eta Aljeria).

Eta gainera, eskulan-merkea eskaintzen dio Europari. Gazteak ondo prestatuak daude, eta Gobernu autoritario baten menpean, Europarekin negoziaturik, automobilgintzan, altzarigintzan eta teknologian lan egiten ari dira oso merke.

Zer eskatzen diete EBk eta AEBek Afrika iparraldeko “presidenteei”? Euren herrialdeetako mugimendu islamistak “kontrolpean” edukitzea. Biztanleen gehiengo oso nagusia musulmana da bai Tunisian eta baita Egiptn ere, baina Gobernuak ez dira Iranen, Iraken edo Pakistanen legez erlijioan oinarritzen. Ondorioz, gustura daude AEBak eta EB, eta negozioak egiten jarraituko dute herrialde horietako “presidenteekin”.

Orain bai, egoera okertzen denean, (hau da, herritar arruntentzat hobetzen denean) Mubarak eta Ben Ali, ia goizetik gauera, diktadore bilakatzen dira, eta euren Gobernuek giza eskubideak urratzen dituzte, jazarpen politikoa dago… Negozioetarako balio zietenean Mubarak eta Ben Ali “presidenteak” ziren, balio ez dietenean, “diktadore” bilakatu dira.

Mubarak eta Ben Ali "presidenteak"

Irudia | Mubarak eta Ben Ali “presidenteak” | ezezaguna | LGPL

Zer duzu buruan ““Presidenteak” “diktadore” bilakatu direnekoa”-ri buruz