Bixamonak

Bixamonak

Biharamuna, ajea, bixamona, resaka… Inuit herriak 40 hitz baino gehiago omen dauzka elurrarentzako, elurraren egoeraren arabera. Ez dakit Euskal Herriaren luze eta zabalean zenbait hitz ote dauzkagun berdina izendatzeko, baina gutxi batzuk bai. Zuberoan entzundako kopla bat datorkit burura: “Ai arnua, ai arnua, jendiaren enganiua, kendu didak biharamunian lan egiteko gogua”. Egia galanta, eta esfortzua aparta aste honetan egitea tokatu zaidana, bi bixamonari egin behar izan baitiet aurre: astelehenean bozkarena eta asteartean vodkarena.

San Tomas, Santo Tomas, On Tomas, Tomas, Tomasa… Nahiago duzuena. Santamasak ere eder askoak dira. Aukera ona izan zen bixamona bat beste parranda batekin kentzeko.

Mundu guztia ari da aste honetan hauteskundeetako emaitzez hizketan, zifrak, portzentaiak, lurraldeka… Gainera, gosetuta gaudenontzat Otorduak ere iritsi dira, begirada pixka bat altxa eta epe luzera asetzeko; edo gose gehiago eragiteko. Nik ezer gutxi gehi dezaket, ez bada oso sustraituta dauzkadan ideia batzuk.

Iritzi ezberdinak eta pentsamolde anitzak oso ondo daude, baina hemen bizi dugun gatazkaren ardatza estatua, kapitala eta patriarkatuan kokatzen da. Estatu espainiarraren kasuan, erreforma edo haustura; diktadurak utzitako zutabeak berean mantendu eta estetika aldatu, edo etxea antzarak ferratzera bidali. Iratzar fundazioak hausturaren alde lan egin zutenei ahotsa eman die Korapiloak deituriko proiektuan, hor aurkituko dituzue lehen eskuko azalpenak. Uste dut, zaharragoei entzundakoagatik, Franko hil zen garaian PSOE-k orain Podemosek sortu duen antzeko itxaropen bat sortu zuela. Txiki Benegas autodeterminazioaren alde, Felipe Gonzalez Gernikan “Gora Euskadi Askatuta” oihuka, PSE hegoaldeko lau herrialdetan antolatuta bat bakarra bezala…

Beranduago ikusi ahal izan zuen gehiengo batek PSOE-ren jokaldia garai hartan. Urteak zeramatzaten frankismoarekin negoziatzen: marxismoa alboratu zuten, eta erreforma prestatzen hasi. Gauza batzuk aldatuta, ezer alda ez zedin. Estatua, kapitala, eta patriarkatua, ukitu gabe. Joko arauak markatu zituzten, eta marra gorriak errespetatu. Beharrezkoa ikusi zutenean, gerra zikina erabiliz gainera.

Ezker Abertzalea beti izan isildua, zanpatua eta manipulatua hedabide gehienetan. Hausturaren alde dagoelako. Orain EH Bildu osatzen duten alderdiek oso historia ezberdina dute haien atzean, baina koalizioa zokoratua izaten da, indar metaketa horretan hausturaren alde posizionatu direlako. Alderdi Komunista Espainiarrak patatekin irentsi zuen erreforma, eta horrek zatiketa bat eragin zion, PCE(r). PCE-k, PSOE-k marxismoa zaborrontzira bota zuen bezala, eurokomunismoa besarkatu zuen; eta zenbait ikusi ditugun telebistan, eta Carrillo hil zenean, beno, dena laudorio, eta hori bai ezkertiar gorena, eta… PCE(r)-koak telebistan txaketa bat buru gainetik botata eta bi guardia zibilen artean ikusi izan ditut bakarrik. Sare sozialetan, bere presoren bat hilzorian dagoenean, edo hil denean. Hausturaren alde egin zutelako.

Podemosek komunikabideetan izan duen presentzia ez da hausturaren alde dagoen norbaiti eman ahal zaiona. Goizeko programetan, albistegietan, eztabaidetan… Publierreportai konstante bat izan da. Izquierda Castellana edo CUP-eri inoiz egin ez zaiona. Hausturaren alde dagoen mugimendu batek aspaldi altxatuko zuen ahotsa Katalunian, eta atzo goizerarte ez zuten fundamentuzko ezer esan. Mantendutako jokabideak salatu egin ditu.

2011n independentismoak faktore asko zituen bere alde. Krisi ekonomiko eta politikoaren hedaduraz jabetzen hasiak ziren herritarren sektore oso zabalak. Hor ondu zen Kataluniak egun bizi duen egoera, hor egon zen EH Bildu olatuaren gorakadan. Estatua bera zelako, bere funtzionatzeko erarekin, independentistak sortzeko tresna eraginkorrena. Zinez agerikoa bihutu zen jende askorentzat espainiar estatuaren barruan ez zegoela etorkizunik; estatua ez zela aldatuko, eta guk gurea egin behar genuela. Podemosek hori aldatu du, herritarrei uste araziz ezetz, Espainia alda daitekeela; eta hori estatu maisuen jokaldia da.

Galder Gonzalezek oso ondo laburbildu zuen txio batean.

bixamonak

bixamonakEstatu ikuspegi batetik lan egiten duten emakume eta gizonentzat, Podemos harribitxi bat da, independentismoaren neutralizatzaile nagusia izan daitekeelako. Erabakitze eskubidea errespetatuko dutela esan dute; baina fido egiten al gara? Kasu onenean, hori izanda ere Podemosen borondatea, uste al dugu posible dela?

Ez naiz fio. Ez naiz fio ez langile euskaldun bezala, ez errefuxiatu saharar bezala. Majo izorratu gaituzte bi alde horietatik, kolore batekoak edo bestekoak. Felipe Gonzalez marokoarren bonbardaketak jasan berri zituzten sahararrei zuzendu eta betirako elkartasuna eskaini zien. Urte gutxiren bueltan labankada sartzeko. Ezinezkoa egiten zait horrelako laguntza mediatikoa izan eta Espainiaren batasuna babesten duen alderdi batek erabakitze eskubidea egikaritzea. Ez naiz fio. Egur bati lotutako animaliak bagina, pare bat metrotako soka luzeagoa espero dezaket, baina soka kentzea ez.

Pablo Iglesiasen existentzia ezagutzen nuen bera ospetsu egin aurretik. Hausturaren aldeko norbait zela esango nuke, La Tuerkako bakarrizketa haiek entzunda. Egun ez naiz fio, baina ea okertuta nagoen.

Ez dakit ze erremedio erabili ohi duzuen gaupasa ondorengo bixamonarentzako. Zerria bezala jatea izaten da nirea, parranda egitea bezainbesteko plazera baita. Bigarren bixamonari buelta ematea behar bada konplikatuagoa da. Baina Zuberoan entzun nuen kopla horrek zion ez bezala, nik biharamunean geroz eta lan gehiago egiteko gogoa daukat. Nire ingurukoak konbentzitzeko Espainia deituriko proiektu politiko horren baitan ez dugula etorkizunik, eta gure bidea egitea besterik ez zaigula egokitzen; eta noski, akatsetatik ikasi, eta ikasitakoa egokitzen zaidan maila lokalean aplikatu.

Historiak soberan erakutsi digu. Hobeto bizitzeko aukera bakarra burujabetza da.

Bixamonak Bixamonak Bixamonak Bixamonak Bixamonak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

7 pentsamendu “Bixamonak”-ri buruz

  • Guztiz ados. Hau enegarren tranpa inperialista da. Independentistok (katalunian batez ere) federalismoaren itxaropenarekin denbora galduarazi eta nahasteko egin da Podemos.

  • Beñat, galdera bat: Saharan ba al da “unionismo demokratikorik”? Hau da, Marokoren zapalkuntza defendatzea izan daiteke demokratikoa?
    Eskerrik asko

  • ganbaratxotik 2015-12-24 20:11

    Ni ere ez naiz fio. Denbora piska bat utzi behar zaie hala ere podemos-ekoei beraien benetako izaera azaltzeko. Nere ustetan , sakonean, hausturaren aldekoak dira erakunde edo mugimendu horretako buruak. Estratega onak dirudite eta gustora dabiltzate “trono-jokoetan”. Ikusi behar sistemak ez dituen irensten. Ez dut uste denbora asko itxoin beharko dugunik zalantza hauek argitzeko.

    Bitartean, guk ezkertiar eta abertzaleok , hemen ere, lasaitasunez eta ganoraz gure “etxekolanak” egin beharko genituzke, behingoz luzera begirako estrategia eraginkorra lortzeko .

  • Beñat Hach Embarek 2015-12-25 11:04

    Egun on!
    Jonan: ez dakit Podemos horretarako sortu zen, baina estatu klabean pentsatzen duten pertsonak balio hori eman diote behintzat. Gero beharbada Ciudadanosekin balantza orekatze aldera berdina egin dute baina beste aldetik.
    Aratz: unionismo demokratikoa Saharan? Keba! Han ez dute zurikeriatan ibili beharrik. Erregea profetaren ondorengoa da, eta bere aurka doana jainkoaren aurka doa. Okupatzailearen jarrera garbiak saharar belaunaldi gaztea ez asimilatzea lortu du. Podemosen “unionismo demokratikoak” Goierriko herri txikietan kristoren bozka zaparrada eman dio “Espainiaren batasuna” babesten duen alderdi bati.
    Ganbaratxotik: “Ez zuela nahi, ez zuela nahi, atean atzean ez zuela nahi, ganbaran bai”. Gu gurera. Inorrek ez bezalako oinarri daukagu. “Espainia” XV.mendean sortu eta zabaldu zenetik hona lurraldeak galdu besterik ez ditu egin. Ez da utopia bat, lorgarria da oso.

  • Hemen berriz ezker abertzaleak oparitu dio “demokratiko” abizena zapalkuntza mota bati. Imajinatzen “matxismo demokratikoa” edota “arrazismo demokratikoa”? Ba hori, asimilazioa erabatekoa dela. Eta okupatzailearen hauteskunde eta erakunde kolonialetan zerbait lortzeko itxaropenez darraite batzuk. Tamalgarria.

    • Beñat Hach Embarek 2015-12-26 17:31

      Ez naiz zure iritzikoa, Aratz. Ezker abertzalearen izatea bera da herri honetan dagoen demokrazia faltaren adierazle onena, bestela ez zen existituko. Ez dakit noiz oparitu zaion okupazioari demokratiko izena. Hauteskundeetan parte hartzeagatik? HBk bezala? Etikoki baino, termino praktikoetan planteatuko nuke. Zure iritziz ez du ezertarako balio izan; nire ustez diputazio eta udalak izateak zerbaitetarako balio izan du. Ez dira helburu, tresna baizik. Dena den, oinarrizkoan ados gaude, eta gure indarguneetan egin behar dugu topo: estatu honetatik ospa egin behar dugula; eta hori kaletik sozializatzen da, topo egin beharko genukeen tokitik.

      • Oinarrizkoan ez gaude ados, dakusadanez: guk ez dugu inondik alde egin behar; okupatzaileak dira alde egin behar dutenak.
        Diputazioan egoteak zertarako balio izan du? Hor inolako botererik ez dagoela ikusteko, gehienez? Errepidean Basque Country karteltzarra dakusadan bakoitzean, Nafarroa Garairik gabe… ze lotsa!
        Udaletxeak berriz, zertarako? Baten faltan bi bandera español jartzeko? Piperpotoa eta españolek errepublikarra deitzen duten beste bandera española? Ze lotsa!
        Erakunde horiek tresna dira, bai, baina etsaiarenak. Etsaiak ez dizkigu jarri laguntzeko… Guk propiotzat hartu eta gure asimiliazioan sakontzeko daude.