Sautrela 457: Mikel Hernandez Abaitua, Duvrabka Ugresic eta Hankaz gora du amak mundua

Sautrela 457: Mikel Hernandez Abaitua, Duvrabka Ugresic eta Hankaz gora du amak mundua

2017an zenbait nobedade izango ditugu Sautrelan. Saioaren egitura berbera izango bada ere, amaiera aldera aldaketatxo batzuk egingo ditugu. Azkeneko kolaboratzailearen tartean lau lagun izango ditugu, astero aldatzen joango direnak eta, honenbestez, hilean behin parte hartuko dutenak. Lehenik, jakina, gure Juan Luis Zabala tartearen beteranoa izango dugu, orain arte bezala iraganeko obrak berreskuratu eta komentatuko dituena. Horretaz gain, zinema eta literatura, antzerkia eta haur eta gazte literaturari buruzko tarteak izango ditugu. Azken honetarako Asun Agiriano gonbidatuko dugu hilero, eta huraxe izango dugu larunbat honetako programan. Hankaz gora du amak mundua liburuaz mintzatuko zaigu oraingoan. Dani Martirena eta Ana IbaƱez-en lehen lana dugu, eta liburuaren dohainak aletuko dizkigu. Horretaz gain, astero-astero, Baionako Elkar, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-dendetako gomendioekin amaituko dugu saioa.

Sautrela 457: Mikel Hernandez Abaitua, Duvrabka Ugresic eta Hankaz gora du amak munduaAste honetan, ordea, saioko elkarrizketa nagusia Mikel Hernandez Abaituarekin izango dugu. Airearen isla nobela argitaratu zuen joan den urtearen amaieran eta hartaz mintzatuko gara. Gure literaturako beteranoetako bat da Abaitua, eta gogo biziz jaso dugu liburu berriaren argitalpena. Izan ere, hamabost urte ziren nobelarik publikatzen ez zuena. Maitasun istorio bat kontatzen du Airearen islak, tartean iruzur literario baten berri ematen dela.

Erreportajean, bestetik, Dubravka Ugresic idazle kroaziarra izango dugu hizpide. Donostia 2016ren baitako Korrespondentziak programan parte hartu berri du, Harkaitz Canorekin izan duen eskutitz truke batekin. Erein argitaletxeak argitaratu du eskutitz sorta hori, eta horretan oinarriturik, Balkanetako egungo idazle garrantzitsuenetako baten soslaia emango dugu. Horretarako Canoren beraren eta Juanjo Olasagarreren esanak izango ditugu gidari.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Saioa osorik ikusteko klikatu hemen

Sautrela 457 Sautrela 457 Mikel Hernandez