Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara?

Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara?

Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara? Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara? Hainbatetan sortzen den eztabaida izaten da euskaltzaleen artean euskalkiak bultzatu edo ezabatu egin behar diren. Batzuek, sutsuki aldarrikatzen dute nork bereari eutsi eta euskalkien aniztasunaren beharra, beste batzuek aldiz, batasunaren eta hizkuntza neutralago baten falta sumatzen dute, elkar hobeto ulertu eta euskaldun berriei ere lana errazteko.

Euskalkiak mantendu, erabili eta ezagutzearen aldekoen artean kokatzen naiz ni eta horregatik, pozarren hartu dut martxoaren 10ean Bilbon aurkeztuko duten Euskalkiak izeneko webgune berria. Euskalkiak ezagutzera ematea du helburu; baita euskalki horien sorlekuak, historian zehar garatu dituen literatura-euskalkiak eta 1964az geroztik egituratu den euskara batua ere.

Hitzetan, esapideetan eta esaera zaharretan ezin aberatsagoa den herria da gurea, eta horrelako tresna batek, elkarrenak ezagutu eta geurea erabiltzeko erraztasunak eman ditzake.

Koldo Zuazo, Oneka Alvarez, Xabier Eizagirre, Iñaki Iñarra, June Lauzirika eta Teresa Portugalek dira webgunearen sortzaileak eta gaur aurkeztuko dute 19:00etan Bizkaia Aretoko Oteiza auditorioan.

Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara?

9 pentsamendu “Euskalkien aldekoa edo aurkakoa zara?”-ri buruz

  • Euskalkiak gero eta homogeneoagoak izango dira, eremu desberdineko euskaldunen arteko kontaktua handiagoa delako, gainera hedabideetan euskara batua ez ezik beste euskalkiak erabiltzen dira. Arazoa zera da, bizi garen diglosia egoera honetan euskalkien arteko homogeneizazioa erdarak gidatzen duela eta beraz euskañola edo frantseuskara nagusitzen doaz, hainbat herrietan sortutako kreole hizkuntzen antzera. Askok euskara batuari dioten nazka ez dio batez ere euskarari lagunduko.

  • Zer da aldekoa izatea? Zer da kontrakoa izatea?
    Zergatik gauza kontrajarriak balira bezala aurkeztu?

    Polemika antzua da, eta jira eta buelta gabiltza etengabe kontu berari. Gurpila, ordez, aspaldi asmatua dago: euskalkia erregistro lokal eta hurbila da, eta euskara batua erregistro estandarra (hizkuntza guztiek dutena). Biek dute beren lekua; ez daude elkarren aurka. Bigarrena pobreagoa dela dioenak, euskararekin du arazoa, ez batuarekin. Edo aberastasunaren/pobretasunaren ikuspegi bitxia du. Mania ederra dago biak kontrakoak balira bezala erakusteko.

    Euskalkietan (euskaran, beraz) aberastasun ederra biltzen da, noski. Eta guztiz interesgarria da euskalkiak (euskara, beraz) hobeto ezagutzea. Txalo, beraz, goian aipatzen den ekimenari. Batua hobeto ezagutzea/erabiltzea oso interesgarria den bezalaxe (hau ahaztu egiten zaio, ostera, gehiegiri).
    Gainera, euskalkietan biltzen den altxor ia guztia har dezake (hartzen du) batuak barnean, funtsean aditz laguntzailean eta bestelako egitura morfosintaktiko batzuetan dauden aldaera batzuez aparte. Ez dira konpartimentu estankoak: aldaera formala beti eraikitzen/oinarritzen da aldaera dialektalen gainean.

    Non eta ez den hartzen “earra zitxion apaya” askoz aberatsagotzat “ederra zegoan afaria” baino. Nik ez dut ikuspegi hori inondik ere ulertzen, baina.

    Dena dela, horrelakoak gara, diskisizio antzu hauei bueltak emanez, eta bitartean… gure kaleetako umeak ergatiboa galtzen ari dira, “ardi bat” esan ordez “obeja bat” esango dute, eta “eros dezaket” esan ordez “ahal nais erosi/konpratu” esango dute.

    Eta hori bai dela arazo ikaragarria (edo, nahiago baduzue, “problema ikearriya”) euskalkientzat eta euskara batuarentzat (euskararentzat, azken batean).

    • Pat Garrett 2016-03-10 21:39

      Aupa. Guztiz ados zurekin. Kontutxo bat soilik esan duzun honi buruz: “euskalkia erregistro lokal eta hurbila da, eta euskara batua erregistro estandarra (hizkuntza guztiek dutena). Biek dute beren lekua”.

      Nire ustez gaur egungo euskaldunen parte handi batek (handienak?) ez dauka euskalkirik, eta beraz, erregistro lokalik.

      • Gilento Haurra 2016-03-12 09:48

        Barka, Pat. Baina ezin arras akort egon erran duzunarekin. Ene iduriko, ez dago euskalkirik gabeko euskaldunik, munduan ez baitago dialekto edo azenturik gabeko hiztunik. Euskara batua arau multzoa baino ez da. Zure euskalkia erdialdekoa da, ene euskalkia nafarra den artean. Hala ere biok euskara batua erabiltzen ari gara hemen.

  • “…baina EUSKARA BATUA hobeto…” idatzi nahi nuen, barkatu

  • Amonamantangorri 2016-03-10 22:24

    “Hainbatetan sortzen den eztabaida izaten da euskaltzaleen artean euskalkiak bultzatu edo ezabatu egin behar diren”.

    Hainbatetan? A bai? Hainbatetan? Ez dakit nork planteatu izango duen eztabaida termino horietan azken 40 urteetan…

  • Gaztelera batuak 1000 dialektu ditu,eztabaida ez du ez hanka ta ez bururik,ez dira aurkariak.

  • Peru Dulantz 2016-03-11 13:31

    Galdera hori modu horretan eta termino horietan planteatze hutsak hau pentsarazten dit berriro: pedagogia-behar ikaragarria dagoela herri honetan soziolinguistikaren arloan. Beti ari gara hizkuntzaz hitz egiten, eta, hala ere, harrigarria da jendeak gaiaz duen ezjakintasuna.

  • Euskara batua ere dialekto bat da, euskalki bat.
    Eztabaida antzua eta kaltegarria baino ez da.