Publizitate(-ez)a

Publizitate(-ez)a

Mezu publizitarioak pertsuasiboa behar du. Gure aita erretorikoek aski ondo zekiten hori Kristo aurretik duela 300 urte pasatxo, Sizilian lursailak norenak ziren konbentzitzeko ika-mikatan. Hori ez zen publizitatea, baina bai pertsuasioa bere horretan lantzen lagunduko zizkiguten uztarpenak, urteak geroago Aristotelesen Erretorika bezalako maisu-lanekin etorriak.

Ika-mikak gora-behera, erretorikoek zera demostratu zuten: gutxienez, ahozkotasuna eta hizkuntza arras ondo menperatu behar direla inor konbentzitzen hasteko. Hala ez bada, hobe da karentziak sikiera beste adierazle batzuekin estaltzea, erakargarri suertatzearren edo. Kristoren ondorengo 2000 urteren bueltan, zenbait euskal-erdal komunikatzailei ahaztu zaie Erretorika.

Publizitate(-ez)a

Nik neuk duela astebete aterarako hizkuntza-akatze honen argazkiaren bidez, bi gauza demostratu nahiko nituzke: batetik, euskara legeztatu eta 35 urte ondoren, mezu publizitarioak gaztelera hutsean pentsatzen jarraitzen direla, gerora euskarara edozein modutan pasatzeko, lau katuk irakurriko dutelakoan (eraginkorra ote lau katu xede-taldean kontsideratzea?). Bestetik, euskararen idiosinkrasia eta portaera ezagutu barik, gazteleraz ere funtzionatu beharko lukeen mezua akatzen da. Horra Eraiken institutuaren jokaldi aparta.

Pankarta anti-estetikoa pentsatu duenak aski zuen, lehenengo, bere ama-hizkuntzaren, gazteleraren, funtzionamendua birpasatzea, lehenik eta behin, Matricula abiertarekin pertsuasio gutxi egin baitaiteke. Eta erderaz ez ezik, euskeraz okerrago, Matri(k)ula zaitez, gazteleraz esaten dena ez esateaz beste, ez baita pertsuasioa, agindua baizik! Eraikuntza-institutu barruko erregelak, plangintza-lanak neurtzeko, edo ikasleak astintzeko ote?

Onartezina dena pankartaren beraren diseinua da: mezu nagusia gazteleraz dago, gorriz, Eraikenen kolore korporatiboekin ere zerikusirik ez duena, eta gainera, akats ortografiko batekin, i-k azentua galdu baitu. Ah! Ez kezkatu bada, aurkitu dugu azentu-marka, letra larriz gaztelerak galtzen baititu tilde delakoak (irtenbide bikaina letretakoak ez direnentzako), eta honela, hitza bera babesgabe uzten da c-ren gainean k beltzez jartzeko, eta euskarazko Matrikula sortzeko. Voilà!

Azken efektua, duda barik, oso deigarria dirudi itsusiagatik ez bada, ez euskara, ez gaztelera, ez zirelako lotzen: bisualki elkar jotzen dute. Irtenbide bikaina: Hego Euskal Herriko bi hizkuntzak normalizatzeko bidean, heziketa zentroak garaile.

Publizitate(-ez)a

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

2 pentsamendu “Publizitate(-ez)a”-ri buruz

  • Asier Azpilikueta 2016-08-21 20:56

    Zera, txikikeria bat: gaztelaniaz, letra larrietan ere markatu behar dira tildeak, noski. Mito faltsu bat da erraten duena maiuskuletan barra librea dagoela.

    • Aitor Gaztainaga 2016-08-21 21:13

      Halaxe da, bai. Horregatik espresuki aipatzen dut “letrak/zientziak” kontrajarpen inozoa: zentrokoak teknologian adituak direnez, igual aitzaki merke gisa balio die letra larrien kontua, zinez larria dena zuk esandakoa ez jakitea izanik…