Gorputzaren dunak

Gorputzaren dunak

Gorputz biluziek ez dute zertan erotikoak izan. Hori proposatzen du, bederen, Reng Hang argazkilari txinatarrak. Bere estiloa da gorputz biluziak hilezkor bihurtzea kameraren laguntzaz, eta dirudienez, horrek buruhauste dezente eragin dizkio bere herrialdeko gobernuarekin; dena den, berean jarraitzen du.

Zergatik ateratzen duen jendea beti larru gorritan? Bada, Hangen aburuz, hori delako gure benetako itxura, horrela munduratu ginelako, mozorrorik gabe. Batzuetan lagunekin, besteetan modelo profesionalekin, naturan murgildu eta argazkiak egiteari ekiten dio, baina askotan onenak planifikatu gabeak izaten omen dira; modeloak ingurugiroarekin elkar eragiletasunean hasi eta orduan sortzen omen dira, bat-batean, irudirik onenak. Inprobisazioz, bertsoak bailiran.

Bere argazki batzuk aurkitu ditut sarean, eta denen artean batek bereganatu du nire arreta bereziki. 

Gorputzaren dunak

Esaten dute zenbait basamortu, aspaldi batean, urpean zeudela, itsas-lurra zirela desertu bilakatu aitzin; horregatik egon ohi dira hainbeste arrain fosil. Ondoren oihanak izan ziren beste milaka urtez, eta azkenik, basamortuak. Hautsa eta lurra, ura eta hondarra. Argazki honetako gorputz biluziek basamortu bateko dunak dirudite, eta milioika urte iraun duen striptease geografiko bat irudikatu dut: aurrena ura kendu (tariro tariro), ondoren zuhaitz eta hostoak (u la la) eta azkenean beti mantendu dena, beti kapa ezberdinek estalita azpian egon dena agertzen da: basamortua, larru gorria.

Basamortuan galtzea erraza omen da, orientazioa mantentzeko erreferentzia puntuak eskasak direlako; hau da, mendiak ez dira mugitzen, baina dunak bai, haizeak forma aldatzen die, eta gainera ez dira oso bereizgarriak desertua ezagutzen ez dugunontzat.

Atzera begira jarri eta ibili naizen azaletan pentsatzen ipini naiz, zeharkatu ditudan bizkarretan, estututako ipurdietan, laztandutako izterretan, ferekatutako lepoetan, eta itzulinguruka, gorputz orografiari so, espero nuena gertatu zait: galdu naiz.

Ze beroa egiten duen hemen.

Gorputzaren dunak