Tipi-tapa Rith

Tipi tapa Rith

Tipi tapa Rith

Tipi-tapa Rigth. Arnas estuan ibili behar esaten dugu askotan hizkuntza gutxitua ahotan darabilgun hiztunek. Akaso, horregatik ospatzen dugu Korrika; bi urtez behin Euskal Herriko lurrak tipi-tapa zeharkatuz. Antzeko zerbait egiten dute gaeliko irlandarraren hiztunek. Rith (Korrika egin) deitzen diote eta martxoaren 4an abiatu zen. 1000 kilometrik gora egingo dituzte 11 egunez luzatuko den ekimenean: Cill Droichead-en hasi (Kildare) eta  Dublinen amaituko da.

Lander Arbelaitzen blogean irakurri nuen orain egun batzuk haren berri. Hemen egiten dugun modura zapata egokiak jantzi eta euren hizkuntzaren alde egin dute korri. Euskararen aldeko ekimenarekin alderatuta kilometro gutxi daramatzate oraindik, 2010ean jarri baitzen martxan, baina eurek ere egingo dute pixkanaka beraien bidea.

Gaelikoari atxikimendua eman eta Korrika ekonomikoki lagundu nahi duenak horretarako aukera du Rith-en webgunean, ziber-kilometroa erosiz.

Nahiko izerdi isuri beharko dute gaeliko hiztunek ere euren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko; ez baita kasualitatea hiztunak korrika jartzea euren aldarriak egiteko. Dena den, pauso txikiak emanda urrutira iristea posible dela sinistu beharrean gaude, bai gu eta baita haiek ere. Denok norabide berean korrika bagoaz azkarrago iritsiko gara helmugara.

Hemen ikusi dezakezue 2014ko bideoa:

Tipi tapa Rith