Liskarraren keak

Kea, by AMagill, Flickr
Kea, by AMagill, Flickr

Duela bost urte gutxik esango zuten hainbat eta hainbat kafetegitan erretzaileek kanpora atera beharko zutela, zigarroa erretzera. Edota lantokian estresaren gailurrean edonork zigarrorik piztu ezingo zukeenik. Baina tabakoaren aurkako legea indarrean jarri zenetik, ohitu gara, nola hala. Hasieran zalantzak eta liskarrak sortu zituen egoera berriak. Batzuk, ordea, gustora daude osasunari kalte egiten dion ohitura hori baztertzen ari delako. Erretzaileek, aldiz, beldurrez irakurtzen dituzte legea indartzeko asmoaren berri ematen dituzten notiziak.

Espazio publiko orotan debekatzea da Osasun ministerioaren asmoa. Baina gogoratu behar dugu Tabakoaren aurkako legeak eragina izan badu ere ez duela guztiz betetzea lortu. Badira legeak ezabatu ezin dituzten ohiturak. Pururik gabeko frontoirik, adibidez, ez dugu ezagutzen oraindik eta ez dirudi afera irabaztea erraza suertatuko zaienik. Frontoiak legerik gabeko lurraldeak dira kasik. Kerik gabeko tabernak ezagutuko al ditugu noizbait? Parrandan jende gehiago bilduko litzateke akaso tabernen kanpoaldean barruan baino…

Familiako Medikuntzaren Espainiako Elkartea neurriak indartzearen aldekoa da. Are gehiago, Luis Agilera elkarteko presidentearen hitzetan herritarren gehiengoaren nahia da hori bera. Tabakoaren aurkako legeak, erretzaileen kopurua gutxitzeko garrantzia handia izan duela aitortu du, eta hiru urteren ondoren hori indatzeko beharra azpimarratu du.

Ostalaritza da elkarte honen arabera legearen ahulgunea. 100 metro koadrotik gora dituzten lokaletan bakarrik du eragina legeak eta horiek lokal guztien %20a baizik ez direla gogorarazi dute. Gainontzeko %80an erretzeko debekurik ez dago.

Eta ostalariek, noski, ez dituzte begi onez ikusten Osasun ministerioaren asmoak, erretzearen debekua erabatekoa bada, galera ekonomikoak izango dituztelakoan baitira. Agintariek hori beste hainbat lekutan egin dela diote eta diru sarreretan eraginik ez duela, baina ikusi beharko.

Tabakoaren prezioaren etengabeko garestitzeak konbentzitu ez baditu, hainbat erretzailek neurri hauetan topatu dezakete erretzeari uzteko motibazioa.

osasun ministerioa, tabakoa, tabakoren aurkako legea

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude