Zinea eta gainontzeko arteak

Zinea eta gainontzeko arteak

Zinea.eus atarian zazpigarren artea deituriko zinemak beste arteekin duen harremanaz idatzi du Aitor Gametxok, “Zinea eta gainontzeko (sei) arteak” sarreran.

Zinea eta gainontzeko arteak

Zinea eta gainontzeko arteak

Zinema zazpigarren arte gisa izendatzearen arrazoia 1911n Riciotto Canudo idazle eta kazetari italiarrak argitaratutako Zazpigarren artearen manifestua-n aurki daiteke. Idatzi horretan, Canudok hastapenetako arteen inguruan gogoeta egin zuen. Bi arte nagusi identifikatu zituen, bi alor ezberdinetan: arkitektura espazioaren alorrean, eta musika denborarenean. Bi arteok, autorearen hitzetan, gizakiak bere existentziaren indar plastiko eta erritmikoak beretzat gordetzeko duen nahia erakusten zuten. Hala, espazioaren eta denboraren arteko bereizketaren baitan, beste arte batzuk ezarri zituen. Arte espazialtzat zituen arkitektura, pintura eta eskultura. Denborarekin lotutako artetzat, aldiz, musika, dantza eta poesia. Bada, zazpigarren arte gisa aurreko guztiak biltzeko gai zen zinema. Argien, testuren, bolumenen, tenpoen, erritmoen, iraupenen, dramaturgiaren eta mugimenduen nahastetik sortzen baita, besteak beste, Canudok “arte total” bezala izendatu zuen orduko arte gaztea. Oraindik urte asko igaro beharko ziren guztizko arte hori mamuengandik askatu eta arte autonomo gisa berpizteko.

Askapenerako ibilbide horretan sortutako filmak, orainak ematen duen ahalmen orojakile honetatik, argiago sailka daitezke, zinemaren eta gainerako arteen arteko loturen arabera.

.

Pintura

  • “Le mystère Picasso” (Henri Georges Clouzot, 1956)

Film honetan Picassoren lan prozesua ikus daiteke, zinemagintzak ahalbidetzen duen mugimenduaren irudikapenaren bidez. Pinturaren kontzepzio klasikoan, mihisea estatikoki ikus zitekeen obra bukatua zen arren, zinemak trazuaren ibilbidea “harrapatzea” ahalbidetzen du, ezerezetik irudi bukatua dirudien margolanerainoko ibilbidea dokumentatzea. Kuriosoa da, film honen kasuan, Picassoren trazuaren moldaketak suertatuko direla noizbehinka, ikuslearen begiradarekin eta pertzepzioarekin jolastuz. Picasso beraren obran oso ohikoak ziren, mugimenduarekin jolasteko grinak bultzaturik, marrazten zituen perspektiba anitzeko figurak. Ez da kasualitatea, beraz, film honetako protagonista bera izatea.

.

  • “El sol del membrillo” (Victor Erice, 1992)

Ildo beretik, Victor Erice zinegileak Antonio Lopez margolariaren lan prozesua irudikatzeko asmoz egin zuen El sol del membrillo artelana. Lopezek argi izpiak menbrilloan marrazteko zailtasuna, Ericek berak prozesu hori irudikatzerakoan aurkitutako zailtasunarekin alderatuko du bertan. Fikzioaren eta dokumentalaren artean nonbait, lanak artearen inguruko gogoeta sakona eskainiko digu, bereziki filmaren amaieran Lopezek izandako ametsa azalduko duenean.

.

  • “Dots” (Norman McLaren 1946)

Norman McLaren artistaren lanek lotura oso zuzena dute arte piktorikoarekin. Zuzenean zeluloidearen gainean lan egiten zuen, margotzetik urratzeraino, soinuaren eta irudiaren arteko harreman posibleetan sakonduz. Besteak beste, Len Lye edo Jose Antonio Sistiaga zinegileek egin zuten moduan, zeluloidea margotzean irudikatutakoa bi dimentsioetara mugatu, eta zinematografoak ahalbidetzen zion mugimendu konstanteaz baliatuz, denboraren dimentsioa gehi zezakeen McLarenek. Bereziki aipagarria da A little phantasy on a nineteenth century painting filma, koadro baten marrazte prozesuaren ingurukoa baita ere, baina oraingoan, amaierako emaitza narrazio fantastiko eta surrealista gisa aurkezturik.

.

Eskultura

  • “Les estatues meurent ausi” (Chris Marker eta Alain Resnais, 1953)

Marker eta Resnais zinegileen elkarlanetik sortu zen Afrikako arte(ar)en eta kolonialismoaren inguruko film-entsegu klasikoa. Hitzek gidatuko dute narrazioa. Eskulturaren inguruan esplizituki mintzoko da off ahotsa une batzuetan, hasieran bereziki, aitzinsolas gisa uler daitekeen aurkezpen sekuentzian.

.

  • “Visual variations on Noguchi” (Marie Menken, 1945)

Aurreko lanaren antipodetan koka dezakegu Menkenen lana. Edukiaren bidez egin beharrean, kasu honetan, forman aurkituko dugu eskulturarekiko hurbilketa, modu iradokitzaileagoan. Noguchi artistari eginiko omenaldi gisa, kamera filmatutako eskulturaren formetara egokitu zuen, eta ariketa formal horrekin arte zinematografikoaren ahalmenak esploratu zituen Menkenek, bere gainerako lanetan egin zuen antzera.

.

  • “Fuego en Castilla” (Val del Omar, 1960)

Pieza honetan, Val del Omarrek zinemaren eta mistikaren artean ezarri nahi zuen harremanaren errepresentazio indartsu moduan ageri dira estatua erlijiosoak. Haien azaleran proiektatutako argiekin esperimentatuz, Val del Omarrek teorian landutako “ukimen-ikusmena” praktikara eraman nahi izan zuen.

.

  • “Furniture Poetry” (Paul Bush 1999)

Film hasieran Wittgensteinen hitzak aipu moduan jarrita, formaren inguruko pop filma osatu zuen Bushek. Baina gauza arina eta ikusteko atsegina izatetik at, gizakiaren pertzepzioaren inguruko gogoeta egin zuen bertan: gauzek hor jarraitzen al dute ikusten ez ditugunean?

 

Arkitektura

  • “Casa vacía” (Jesus M. Palacios, 2011)

2012an Kimuak katalogoan izan zen lanean, Jesus M. Palacios zinegileak Oteiza eta Basterretxearen egoitza/estudioa izan zenaren erretratua eraiki zuen. Espazio huts eta ilunak esploratuz, artxiboko materialaz osaturiko off ahotsarekin talka planteatu zuen, eskulturaren, zinemaren eta arkitekturaren arteko sinergiak gorpuztea lortuz.

.

Aurreko lanaren antzera, Pere Portabella zinegile katalanak espazio baten erretratua egin zuen Mudanza film laburrean. Kasu hartan, baina, Federico García Lorca idazlearen etxearen huste-prozesua izan zen Portabellak dokumentatutakoa. Espazioko bizipenak eta Lorcaren mamuaren presentzia, travelling oso geldietan. Zinema espazio zehatz batean zehar murgiltzean elkartuko da arkitekturarekin, hasiera eta amaiera puntuen artean mugatutakoaren erregistro gisa.

.

Poesia

  • “Dog Star Man” (Stan Brakhage, 1962)

Stan Brakhagen filmak lirismoz beterik daude. Zentzu horretan, zinemak forma eta testura ezezagun eta ezohikoen bidez iradoki ditzakeen esanahi, sentipen eta bizipenak dira poesia. Erritmoaren kudeaketa, trazu autobiografikoak eta abstrakzio maila altuko irudiak dituen lanean, muntaiaren bidez lortu zuen Brakhagek poesia egitea modu eraginkor eta ederrean.

.

  • “Berlin Horse” (Malcom LeGrice, 1970)

Zentzu berean, muntaiaren bidez erritmoan jarri zuen indarra LeGricek, errealitatearen eta denboraren inguruan gogoeta egiteko. Ahalmen plastiko itzela duten eszena polikromatiko errepikakorrek, gainera, pinturarekin izan ditzaketen loturak azpimarratuko dituzte.

.

Dantza

  • “Rituals in transfigured time” (Maya Deren, 1945)

Maya Deren zinegilea izateaz gain, dantzaria ere bazen. Bere A Study on Choreography for the Camera (1945) lanak dantzak kameraren objektibo aurrean eskaini zitzakeen aukerak esploratzeko grina bazuen ere, beste lan baten bidez gorputzen mugimenduen inguruko gogoeta interesgarriagoa egin zuen. Rituals in transfigured time (1946) lanean, sozialki osoak diren gorputzen mugimenduak zatikatu zituen muntaiaren bidez, hasiera eta amaiera non dauden ondo jakin gabe, behin eta berriz errepikatuko diren eszenen korapilo baten antzera. Amaieran, koreografiari zuzenean aipu egiten dion eszena bat du filmak, fotogramak izoztu eta eskulturarekin eta denborarekin loturak garatzen dituena.

.

Musika

  • “Espectro siete” (Javier Agirre, 1969-1970)

Hasieran, aitzinsolas gisa, ahots hotz batek uhinen inguruko azalpen oso teknikoa eskaini ostean, soinuak kolore bilakatuko ditu eta melodia ezohikoak eskainiko ditu Javie Aguirre zinegileak. Musika kromatikoaren adibidez gisa, Espectro siete lanak XX. hamarkadako tradizioarekin jarraiki, zinema musikalaren beste ikuspegi bat eskainiko digu. Zazpi nota musikalak argi-espektroko zazpi koloreekin ordezkatuko ditu. Baina soinua kolorearekin lotuta egon beharrean, alderantziz gertatuko da: kolorea (irudia) noten (soinuaren) menpean egongo da.

.

  • “Swinging the Lambert Walk” (Len Lye, 1940)

Len Lyeren filmetan koloreak duen presentziagatik agian, zaila suertatzen da pasa den mendeko hasierako urteetan eginikoak direla sinestea. Egungo bideoklipen birraitona-amonatzat har genitzakeen lanetan, irudi dinamikoak musikarekin izan zitzakeen harremanak ikertu zituen, gaurkotasuna mantentzen duen lanean. Forma eta trazu elementalak zuzenean zeluloidean bertan margotuz, artisautza zinemaren aitzindaritzat jo genezake Len Lye. Bere lanak bizitasunez beterik daude.

Zinea eta gainontzeko arteak Zinea eta gainontzeko arteak Zinea eta gainontzeko arteak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.