Arte hilkorra

Arte hilkorra

Landako lakua non dagoen kokatzen jakingo duzue gehienok. Barrundiako udalerria dauka aldamenean; gertuago Ozaeta auzoa, eta itsatsita Otatzako dorretxea, edo dorretxe ohia, Gebarako gotorlekuaren magalean. Bertan, Garaion taldearen bitartez, entzun nuen lehen aldiz “arte hilkorra” kontzeptua. Argi gera dadila ez dakidala tutik arteaz, bertan ikusi eta ikasi nuenaren bueltan pare bat zertzelada konpartitzea besterik ez da nire asmoa.

Eskulturek indar handia daukate gure jendartean. Adibidez, eta Eneko Bidegain irakasleak askotan azpimarratu izan duen bezala, Ipar Euskal Herriko plazetan. Zergatik daude “mourt pour la patrie” dioten monumentuak herrien erdiguneetan eta ez gudu-zelai urrunetan? Eguneroko joan-etorrian haiekin gurutzatu eta gorpuzten duten mezua jendearen metabolismoan txerta dadin, urte luzeetako presentziarekin.

arte hilkorraBaina badaude hilezkortasuna helburu bezala ez daukaten arte adierazpenak ere. Garaionekoak, adibidez, inguruan dauzkaten elementuaz baliatzen dira artea sortzeko, denborak eta naturak higatu eta desagerraraziko dituen materialekin, eta sorkuntza prozesu hori talde lanean eta kolektiboki aurrera eramanez. Antzeko oinarriak dauzkaten arte espresio mota ezberdinak garatu dira azken hamarkadetan barna.

Horietako bat da arte povera. 60. hamarkadan egin zen ezaguna Italian, eta bere sortzaileek “material pobreak” erabiltzen zituzten euren arte lanetarako, adarrak, hostoak edo harriak, kasu. Artearen komertzializazioa ekidin nahian, espazioa okupatu eta ikuslearen parte hartzea exijitzen dute. Garaionekoek berdina egiten dute, haientzat artea prozesu elkarreragilea baita. Hainbat talde lanekin sorkuntza egiten dutenean eztabaida eta feedback prozesu bat dago. Talde lanaren emaitza izango den arte pieza baino, talde lanak pieza hori egiteko jorratuko duen bidea bera da gakoa, sorkuntza posible egingo duen harreman amarauna; ez dago ikusle pasiborik, sortzaile aktiboak baizik.

Arte poverak mass mediaren ikono nagusiak kritikatzen zituen, eta italiar artista belaunaldi berri bat batere tradizionalak ez ziren materialekin hasi zen lanean, materialaren, obraren eta sorkuntza prozesuaren arteko harremanen inguruan hausnarketa estetiko sakona planteatuz.

arte hilkorraArte hilkorrarekin oso erlazionatua dagoen beste arte tendentzia bat Land Art izan da. Arte mota honek ere naturaren elementu ezberdinak erabiltzen ditu, baina kasu honetan kanpoan kokatzen dira obrak. Kanpoan egonda natura eta bere elementuen eraginpean geratzen da, eguraldiaren menpe; honek obra higatzen du, eta azkenean, desagerrarazi. Obra mugatua da arte hilkorra; bizitzaren antzera, munduaren gisan, heriotza bezala.

Landa Arteak (hau ia nire etxeko itzulpengintza da), gainera, paisaia eraldatzen du ikuspuntu artistikotik, ikusleari ahalik eta sentsazio gehien eraginez. Izakiaren eta munduaren arteko loturak irudikatzen saiatzen da. Aipatzekoa da Ana Mendieta kubatarra. Une oro ari zen argazkien bitartez, natura eta izakiaren arteko harremana nabarmenduz, bereziki emakumearen eta naturaren artekoa. Mendietak bere gorputza naturarekin funditzen zuen argazkietan, biak gauza bera izango bailiran bezala; naturaren eta emakumearen emankortasuna.

Artelanen iraupenari dagokionez, hala moduzko antzekotasunak ikusten ditut arte hilkorraren eta bertsogintzaren inguruan. Arte hilkorrak uneko lan taldea, uneko emozioak eta unean sortzen dituen bizipenen gorazarrea egiten du etengabe; hori bera sortu den artelan fisikoa baino gehiago baloratzen da. Bat-batekotasuna arte hilkorrada esentzia. Bertso bat entzuten ari garen bitartean, badakigu une bakarra eta errepikaezina dela, ez dugula berriro bertso hori entzungo (koadrilako plastaren bati bertsoa gustatu eta parrandan mozkortzen den aldiro belarrira oihukatzen badizu paradigma hau aldatu egiten da, noski). Horrek egiten du hain berezia bertso zehatz hori entzuten ari garen momentua. Etorri da, eztanda egin du, zerbait utzi du gugan eta desagertu da berriz ez itzultzeko. Berdina gertatzen da arte hilkorrarekin, bai sorkuntza prozesuan eta bai naturak amaierako lan hori higatu eta xurgatzen duenean; ez da berriro sorkuntza prozesu zehatz bera errepikatu, ez da berriro artelan berdinik egingo.

Hilezkortasun nahia oso errotuta dago gugan. Bizitza honetan egingo dugunak hurrengo belaunaldietan transzendentzia izatea nahi dugu. Hori naturala eta ia instintiboa dela ere esango nuke. Beharrezkoa ere iruditzen zait, ez nuke nahi inork pentsatzea garrantzia kentzen dietenik bestelako lanei. Amaiurreko monumentua edota Sartagudan dauden oroitarriak nirekin damartzat motxilan, eta bertan jarrai dezatela nahi dut, eta beste askok euren motxiletan jaso ditzatela ere bai; transzendentzia daukate eta transzenditu behar dute.

Baina beharbada arte lanez gain, oinordetza baliotsua utziko genuke sortzeko iniziatiba, bidea eta harreman dialektika ere landuko bagenu. Arte hilkorra lantzeko prozesuetan ikusi dudana umetan ikasi izan banu, ziurrenik askoz ere pertsona sortzaileagoa izango nintzateke.

Arte hilkorra

arte hilkorra, arte povera, artea, beñat, hach embarek, sorkuntza
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Arte hilkorra”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude