Arte[faktua] 229: Alonsoren Lanbas eta Montalbanen Carvalho elkarrekin ‘Carvalho Euskadin’ eleberrian

Arte[faktua] 29: Alonsoren Lanbas eta Montalbanen Carvalho – 

Enekoitz Ramirez ‘Lanbas’ eta Pepe Carvalho detektibeak izango dira aste honetako ‘Artefaktua’ saioko protagonista nagusiak. Biak dira Jon Alonsok idatzi duen Carvalho Euskadin (Susa) eleberriko protagonistak. Alonsok sortutako ‘Lanbas’ pertsonaia aski ezaguna da euskal irakurleen artean. Izan ere, 1995ean hasitako trilogiaren protagonista nagusia da. Detektibea baino gehiago iturgina dirudi, estoldetan sartuta ibiltzen baita. Alonsok itxiera eman dio trilogiari aipatu liburuarekin. Izenburuak dioen bezala, Vazquez Montalbanen Carvalho detektibea da beste protagonistetako bat, eta alde horretatik omenaldia egin nahi izan dio Alonsok idazle katalanari.

2016. urtean kokatu du idazleak kontakizuna, Iruñean, gobernu aldaketa baten ondorioz agintea hartzen dutenak kultur ekitaldi handi bat antolatzekotan daudenean. Ekitaldian, zalaparta handiz aurkeztu nahi dute Vazquez Montalban zenaren eleberri ezezagun bat, jatorriz gaztelaniaz idatzia dagoena. Gauzak nahasten joango dira, eleberria desagertu egiten delako, eta orduan sartuko da Lanbas pertsonaia eszenan. Horretaz guztiaz hitz egiteko Getariako Aroa Kosta nekazaritza kooperatiban elkartuko da Ilaski Serrano aurkezlea Jon Alonso idazlearekin.

Solasaldira, Gorka Arrese editorea gonbidatu du Alonsok. Arrese Susa argitaletxeko editore izandakoa da urte luzez, baita Alonsoren zenbait lanena ere, Carvalho Euskadin eleberria barne. Arresek kontatuko digu, besteak beste, nola lortu zuen Vazquez Montalbanen detektibea erabiltzeko baimena.

Xabier Etxaniz Rojo idazleak nor den azalduko digu, baita zeintzuk diren gehien maite dituen hitzak besteak beste.

Javier Zabaleta oriotarrak Stefan Zweig idazleren Gizadiaren oren gorenak (Katakrak) liburuaz duen iritzia eskainiko digu.

Horretaz gain, Sakanako Anitz Anda Ondarra gazteak Ibon Martinen Onin eta bidaia miragarria liburua gomendatuko digu berak egindako booktubearen bidez.

Hori guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, eguerdiko 12:50ean, ETB1en.

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 228: Lide Hernandoren ‘Izotz ura’, musika eta adiskidetasunari buruzko eleberria

Arte[faktua] 29: Alonsoren Lanbas eta Montalbanen Carvalho elkarrekin ‘Carvalho Euskadin’ eleberrian

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude