Emakumea bazara, froga ezazu

Emakumezkoen Munduko Futbol txapelketa hastear dela-eta: “`Verificación del sexo´, la última humillación para las futbolistas” izeneko erreportajea irakurri berri dugu El País egunkarian gazteleraz, Javier Salas-ek sinatua. Merezi duelakoan, laburpen bat euskaraz dakargu ZUZEU-ra; ez baitzaio arrazoirik falta.

Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa Kanadan hastear dela-eta jazo da kontua; eta bai, iraingarria beharko luke emakumearentzako ez ezik, duintasun apur bat duen ororentzako.

“FIFA-ko gizonezkoen txapelketetan gizonek baino ezin dute parte hartu. Eta FIFA-ko emakumezkoen txapelketetan, emakumezkoek baino ezin dute parte hartu”, ei dion futbol erakundeak, Munduko Kopan, emakumezkoak direla froga dezatela eskatuko die jokalariei “Sexu egiaztapenak” eginda.

FIFA-ren arautegiaren esanetan, “kontutan hartu beharrekoak izango dira bigarren mailako sexu ezaugarrien edozein anomalia”; emakumezkoen ezaugarriak dira bular eta aldaka zabalak eta gizonezkoenak gorputzeko ile eta giharrak, nazioarteko futbol erakundearen arabera. Aztertu beharrekoak direnak, jokalariak “dagokien sexua izan dezaten”.

Kontua txantxatzat hartu ez duten kirolariek iraingarritzat jo dute FIFA-ren araua; baina Kanadan jokatzekoa den Munduko Kopa dela-eta, “Sexu egiaztapenak” egin dituztela eman dute jakitera selekzio batzuk; Ingalaterrak, bertako prentsak agertu duenez; eta Alemaniak, jokalariek ginekologora egindako azken bisitaldiko datuen bidez!

Emakumea bazara, froga ezazu

Behin baino gehiagotan leporatu izan zaio FIFA-ri emakumeen kontrako bereizkeria.

Erakundeak apenas du emakumerik erabakitze postuetan eta gaur bertan dimisioa eman duen Joseph Blatter zuzendariak, «galtza estuekin joka dezatela -iradoki zuen-; interes gehiago sortze aldera».

Gizonezkoen txapelketetan gizonak eta emakumezkoen txapelketetan emakumezkoak esan dugu lehen, baina gizakiaren sexualitatea askoz konplexuagoa ei da, zientzialariek diotenez.

“Gero eta ebidentzia gehiagok erakusten digute sexuan dagoen aniztasuna, ez dela sistema binarioa, ezta hurrik eman ere; gutako bakoitzaren genetika, epigenetika, garapena, inguruaren eta bizitzan zehar gerta daitezkeen zirkunstantzien araberakoa baita”, dio Espainiako Consejo Superior de Deportes erakundeko osasun eta kirol arduradun den Victoria Ley-k. Bere esanetan, ezagutza zientifikoak ez dira kirol arautegietara eramaten; horra arazoa. “Eta gainera, biologia arautegira molda dadin nahi dute, eta ezinezkoa da. Aldrebes beharko luke, legea moldatu biologiara”.

Emakume kirolariaren estereotipo fisikoan sartzen ez den jokalaria, FIFA-ren arautegia jarraituz, salatua izan daiteke arerioren batek emakumezkoa ote den zalantzak agertzen baditu. Nazioarteko erakundeak “azterketa sakona” abiatuko luke orduan, jokalariarentzako publikoki laidogarria izan arren. “Sexu egiaztapenari” uko egiten dion kirolaria, gainera, taldetik kanporatua izan daiteke. “Pribatutasuna bortxatu zaie kirolariei”, neurrien aurka daudenen ustez.

Katrina Karkazis bioetikan aditua da Stanford-eko unibertsitatean; urte asko daramatza COI-k (nazioarteko batzorde olinpikoak) eta IAAF (nazioarteko atletismo erakundeak) duten irizpide ez zientifikoak salatzen. Esaterako, “beren gorputzean testosterona gehiegi dutela irizten dioten emakumeak tranpatitzat hartzen dituzte”. Baina FIFA-ren jokabidea oraindik urrutirago doa, “feminitate kanonak betetzen ez dituzten emakumeak estigmatizatzen dira”. FIFA-ren araudiak dakartzan sexu bakoitzaren ezaugarri anatomiko eta fisiologikoak, “ez dira batere zientifikoak”.

 

Park Eun-sun 1,80tik gorako hegokorear aurrelaria da. 2013tik gurutze-bidea pairatu behar izan du, jokalari bikaina denez, bere herrialdeko ligan zazpitik sei entrenatzailek eskatu baitzuten emakumea dela froga zezala; bere taldeak giza eskubideen aurkako erasotzat jo zuen eskaria.

Emakumea bazara, froga ezazuJokalariak berak honela kontatu zuen Facebook-en: “Umiliagarria da eta min egiten dit bihotzean. Askotan pasatu ditut genero frogak, eta Munduko Kopa zein Joko Olinpikoetan parte hartu. Badakit pertsona hauek ni suntsitu nahian dabiltzala… Baina gogor egin dut lan nagoen tokira heltzeko eta ez dut hain erraz etsiko”.

Egun goi mailako errusiar talde batean jokatzen du Park Eun-sun-ek, eta hastear den Munduko Kopan bere itxurak esamesa mingarriak piztuko ote dituen beldur da.

 

Emakumea bazara, froga ezazuEzaguna da Caster Semenya hegoafrikarraren kasua ere. Testosterona gehiegi zuela leporatu zioten 800 metrotako Munduko Atletismo Txapelketa irabazi zuenean, 2009ko abuztuan Berlinen.

Makina bat azterketa egin zizkioten eta prentsan bolo-bolo ibili zen bere izena, harik eta 2010eko uztailean IAAF-k, nazioarteko atletismo erakundeak, eta medikuen ondorioei jaramon eginda, emakume bezala lehiatzea baimendu arte. Bizkorregia da emakumea izateko?

 

Emakumea bazara, froga ezazuDutee Chand indiar esprinterraren kasua epaitegietan da -100 metro ibili zituen 11.73 segundotan, 18 urte azpikoetan-, eta ez daki oraindik emakume bezala lehiatu ahal izango den.

Egoera berean dago herrikide duen eta babesa eskaini dion Santhi Soundarajan, Asiako Jokoetan domina irabazten lehen emakume tamil-a ere. Bere sexua kolokan jarri izanaren ondorioz, bere buruaz beste egiten ahalegindu da.

 

Emakumea bazara, froga ezazuBatzuk gogoratuko duzue Maria Jose Martinez Patiñoren kasua. Galiziarrak Espainiako errekorra zuen 100 metrotako hesi-lasterketan, baina “kromosoma aldaketa” bat zuela eta, lehiatik kanpo utzi nahi izan zuten. Berak bereari eutsi zionez, baztertu egin zuten, harik eta salaketa batzuk medio, epaitegiek berriro kirolerako onartu zuten arte.

Bioetika batzordeko kide da egun COI-n.

.

FIFA-ren arautegia aurreko Munduko Kopan ezarri zen, Ekuatore Gineako hiru jokalari gizon itxura zutela-eta salatu zituztenean, emakumeak baziren ere.

 

Testosterona
Lehen begiratuan, arazoa sinplea da, gizona izateak abantailak ditu emakumeen aurkako kirol lehian. FIFA-k 2011ko ekainean “Sexu egiaztapen” arautegian agertu zuenez, “hormona androgenikoek (testosteronak batik bat) errendimendua hobetzen dute eta abantaila eman dezakete futbolean”. Gauzak horrela, testosterona kopurua behin betiko frogatzat hartzen du nazioarteko futbol erakundeak, azterketa eta miaketa fisikoekin batera.

Baina kontua ez da hain erraza zientziaren arabera, “ez baitago gizaki bat gizonezkoa edo emakumezkoa den esateko testosterona neurri bat; ezta beste hormonarik ere. Ez dago pertsona baten sexua mugatzen duen markatzaile biologikorik”, Karkazis-ek erabat ziur dioenez.

Emakumea bazara, froga ezazu

.

Adi ondoko taulari:

IAAF-eko epaileek testosterona maila altua duten atletak identifikatzen laguntzeko da, gorputzean duten ile kopuruaren arabera! (klikatu handitzeko)

 

Ikerlarien arabera, “COI-k emakumeentzako normaltzat jotzen dituen testosterona neurriak ez dira onargarriak”; zazpiehun kirolari olinpiko aztertuta, honakoak izan baitziren emaitzak: Emakumeen %13,7 erakunde olinpikoak normaltzat jotako neurritik gora zeuden, eta %4,7 gizonezkoentzako emandako neurrietan. Elitezko gizon kirolarietan, berriz, %16,5 normaltzat hartutako neurrietatik behera zeuden, eta %1,8 emakumeentzako emandako neurrietan. “Testosterona neurriak aintzakotzat hartuz gero, bi metrotik gorako kirolariak ere baztertu beharko lituzkete eta orduan… agur NBA!”, dio txantxati Victoria Ley-k.

“Askotan ezinezkoa da pertsona baten sexua neurri biologikoen arabera ezagutzea, eta arrazoizkoena bere identitate sexuala kontutan hartzea litzateke”, Ley-ren arabera. Iritzi berekoa da Karkazis ere: “Bizitza osoan zehar emakume bezala bizi eta lehiatu diren kirolariak dira. Beraien agiri ofizialek emakumeak direla diote. Beraz, zergatik eskatzen zaie orain ´Sexu egiaztapena?”.

Piztu berria den kalapita baino lehen, Karkazis-ek artikulu bat argitaratu zuen “Science” zientzia aldizkarian“kirolarien sexuari buruzko eztabaida sozial eta etikoa da, eta giza aniztasuna ulertzeko dugun moduarekin du zerikusia –zihoena-. Eta honek eragina du askoren bizitzengan”. Begira bestela Semenya hegoafrikarrari, Chand eta Soundarajan indiarrei, Patiño espainiarrari edo Park Eun-sun hegokorearrari.

 

* Ekainaren 6tik uztailaren 5era jokatuko da Kanadan emakumeen Munduko Kopa, zazpigarren aldiz -eta lehenengoz belar artifizial gainean-. Espainiako selekzioarekin Athletic taldeko Ainhoa Tirapu, Erika Vázquez, Irene Paredes eta Eli Ibarra zein Bartzelona taldeko Leire Landa fubolari euskal herritarrek jokatuko dute bertan.

Zer duzu buruan “Emakumea bazara, froga ezazu”-ri buruz

  • Honelako frogarik jarriko dugu zure aurreko iruzkinean iragartzen zenuen aurreko udaleku mutiko-diskriminatzailean?