Putin, Trump eta gu

Putin, Trump eta gu , Putin, Trump eta gu

Iván Szelényi soziologo hungariar-amerikar beteranoak lehengo urtean kaleratutako artikulu batean Europa ekialdeko estatu post-komunistek abiarazitako errotiko erreformetatik sortutako kapitalismo mota desberdinak aztertzen ditu. Bertan, Errusiak 2000. urteaz geroztik (Vladimir Putinek Boris Yeltsin ordezkatu zuenetik, alegia) martxan jarritako formula aztertzen du, motzean azaltzen saiatuko naizena.

Inoiz kapitalismoak beharrezko duen jatorrizko kapital akumulazio pribaturik izan gabeko estatu bat, ia bat-batean, oligarka aberatsez beteriko tokia bilakatu zen Errusia, komunismoaren gainbeheraren ondoren abiatutako pribatizazio bortitz eta ia erabatekoak abiarazi zirenean. Oligarka hauek botere eta aberastasun ziurra lortu zuten Yeltsinen eskutik, bere figura politikoaren babesle bilakatu zirelarik.

Putin, Trump eta guPutinek garaipena lortzean, ordea, jada ez zuen pribatizatzeko prest zegoen inongo baliabiderik, ezta, ondorioz, inoren babes politiko indartsua lortzeko biderik ere. Putinek ez zuen gustuko oligarken gehiegizko indarra, ezta beraien anbizio politikoa ere. Horrexegatik, egin zuena zera izan zen: hainbat aberastasun desjabetu eta beste enpresari batzuei eman, horrela haien fideltasuna lortzeko asmotan. Era honetan, jabetza ekonomikoa izateak egonkortasun eta ziurtasuna izatearen sinonimoa izateari utzi zion hein batean, botere politikoak zentraltasuna hartu eta botere ekonomikoa mendean izateko nahien ondorioz. Bai, Putinek botere exekutiboaren eskumenak handitu zituen, fiskal eta tribunalak aldatu eta, era berean, bere eskolakoak ez zirenei argi utzi zien berekin jai izango zutela, men egin ezean. Fideltasuna azaldu edo jai izango duzu, nolabait esatearren.

Hamarkada batean, Putinek oligarkak bere zerbitzura zeuden noble bilakatu zituen, beti ere, Szelényi soziologoaren arabera. Boterea zertxobait birzentralizatzeko (edo, behintzat, kontrolpean izateko) proiektua autoritarismoaz gain, abertzaletasunarekin eta balore kontserbadore eta atzerakoiekin hornitu zuen eta baita sekulako onarpen mailak ere lortu gisa horretan, duintasun nazionala berreskuratzen saiatu dela ulertuta.

Era berean, Europa ekialdeko hainbat estatutan gertatzen ari direnak putinismo light moduan izendatzen ditu soziologoak: nolabait botere politikoa neoliberalismoaren ezaugarri den botere ekonomikoaren zentralitatea mugatzeko saiakerak, kutsu atzerakoi eta kontserbadorez bustiak. Horrela deskribatzen du, adibidez, bere jaioterri Hungarian gertatzen ari dena.

.

Mendebaldeko ezkerra

Beste elementu bat ere sartu nahiko nuke garaiok ulertzeko osagaiak mahai gainean jartze aldera. Ez da ezer berria esango dudana, baina goazen mendebaldeko ezkerrak 60. hamarkadaz geroztik izandako bilakaera gogoratzera, laburki. 68ko maiatzaz geroztik (data bat jartzearren), indarra hartzen joan ziren aldarrikapen posmaterialista deitu izan diren horiek: kolektibo marginalizatuen eskubideen aldeko aldarriak, feminismoaren olatu berria(k), multikulturalitatea, marxismo kulturala, teoria kritikoa eta hori guztia, badakizue. Etorri ziren posmodernismoa, ekonomiaren finantzarizazio ia erabatekoa, neoliberalismoaren garaipen eztabaidaezina, Berlingo horma bota zuen, globalizazioa… Eta honek guztiak, ausartzen naiz esaten, nolabaiteko ezker garaikidearen haustura bat ekarri du: balizko ezker ortodoxo edo materialista baten eta beste ezker posmoderno eta balore aldetik aurrerakoi baten artekoa (uler bedi ezinbestean estereotipatzen ari naizela).

Tokian tokiko ezaugarriekin baina badago haustura kultural bat: badaude “komumatxoak” eta badaude feminista neoliberalak, erabakitze pertsonal soilean oinarritutako diskurtsoa dutenak, Ana de Miguel edo Nancy Fraser deskribatzeaz arduratu izan diren bezala. Bi karreradun zerbitzari ahoberoak eta oraindik ere geratzen diren lan industrial apurrak, esaterako, betetzen dituzten nagusiki gizonezkoak, establishmentaren kontrako hitzak ahotan dituztenak barraren ertzean. Badago urbaniten eta herri txikietakoen arteko muga eta baita Coldplay eta Bruce Springsteenen arteko hautu famatu hori (galde diezaiotela Brexitaren kontra egin zuten talde indie horiei guztiei, bestela). Badago horrelako zerbait.

Eta bitartean zer? Bitartean Trump. Apokalipsia txio eta telebista bidez emana. Galde diezaiogun geure buruari zergatik jasotzen duen halako egurra komunikabideengandik, inoiz inork jaso duena baina gehiago esaten ausartzen naiz.  Bai, ahobero arrazista, misogino, nazkagarri bat da. Ados. Eta zer? Bush gerra absurdo batean sartu gintuen ergela zen, Aznar entzuteak auzo-lotsa sortzen du askotan, zer esan Reagan edo Berlusconiri buruz. Egia da segur aski inork gutxik eman duela hainbeste arrazoi halako kritikak jasotzeko, baina badago zerbait gehiago honen guztiaren atzean, ezinbestean.

Komunikabideak leporaino zorpetuta daude gaur egun, bankuek erreskatatu dituzte eta sektore finanzieroaren eskutan daude, botere ekonomiko finantziero globalizatuaren esku, alegia. Trump kapitalista peto petoa da, bai, baina badirudi zelai neoliberalari ateak jarri nahi dizkiola, ez dakigu Szelényik deskribatzen duen prozesuaren antzeko plan bat abiatu nahian edota sektore produktiboak babestu eta babesa sektore horietan bilatzeko asmo erreal gisa. Badirudi botere politikoa ekonomikoaren gainetik jarri nahi duela, pixka bat bada ere, hori dio behintzat eta horrexegatik bozkatu dute askok (baliteke kapitalismoa beraren onerako izatea gainera, bere buruarengandik berriz salbatu eta eztanda egin ez dezan). Agian, eta soilik agian, horrek ere badu zerikusirik jasotzen duen egurra ulertzeko. Ia Putinek bezainbeste.

Putin, Trump eta guPutin eta Trump lagunak omen dira, txanpon beraren bi aldeak edo. Historiaren amaierak sortutako bi deabru. Botere ekonomikoaren boterea mugatu nahi omen dute biek ala biek, gainera. Horrek ez ditu ezkertiar egiten, hori edozer delarik ere, ezta antikapitalista ere, ezta gutxiago ere. Baina ezkertiarrok omen garenok helburu hori ere defendatu beharko genuke eta guk egin ezean, beraiek antzeztuko dute. Ez ahaztu nork bozkatu zuen Trump, ez ahaztu Estatu Batuetako Rust Belt iada famatua, ez ahaztu zein auzoetan gailentzen den Marine Le Pen Frantzian. Mugak jarri nahi omen dituzte eta hori egin nahi dutenek diskurtso erreakzionario, atzerakoi eta proto (edo post) faxista dute ahoan.

Ekonomia global finantzarizatu eta mugarik gabea nahi dutenek berriz, aldarri onargarriagoak dituzte, itxurosoagoak dira, eleganteagoak, feministak, arrazismoaren kontrakoak: ikus Obama eta Hillary, ezin argiago geure aurrean globalismo progrearen adierazleak. Trump aldiz antisistema da, ez hainbeste elite ekonomikoen kontra joateagatik, ezker posmodernoak ezarritako oinarri kulturalak ezbaian jartzen dituelako baizik. Aldarri indentitario eta materialisten arteko eskizofreniak.

Feminismoak, bere horretan, ekonomia kapitalistaren oinarriak zalantzan jartzen dituela esan ahal dit norbaitek, baita arraza kontuek ere, Pantera Beltzek garaiak egin moduan. Ez dela benetako feminismoa Hillaryrena, ezta benetako berdintasun arraziala Obaman islatzen dena. Eta ni ados egon naiteke baina argudio berdina erabil daiteke Komunismoa eta Sobietar Batasunari buruz hitz egitean eta ezin uka esperientzia hark komunismoaren ideiaren beraren biziraupena ezbaian jarri zuenik.  Kontzientzia sozialik gabe eta kolektiboa erdigunean jarri gabe, neoliberalek ez dute inongo arazorik zenbait diskurtso bere egiteko, jada hegemoniko eta politikoki egoki ere bilakatu baitira.

Kritika posmaterialista soila ez da nahikoa, are gehiago, horretara mugatuz gero elite kulturalen kezka burgestzat har ditzakete batzuek, establishmentaren lengoaia snoba besterik ez. Kontrakoa esan genezake sozialismo klasiko edo ortodoxoarekin: ezinbestekoa da kritika materialista bat, inoiz baina beharrezkoagoa segur aski, baina diskurtso erreakzionario batez ornituz gero, azken hamarkadetako ondasun intelektual guztia pikutara bota dezakegu, ondorio aurreikusiezinekin. Nahitaezkoa da refugees welcome aldarrikatzea eta kolektibo desberdinen eskubideen alde borrokatzea ere bai, dudarik ez. Hare gehiago, noizbait ekologia erdigunean ere sartzen ere saiatu beharko genuke, dena lotu dezakeena ere izan baitaiteke.

Finean, diskurtso koherente eta oso bat behar dugu, eliteen kontrakoa eta integratzailea, inpugnatu eta proposatuko duena.  Jendea haserre dago, bai, baina beldur ere bada. Garai ilunak datoz eta lana badugu, erruz gainera.

Putin, Trump eta gu
Putin, Trump eta gu Putin, Trump eta gu Putin, Trump eta gu Putin, Trump eta gu
Errusia, Ezkerra, Mundua, Putin, trump, Trump eta gu
Jon Urzelai

Gertutik begiratzeko betaurrekoak jartzen ditudanekoak

17 pentsamendu “Putin, Trump eta gu”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2017-01-20 13:06

    Oso interesgarria. Neronek intituiboki buruan neuzkan gai eta zalantza asko islatuta ikusi ditut lerro hauetan. Eskerrik asko.

  • Sekula Zuzeun irakurririko artikulu borobilena, nahiz eta punturen batekin guztiz ados ez izan.

  • Falta botatzen dut nola ez den aipatzen Errusia, europan mailan, sozio baten bila dabila. Europak izorratu duen prozesua Ukraina mailan Errusiari ikusi ez gero, hauek gustokoa erantzungo lukete europa mailan, europa barne barnean. Eta han gu eta katalanak gaude baina, beti bezala, ez gara enteratzen. Beste asuntutxo bat, Putin-eri galdetu zioten, errusiar estrategeek, 1999an uste dut, ea nahi bazuen errusiaren lidergoa hartzea. Hotel batean izan zen bilera hori, eta non?… Miarritzen! Baietz esan zuen.
    Errusiarrak gure posible aliatuak?
    http://hamabost.net/categorias/noticias-flash/aliados-a-la-vista/
    http://www.elconfidencial.com/mundo/2016-09-07/moscu-corteja-independentistas-catalanes-vascos-otros_1256155/?utm_campaign=BotoneraWebapp&utm_source=facebook&utm_medium=social

    • Jon Urzelai
      Jon Urzelai 2017-01-23 12:39

      Interesgarria da diozuna, Errusiak halako jarrera izan baitu eta baita mugimendu ultraeskuindarrekin ere. Baina esan beharra dago Errusiaren eskuartze internazionalez eta inperialismoaz hitz egiterakoan analisiak ez direla oso erralistak izaten eta propaganda asko ere sartzen dela. Adibiez, gogoan dut nola Greziako erreferendumaren garaian, Grezia Europar Batasunetik eta eurotik irten eta babesa bere “anaia kristau ortodoxoan” bilatzeko aukera aipatzen zen, baina Tsiprasek Moskura bidaiatu zuen arren, ez zen halakorik gertatu. Berdin Ukrainan, Errusiaren papera mendebaldearen eskuartzeari erreakzionatzea izan da, konparatiboki epel gainera, ez inolako hartz haserretu moduan. Serbian ere, segurasko 90 hamarkadan askok Errusiaren babesa esperu zuten gerrak gertatu zirenean baina ez zen halako babes esplizitu eta nabarmenik eman.

    • Putin gure aliatua???
      Ez dut uste Marine Le Penek -bere lagun min-min eta bene-benetako aliatua- utziko zionik.

      • Draza Mihailovitx 2017-01-25 10:01

        Putin gure aliatua ez, ziur aski Euskal Herriak bost axola dio (Euskal Herria ez baita munduaren zilborra, guk askotan hori uste arren).

        Euskal Herritik ateraz, Munduko geopolitikan antiinperialismoaren aldeko jarrerak izan dituela garbi dago.

        Marine Le Pen? Baina zuk uste duzu Putin Le Penen esanetara dagoela?

  • Draza Mihailovitx 2017-01-24 01:24

    Kaixo Jon Urzelai:

    Oso testu ona iruditzen zait, bazen garaia Euskal Herrian halako zerbait irakurtzeko!! Dogma postmaterialistak atzean uzteko benetako saiakera egin duzu, egun otandua dagoen ezker “antisistema” sistemikoaren ideologiatik ateraz.

    Bi ñabardura:

    a) Momentu batean, Putinek Errusian duen herri-babesaz diozu “duintasun nazionala berreskuratu” duelako. Hau bada faktore bat (eta bestetik mundu-orekarentzat ez da txarra izan, multipolarismoa baitakar), baina beste faktore bat ere kontuan hartu beharra dago, hain zuzen ere nazionalizazioekin bat: Errusiako populazioaren bizi-baldintzek hobera egin dute nabarmen. Bataz besteko errusiar batekin hitz eign besterik ez dago. Ezin dugu errusiarren kezkak “duintasun nazionalera” mugatu, horrea errusiarrak bere “Nazioaren handitasunaz” soilik kezkatuta dauden nazionalista handi-mandi bezala jarriko lituzkeelako, beste kezkarik ez balute bezala. Errusiarrak gu bezalako pertsonak dira, eta kezka sozialak ere badituzte.

    b) Hau ez dut oso ondo ulertzen. “Ez dela benetako feminismoa Hillaryrena, ezta benetako berdintasun arraziala Obaman islatzen dena. Eta ni ados egon naiteke baina argudio berdina erabil daiteke Komunismoa eta Sobietar Batasunari buruz hitz egitean eta ezin uka esperientzia hark komunismoaren ideiaren beraren biziraupena ezbaian jarri zuenik”. Azalduko edo garatuko?

    Eskerrik asko.

    • Jon Urzelai
      Jon Urzelai 2017-01-24 17:43

      Aupa Draza. Eskerrik asko lehenbizi, saiatu naiz zuribeltzetatik, estereotipoetatik eta sinplifikazioatetaik ihes egiten, hori zen asmoa behintzat. Diozunari helduz:

      a) Egia esan ez dut daturik diozunari kontra egiteko baina imajinatzen dut hala izango dela. Sinetsidazu errusiarrak pertsona tridimensional moduan imajinatu nahi ditudala eta eslabofobietatik ihes egiten saiatzen naizela, baina hori bai, ez errusiarrak direlako, ohore nazionalaren kontua ez da inongo broma inongo estaturentzat. Noski, denbora baterako besterik ez, jan kontuak datozenean beste kontu bat da.

      b) Ez dakit hitzak aukeratzen asmatu nuen testua idazterakoan, sentsazioa dut ideia batzuk ez direla guztiz ulertu edo ez nuela beharrezko enfasirik jarri… Dena dela, zuk nabarmentzen duzun zatian zera esan nahi dut: ziur egongo da nirekin euskal militante feminista oro, Hillary erreferente gisa ez hartzerako orduan. Baina era berean, kontra egin gabe, Hillaryri uzten bazaio feminismoaren “abangoardia” edo erreferente mediatiko izaten, horixe bilakatuko da jende askorentzat eta feminismoak berak duen mamia kolokan jartzeko arriskua legoke. Hau da, “feminismoa” kontzeptua bera borrokatu beharra dagola iruditzen zait, batzuek hustu eta erabili ez dezaten. Hori, noski, kide feministei utziko diet, nik ia ahoa gehiegi zabaldu baitut dagoeneko. Baina hori litzateke ideia. Sobietar Batasunarekin eta komunismoarekin egiten dudan konparazioa agian (seguru) ez da onena baina “ezkerraren bi bandoen” arteko konparaketa egin eta nola komunismoaren ideia bera esperientzia horren arabera epaitzera jotzen dugun gogoratzeko zen. Nolabait feminismoari gertatu ahal zaion berbera (espero ezetz). Ez dakit esplikatu naizen

      • Draza Mihailovitx 2017-01-25 10:07

        Kaixo berri Urzelai:

        A puntua argitua beraz. Be puntuarekin oraindik zalantza txiki bat dut:

        Jakina faminista guztiak ez direla Clintonekin identifikatzen (halere, gurean askok Clintonen aldeko kanpaina egin dute). Baina adibide edo paralelismo hori jarriz, hau da, kausa noblea (feminismoa) eta “ordezkari petrala” (clinton) disoziatzen saiatuz,e ta gero hori bera sozialismoa-SESB erlazioarekin erkatuz… esan nahi al duzu SESB izan zela sozialismoa zen kausa noblearen ordezkari petrala?

        Hala bada, ez nago zurekin ados (puntu honetan).

        Zorionak berriz ere idatzitako artikuluarengatik.

        • Jon Urzelai
          Jon Urzelai 2017-01-25 17:59

          Aupa berriz

          Pixka bat tranpa egingo dut eta zure galdera zeharka erantzungo dut: nik uste gaur egun ea SESB “ordekari petrala” izan zen edo ez eztabaidatzea baino, marxismoaren biziberritze baterako esperientzia hori aldarrikatzea zenbateraino erabilgarria den da interesatzen zaidana kontestu honetan. Lehenengo eztabaida gutxi batzuei interesatzen zaigu (nahiz eta beharrezkoa izan) eta bigarrenak, berriz, porrot historiko bortitz baten ondoren, kontrako kontsentsu kultural oso zabala du, ia terminoa eta ideia akabatzerainokoa

  • Politikan ez daude lagun min-minik. Frantziako FN-koak inteligente izan dira zentsu hortan eta Errusiari babesa eman diote Ukrainako konfliktoan, eta handik aurrera Errusiaren laguntza osoa lortu dute baita instituzional mailan eta baita ere finantziazioaren arloan, diruaren iturria zabal irekita. FN-ek azkar ikusi zuen jokaldia, eta gu, bitartean, Frantzia eta Espainaren instituzioetan parte hartzen eta ondo akomodatuak okupanteen sistema barnean.

  • Beste gauza bat, Putinek nahiago du Estatu berri bat bere orbitan izatea mendebaldeko europan partido politiko bat baino.

  • Aupa Urze:

    Gaur, elkarrizketa hau irakurtzean(http://www.berria.eus/paperekoa/1847/016/001/2017-02-17/pentsamoldeak_ekintzarik_gabe_pentsamolde_hutsak_dira.htm
    ) zuk idatzitakoaz oroitu naiz eta iruzkintzera animatu naiz beingoz.

    Zorionakak lehenik, bai artikulo eta bai sariagatik. Artikuloan gako garrantzitsu asko ematen dituzu, hala ere, oaindik mami gehiago ateratzea somatu dut faltan. Mendebaldeko ezkerrak langile klasearen arazoen konponbideekin identifikatzeko duen gaitasun eza sakontzea gehien bat.

    • Jon Urzelai
      Jon Urzelai 2017-02-18 13:32

      Aupa Azkonar! Eta eskerrik asko!

      Atzo irakurri nuen elkarrizketa hori eta interesgarria iruditu zitzaidan, bai. Ez daukat dudarik mami gehiago atera daitekeela, artikulu bat besterik ez baita hau eta aztertu beharrekoa kontu zabal eta korapilotsua, beraz, denon artean gako horiek guztiak azalera ditzagun! Diozunarekin ados nago, berez, eta seguraski artikuluak baditu gabeziak horretan, zaila izaten da eta askotan dena argi zehazten.

      Dena dela, dakartzun elkarrizketa horretan behingoagatik Sorosen kontua konplexurik gabe eta estereotipoetan erori gabe azaltzen dela ere azpimarratu nahiko nuke. Nik uste polarizazio sinplistetan erori garela kontu horrekin: edo dena da Soros edo aitzakia bat besterik ez da Soros. Ba aizue, ez bata ez bestea, baina azter dezagun serioski fenomeno hori! Eta nik uste elkarrizketatuak nahiko ongi azaltzen duela kontua.

      Eta azkenik, zure iruzkina probestuz, esango nukeena zera da, batzuetan gauzak sinpleki azaldu ahal baitira: ezkerrak ez du proiekturik. Globalizazio liberalak porrot egin du eta kapitalismoaren barnean badago egitasmo konserbadore bat horri erantzungo diona, plan eta estrategia konkretu batekin. Ezkerrak aldiz, ez du erantzunik. Zer nahi dugu? Globalismoaren baloreak mantendu, baina eknomia globalari mugak jarri? Ados gaude horretan ala ez? Nola egingo dugu? Zein da plana? Kapitalismoaren kontra gaude ala ez? Baloreetan soilik zentratuz ez diogu horri erantzuten. Zein da gure plan ekonomikoa? Diozun bezala, langile xumeei erantzun bat ematen ari den bakarra, erradikala den bakarra, ultraeskuina da eta hori da kontu honen guztiaren funtsa.

  • Artikulu interesgarria benetan, halare nik ez nago ados gauz batekin.
    Eskuinari ez diot plan berezirik ikusten benetako ezkerrarekin alderatuz (herriarentzako diot), ikusten dut baliabide alde izugarriak benetako ezkerra ta eskuinaren artean, azken finean ezker bezala hartzen diren askok eskuma bezala jarduten bait dute, ta benetako ezkertiarrak, bai talde politikoak, asoziazioak…. ez dute ia ahalmenik.
    baliabide hoiekin denboran zehar ere jendea modu batez bizitza ikus dezan ahalbidetu die.

    Espainian adibidez, badago ezker bat ehundaka mila lanpostu nola sortu behar diren diona,baita EHn ta Katalunian ere ta denbora gutxian, badago ezker bat zerga justuagoak pagarazi nahi dizkionak aberatsei bilketa fiskala 150 mila milioietan haundituz, badago ezker bat soldata duinak eskatzen dituena, baina ez eskatzeagatik, posible ta bidezkoa delako baizik.

    Espainia krisia hasi baino lehen, EBko herrialdeak kontuan hartuz gehien hasi direnen artean zegoen, soldatak aldiz, gutxien hasi direnen artean.
    Produktibitatearekin berdin, Japonia ta Britaina baino produktiboagoak baina soldatak askoz txikiagoak.

    Baina ze ezkerrak eskatzen du hori? Ba edo Ahal dugu, edo CUP, Bildu, asoziazio batzuk…bakoitzak bere nabardurekin.
    Baina hauen ahalmena, kontrolatzen dituzten medioak…. hutsaren hurrengoa dira besteek kontrolatzen dutenak kontuan hartuta.

    Gauza da, ezkerrak fiskalitatean aldaketak egin behar direla dionean, zerga justuagoak ordainaraziz, aberatsenei boterea kenduz…. Eskumako medioen publizitatea guztiz kontrakoa diola, ta hoiek dira telebista, irrati, aldizkarien… jabeak.

    Hemen irrati, aldizkarien %90a 4 artean kontrolatzen dituzte.

    Errazagoa da zure aldera jendea jartzea ondasunak oparituz (Putinek egin omen duen bezala) gero zure alde egin dezaten, inori ezer ez oparitzea baino ta enpresa, diru ta botere hori herriaren artean banatzea baino. Hor jada aberatsak ziren hoiek ta aberatsago izan nahi dutenak arerio izango dituzu ta denobra gutxian egin ahal dizkizuten mina izugarria da.

    Zergatik irabazi du hemen PPk egin dituenak egin ta gero? Plan bat duelako? Zein? Egin duen guztia herriarentzako txarra izan da.
    Bai lanean, fiskalitatean eskubideetan, bankuei dirua oparituz, mozal legea…. Ta jendeak bozkatzen ditu, beraien planarengatik edo kontrolatzen dituzten ikus entzunezkoengatik best gauz batzuen artean? Nik bigarena errango nuke beste gauz batzuen artean, adibidez Frankismoak ere berea egin zuen daukagun gizartea eraikitzen.
    Ze ez dut uste kasualitatea danik, gaizkien dauden herriek eskumako diktadura izan dutela azkeneko hamarkadetan duela gutxi arte, Grezia, Portugal ,Espainia

    Espainiaren produktibitatea Italia, Nueva Zelanda ta Japiniarena baino haundiagoa baina soldatak… http://www.vnavarro.org/?p=5560

    http://www.vnavarro.org/?p=4022&lang=CA
    http://www.vnavarro.org/?p=3839
    http://www.vnavarro.org/?p=12778
    http://www.elboletin.com/economia/124264/vicenc-navarro-podemos-ricos-suecia-150000.html
    http://www.vnavarro.org/?p=3839
    http://www.vnavarro.org/?p=11771
    http://www.vnavarro.org/?p=7775&lang=CA

  • Inn Luzuriaga
    Inn Luzuriaga 2017-03-02 16:48

    Berandu heldu, eta irakurri… Besteek bezala ere, zorionak zurentzat Jon artikuluarengatik. Ohiko parametroetatik atera duzu eztabaida, eta asko balio du nire ustez. Azken berrehun urteetako boterearen dialektikaren maratila ukitu duzu.
    Botere politiko subiranista (errepublikanoa edo kontserbadorea) eta, beste aldean, metaketa finantzarioko elite ekonomikoen boterea, ideietan liberalagoa eta ohiturazko gizarte arauak (bere alde) haustearen zalea.

    Indar horiek elkarren kontra lehiatu ziren Estatu Batuetan XIX. mende hasieran, Bankuaren gerran (1832-1837). Alde batean, Andrew Jackson errepublikazale kontserbadorea (“demokrata”), botere politikoaren aldekoa, jatorriz parlamentuzalea eta egitura konferalaren zalea, baina aldi berean pragmatikoa, autoritarioa, militarra, etnozentrista (Venezuelako Chavez, Correa, ildo beretik, baina ezkerreko joera argiaz).

    Bestetik, Biddle, botere zentralaren (“federalaren”), Banku zentralaren aldekoa, industrialari eta nazioarteko finantza gizon handien laguna. Ordu hartan, Jacksonek (“astapotroak”, the jackass) irabazi zuen borroka latz hori, baina dialektika ez zen hor eten.

  • Inn Luzuriaga
    Inn Luzuriaga 2017-03-02 16:49

    Chavez eta Correa ez dauzkat bereziki .etnozentristatzat noski

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude