Halako lasaitu bat…

images1.jpg

Birziklatzen dituzu etxeko zera guztiak, potoak, zigarreta kaxak, botilak… Birziklatzen dituzu ortuko belar txarrak, patata, banana eta tipulen azalak… Birziklatzen duzu ahal duzun guztia, baina, hala ere, zikin osti bat zarela baizik ez duzu pentsatzen. Mundu honetatik alde egindakoan, zure hondakin iraunkorrak baizik ez dituzula utziko planeta honetan. Ahaztuko zaituzte berehala, baina mendeak beharko dira zure kaka zaharra desager dadin. Errausten zaituztenean ere, ploff, ke beltz bat isuriko duzu tximiniatik atmosferara, horixe zure gorputz lerdenaren ondorio bakarra. Eta karramarroak zikinduko dituen hauts apur bat, lagunek malko artean itsasora isurtzen zaituztenean. Izan ere izarren hauts zabor-sortzaileak baino ez gara. Alabaina, batzuetan, zabaltzen dituzu egunkariak eta halako lasaitu bat hartzen duzu arimaren erdian. Ez zara zu planetaren berotzearen errudun: behiak dira. Gaitzerdi. Menos mal.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)