Kritika Zinematografikoa: “Mamífera”

Kritika Zinematografikoa: “Mamífera” –
Kritika Zinematografikoa: "Mamífera"

Zuzendaria: Liliana Torres
Urtea: 2024
Herrialdea: Katalunia

Kritika Zinematografikoa: "Mamífera"-Hautu eta erabakiez-

Ikusi dugu amatasuna pantaila handian, bere ederrenean eta konplexutasunean. Bere ertz eta angelu (ia) guztietan, eta sarriegi ikuspegi erromantizatuenean ere. Eta alegiazko ikuspuntu (ia) horiek guztiak gorabehera, maizegi gizarte-arauak eta estereotipoak ikusezin bilakatutako hautu bat genuen faltan: ama ez direnena. Ama izan nahi ez dutenena. Haurdunaldia etetea erabakitzen dutenena.

Eta orduan, Mamíferas. Liliana Torres zuzendariak gizartearen eskakizunei men ez egitea erabakitzen duten emakumeen eskubidezko hautuari heldu dio bere azken filmean: Lola protagonistak irakasle postua lortu du begiko zuen unibertsitatean; lan-egonkortasuna iritsi da, eta horrek, Bruno bikotekidearekin batera, bizitza antolatuagoa izatea ahalbidetuko dio. Dena ondo badoa, agian etxebizitza handiago batera ere alda daitezke.

Ilusioz bizi du oraina, ustekabeko haurdunaldi batek bere plan guztiak iraultzen dituen arte. Nahiz eta betidanik argi izan duen amatasuna ez dela bere nahia, gizartearen presioak zalantza eragingo dio, eta bere baitako beldurrak harrotu ere. Abortu klinikaren hitzordua iritsi arte igaroko diren egunetan (abortuaren legea aldatu aurretik nahitaez itxaron beharreko hausnarketa-egunak), protagonistak bere burua definitu beharko du, kanpo begietara baleko ez den hautuari eusteko. Bide horretan, lagunengana eta familiarengana hurbilduko da, erabakia berresten lagunduko dion iritzi bila. Brunok, bere partetik, ez du inoiz bere burua guraso paperean irudikatu… orain arte.

Emaitza pieza zinematografiko xume bat da, erritmo arin eta apalekoa, kostunbrista bezain ederra bere eszenaratzean, eta militantea bere diskurtso eta bilaketan. Torresek tonu justu eta orekatua baliatu du eztabaidaezina dirudien premisa horri eusteko eta, Maria Rodríguez Soto protagonistaren interpretazio bikainari esker,  sentimendu eta emozioen bidaia batean murgildu eta zalantzarako gonbita luzatu digu.

Halabeharrez gogoratuko gara Los días que vendrán (2019) filmarekin -María Rodríguez Soto protagonista goratu zuen proposamen ederrarekin-, non bikote gisara bizitzen ikasteko denborarik izan gabe, hiru izaten ikasteko prozesuan murgiltzen den bikotearen zertzeladak aurkeztu zituen Carlos Marques zuzendariak. Bada, esan genezake Rodriguez Sotok bere antzezlan sarituena izandakoaren aldaera bat gorpuzten duela oraingoan, egoera intimo bat humanizatuz berriro ere, isildua eta estigmatizatua izanagatik, errealitate ohikoa ere badena.

Amatasuna sakralizatzea, sen gisa definitzea, ama perfektuen ezinezko erreferenteak sortzea eta abortatzeko eskubidea debekatzea, gaitzestea, patriarkatuaren zapalkuntza-estrategia atzerakoiak dira. Horien aurrean, ongi etorriak, noski, arauaren zurrun hori arrakalatzen duten diskurtso eta erreferente berriak.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Mamífera"

Kritika Zinematografikoa: “Mamífera”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude