Hasieraren garrantziaz… (Si te comes un limón sin hacer muecas)

nh409.jpg

Bai, hasieraren garrantziaz, jarraitzearen inportantziaz, eta amaitzearen ezinbestekoaz. Horrexetaz arituko nahiko nuke orain, Sergi Pamiés-en SI TE COMES UN LIMÓN SIN HACER MUECAS irakurri berria naizenean. (Anagrama, Bartzelona 2007). Hogei ipuin dira, bata bestearen atzean, Enrique Vila-Matasen sarrera baten laguntzaz. Azkarregi irakurri ditut ipuinok, ordu t’erdi eskaxean. Hasierakoek zeukaten argia eta lilura, ez dut amaierakoetan aurkitu, baina segur naiz neure irakurketa presatuegiaren erruz eta neure zabarkeriaren kausaz gertatu dela hori, eta ez Pamiés-en ipuinen kausaz. Berriz ere irakurriko dut liburu labur hau, atzekoz aurrera, tarte apur bat hartzen dudanean. Zoragarriak iruditu zaizkit ipuinak oro har: azkarrak, sendoak, borobilak, burua irudiz beteta uzten dakiten horietakoak… Esango nuke Pamiés dela Quim Monzó apartaren ondorengoetan finena, ipuingintzan bederen. Oroitzen naiz nola behin, Monzóri nobela eta ipuinaren arteko ezberdintasunari buruzko galdera topiko bat eginda, zer erantzun zidan: “sartu nobela bat autoa txatarra bihurtzen duten horietako makina batean, ongi estutu, kendu alferrikako aire guztia, eta ipuina edukiko duzu”. Grafikoa oso Monzók esanikoa, baina ez da beti egia izaten, gehienetan hala den arren. Esango nuke Pamiésen hogei hauek ez dutela batere nobelatik. Ez direla “nobela airegabetuak”. Monzóren baldintza ederki betetzen dute, hori egia da, ez baitute alferrikako airerik batere, eta ertz guztiak daude behar bezala lijatuta. Ezerk ez du traba egiten, ezer ez du ipuinaren zentzutik irakurlea urrunarazten… baina ez dira nobela. Ez horixe. Ipuinak dira, borobil borobilak. Ipuinak izateko asmoarekin ipuinen iturritik ateratakoak. Hiru edo lau, “Nuestra guerra”, “Ficción” eta “El pozo”, esaterako, antologikoak dira. Eta hasiera, dedio, a ze nolako hasiera daukan lehenengo ipuinak: “Tuve que morirme para saber si me querían”. La ospa, nor geratu irakurtzen segitu gabe halako hitzak irakurrita?

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude