PJ Harvey, eta beste hamaika

PJ Harvey, eta beste hamaika

Polly Jean Harveyk, eta oker bagabiltza zuzenduko gaitu norbaitek, ez du inoiz zapaldu Euskal Herriko eszenatokirik -baina badu euskarazko sarrera wikipedian-. Hiru hamarkada luzeko ibilbidea duen artista ingelesa Barakaldoko BEC aretoan izango da bihar, “The Hope Six Demolition Project” bederatzigarren lan luzea aurkezgai  duela.

Azken lanak aurrekoak jorratutako bidetik jarraitzen du, “Let England Shake” goraipatuak, hura bezain borobila ez bada ere. Orduko hartan Bartzelonako Primavera Sound jaialdi sonatuan entzun genuen zuzenean Harvey, harpatxoa eskuan (autoharp) eta luma zuriak buruan. Egun, beltzak jantzita dabil, antza.

Asteburu honetan (bihar eta etzi) BIME jaialdia jasoko du Barakaldoko BEC arotatzarrak, PJ Harvey izenik dirdiratsuna duela.

.

PJ HARVEY (The Hope Six Demolition Project, 2016) “The Wheel”

Azkena Rock eta Bilbao BBK Live jaialditzarren antolatzaile Last Tour enpresaren eskutik -eta Bizkaiko Aldundiaren babes zabalarekin- sortu zen BIME orain hiruzpalau urte; Europa hegoaldean musika industriari buruzko azoka bat sortzea zutela asmo.

Beraz, ekimenak bi atal nagusi hartzen ditu. Batetik, hitzaldiak, bilerak eta beste jasotzen dituen BIME Pro, atzo hasi eta bihar bukatu, musika industriari zuzendua (diskoetxe, management, jaialdien antolakuntza…). Eta bestetik BIME Live, aterpean bi egunez (bihar eta etzi) egiten den udazkeneko jaialdia.

Zuzeneko jaialdia lau oholtza eta hiru gune nagusitan banatuko da aurten. Batetik bi oholtza nagusiak, non PJ Harveyk ez ezik Chemical Brothers edo Suede taldeek joko duten. Baita The Horrors eta Toy britainiar talde ilunek, Toundra espainiar post rock talde instrumentalak zein Perlak eta Belako etxeko taldeek ere; urtez urte euskal ordezkaritza urrituz doa BIMEn.

Bestetik, gure ustez BIMEko txokorik interesgarriena den Antzerkia oholtza (sic), harmaila eta guzti, proposamenik lasai edo barnerakoienak jasotzen dituena. Bertan joko dute, besteak beste, Kevin Garrett eta James Vincent McMorrow gazteak edo itzal handiko The Divine Comedy eta Lambchop; baita Nacho Vegas espainiarra ere (euskal musikariren bat taldean duela).

Aurtengo berritasuna, Gaua gunea, disko jartzaileei eskainia (Les Alsborregach edo Erol Alkan, besteak beste); ez ahaztu zapatu goizaldean dantzarako ordu bete gehiago izango dela!

.

Beltzez idatzi ditugun musikariekin, hamaika kantuko playlist-a osatu dugu:

KEVIN GARRETT (-singlea-, 2016) “Precious”

.

JAMES VINCENT MCMORROW (We Move, 2016) “Rising Water”

.

THE DIVINE COMEDY (Foreverland, 2016) “Catherine the Great”

.

NACHO VEGAS (Resituación, 2014) “Ciudad vampira”

.

LAMBCHOP (Mr. M, 2012) “Gone Tomorrow”

.

TOUNDRA (IV, 2015) “Oro rojo”

.

PERLAK (Perlak,2014) “Olatu”

.

BELAKO (Hamen, 2016) “Crime”

.

THE HORRORS (Luminous, 2014) “I See You”

.

TOY (Clear Shot, 2016) “I´m Still Believing”

.

EROL ALKAN (Illumination, 2013) “A Hold on Love”

PJ Harvey, eta beste hamaika