Zaharrak eta bakarrik

Zahartzaroa, by Davichi, Flickr
Zahartzaroa, by Davichi, Flickr

81,05 eta 82,05-eko zen iaz bizi esperantza Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan, hurrenez-hurren. Geroz eta urte gehiago bizi gara, eta horren ondorioz bizi kalitatea hobetu dela esaten da. Baina, bizi ditugun azken urte horiek nola bizi ditugun da arazoa, bakardadea zahar askori eragiten dion gaixotasuna bilakatu baita.

Gabriel Garcia Marquez-ek esan zuen behin heriotza ez dela zahartzaroarekin heltzen, ahanzturarekin baizik. Hilik bizi dira, beraz, milaka eta milaka herritar. Emakumezkoak dira, batik bat, egoera hau jasaten dutenak. Batetik, bizi esperantza luzeagoa dutelako eta bestetik, tradizionalki gizon zaharragoekin ezkonduta egon direlako. Senarra hil eta bakardadea dute askok etorkizun.

Hemendik 40 urtera, jaiotza eta heriotza tasen joerak bere horretan irauten badu, espainiar Estatua munduko bigarren herrialderik zaharrena bilakatuko da. Baina badirudi gizartea ez dagoela prest joera horretara egokitzeko.

Menpekotasuna da zahartzaroari askotan atxikita doakion hitza. Baina menpekotasun hori gainditzeko laguntza behar da. Hain zuzen ere familiaren eta gizartearen sakoneko aldaketa bat dago guzti honen atzean. Lehen familiek euren zaharrak zaintzen zituzten, isilpeko tratu bat bezala, gurasoek haurrak zaintzen zituzten eta hauek ezkondu eta familia bat eratzean, guraso horien zaintza bere gain hartzen zuten. Gaur egun, ohikoena ordea, erabateko independetzia izatea da. Gurasoak alde batetik eta seme-alabak bestetik.

Ezagutzaren summum-tzat hartzen zituzten lehen edadetuenak. Errespetua zor zitzaien zaharrei, zahar izate hutsagatik. Egun ordea, baztertu egin ditugu. Ikusi beharko da, geroz eta zaharragoa den gizarte honetan oreka hori nola mantentzen dugun, ezikusiarena egiteak ez baitu “arazoa” desagerrarazten.

gizartea, zaharrak, zahartzaroa

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude