Ramon Zapirain suhiltzailea: “Suteak baino okerragoak dira bide-istripuak”

1956an jaiotako Altzatarra, suhiltzailea da bokazioz eta ofizioz. Hondarribian bizi da aspalditik. “Egun arrunta” zein  duen kontatzeko esan diogunean, suhiltzaileak ez daukala egun arruntik erantzun digu, astebeteko txandetan egiten baitu lan normalean: goizez, arratsaldez eta gauez. Langintza ezberdinak izaten dira egunez eta gauez. Irungo egoitzan goizeko txanda kontatzeko eskatu diogu, orduan.

cc-by-sa: hec
cc-by-sa: hec

Irungo parkean

“Goizeko seiak eta laurdenetan jeikitzen naiz, lanean zapiretan sartu ahal izateko. Batzuek lantegian gosaltzen dute, baina nik etxean: frutaren bat, urdaiazpikoa ogiarekin eta yogourten bat. Horixe.

Iritsitakoan lehenego lana izaten da tresnak, ekipoak eta kamioiak begiratzea. Egunero jartzen ditugu kamioiak martxan buelta txiki bat eman eta ondo daudela egiaztatzeko. Horixe izaten da gure lehenengo lana. Ordubete inguru egiten dugu horretan, zortzirak arte,  elkarrekin kafea hartu baino lehenago. Bost-sei lagun izaten gara txanda bakoitzeko.

Bederatziretan praktikak egiten ditugu. Honek esan nahi du adibide bat hartzen dugula eta benetan konpondu behar bagenu bezala jokatzen dugula. Egiazkoa balitz bezala. Horrek tresnak eta geu puntu-puntuan edukitzera derrigortzen gaitu, horixe baita gure lehen egitekoa: prest egotea. Taldean bakoitzari dagokion zeregina argitzeko ere primerakoa izaten da praktika  hau. Pare bat ordu ematen digu lan honetan, hamaikak aldera arte. Eta bigarren kafetxoa, hala nahi duenarentzat.

Kamioiak eta tresnak garbitzen eta konpondu beharrekoak konpontzen ematen dugu hamabiak arte. Eta gero, pare bat ordutan, ordubietan irteten garen arte, kirola egiten dugu, forman egoteko.

Jakina, larrialdiren bat dagoen egunetan, dena eteten da eta gertakariak agintzen du. Maiz izaten da hori.

Goizeko txandan gaudenean, arratsaldea libre izaten dugu. Hala ibiltzen gara, astebete goizez, hurrengoan arratsaldez eta hirugarrenean gauez. Laugarren astea, libre. Gaueko txanda apur bat ezberdina da, ez baititugu praktikak egunez bezala egiten.

Larrialdiak

Larrialdi sarriena sute txikia izaten da. Horixe ikusten dugu gehien. Beste garai batean istripua izaten zen gehiago, baina gure inguru honetan zenbait bide konpondu dutenetik, asko beheititu dira istripuak. Gaintxurisketako bidea eta Irundik Bera aldera doan bideak konpontzeak, asko hobetu du gauza.

Igual hau ez da denetzat berdin izango, baina niretzat istripuak dira txarrenak. Jendea ikusten duzu askotan autoan harrapatuta, anputazioren batekin, odoletan… Izugarria izaten da. Suteak baino txarrago. Sutea neketsuago izaten da, baina hobeto kontrolatzen duzu, badakizu zein den zure egin beharrekoa. Istripuetan jendea hala ikustea, oso gogorra egiten zait.

cc-by-sa:nestor-galina
cc-by-sa:nestor-galina

Arratsaldea

Izanak izan, esan bezala, ordubietan irten eta etxera joaten naiz bazkaltzera. Normalean bakarrik bazkaltzea egokitzen zait, etxeko guztiak lanean edo eskolan egoten dira eta. Neronek paratzen dut bazkaria.

Eta gero siesta. Sofan etzateko ohitura daukat. Telebista piztu eta seko geratzen naiz lo, ordu laurden edo hogei minutu.

Gero beti bada zeregitekorik, bai etxeko lanen bat, bileraren bat edota ume txikienaren bila joan eta harekin abiatu entrenamendura edo norabait. Han egoten naiz beste guraso batzuekin hizketan dena amaitu arte. Gero etxera itzuli, afaria prestatu eta hamaikak-hamaika t’erdiak aldera, lotara.

Ofizio ederra da gurea. Egia da txandaka ibiltze hori ez dela gozoa inorentzat, baina ordutegia jarraian egitea gauza ona da. Denbora asko uzten dizu horrek. Lau astetik bat libre edukitzeak, gainera, ez dizu opor-gosea eta beharra hainbeste pizten. Eta gainera, zerbait egiten duzunean, baten bat ateratzen duzunean larrialditik, hori gauza handia izaten da.”

Egunak badoazi..., Ramon Zapirain, suhiltzailea
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude