Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute

Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute

Zinea Sortzenek Ganbara izeneko euskarazko zinearen gordailua aurkeztu du Tabakaleran

Datu-basea online eta doakoa da, eta gaurtik (urriak 27) aurrera erabiltzaile ororen eskura egongo da www.ganbara.eus helbidean

Zinea Sortzen etxeko zuzendari Ritxi Lizartzak eta Zinea.eus atariaren kudeatzaile Maialen Goñik Ganbara izeneko euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute gaur, urriak 27, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Saileko zuzendariak ere parte hartu du ekitaldian, eta bertan izan dira Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Nagusia.

Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute
Lander Irazusta, Maialen Goñi eta Ritxi Lizartza, Ganbararen lantaldeko kideak

Ganbara datu-basea online eta doakoa da, eta euskarazko zinemagintzaren argazki historikoa egitea du helburu, lehen pelikula filmatu zenetik gaur egunera arte. Horretarako, euskaraz egindako film luze eta laburren (fikzio, animazio zein dokumental) fitxak kontsultatzeko aukera eskaintzen du, baita ikus-entzunezko sektoreko profesionalen datuak ere. Erabiltzaileek gaurtik aurrera bisita dezakete www.ganbara.eus ataria.

«Euskal zinemagintzak ez du orain arte artxibategi digitalik izan, eta hutsune horri erantzun bat emateko asmoz abiatu du egitasmoa Zinea Sortzenek», adierazi du Lizartzak aurkezpenean. Ez da euskarazko zinearen inguruan garatu duten lehen proiektua, 2014az geroztik, Euskal Herriko zein atzerriko zinemari buruz jarduten duen www.zinea.eus ataria kudeatzen baitute.

Ganbara euskaraz egindako film guztien katalogoa da, eta horixe du, hain zuzen ere, balioetan lehena: filmatutako lanen zerrenda osatua izatea. Urtetik urtera euskaraz sortu denaren bilakaera jarraitzeko aukera emango du, baita zinemagintzan jarduten duten erakundeak, ekoizpen-etxeak eta profesionalak ezagutzekoa ere. Informazio hori guztia aurkitzea erraztuko du, eta euskarazko zinemagintzaren kontsumoa indartzeko balioko du. «Ez hori bakarrik; aldatu egingo du zinea kontsumitzeko modua bera ere, baliabide berri bat eskainita: gidoiak, alegia», nabarmendu du proiektu-buruak. Ganbara hezkuntzara, ikus-entzunezko sektorera eta aisialdira bideratuta dago, eta gaian interesa duen edonork kontsultatu ahal izango du.

Proiektua garapen-fasean izan da azken hilabeteetan, eta, lehen edukien bilketa eginda, ataria martxan da gaurtik aurrera. «Uneotan, 200dik gora filmen, 400 profesional baino gehiagoren eta 50 enpresa ingururen fitxak kontsulta daitezke, baita haiekin lotutako dozenaka albiste eta kritika ere», erantsi du Goñik.

Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute
Maialen Goñi eta Ritxi Lizartza Ganbararen lantaldeko kideak, eta Ion Lopez Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Ataleko arduraduna

Alabaina, proiektuak lehen urratsak baino ez ditu egin. «Ataria publiko egitearen helburu nagusia, erabiltzaileei informazioa kontsultatzeko aukera emateaz gain, sektoreko eragile eta profesionalen babesa eta laguntza jasotzea da», azaldu du Lizartzak. «Ganbara epe luzera sortutako egitasmoa da; etengabe osatzen eta betetzen joango den artxibategia. Horregatik, ikus-entzunezko industrian inplikatutakoen kolaborazioa ezinbestekoa da, datu-baseak hazten jarrai dezan». Haatik, kopurua ez ezik, eduki mota ere ugaritu egingo da, euskarara ekarritako filmei egingo baitie aurki lekua. «Euskaraz bikoiztu eta azpititulatutako filmen fitxak sortuko ditugu pixkanaka, eta horrek euskaraz kontsumitu daitezkeen filmen kopuru erreala jarriko du agerian. Orain arte, 3.500 izenburu biltzea lortu dugu, baina oraindik asko ditugu zerrendara ekartzeko», gaineratu du Goñik. Euskarazko zinearekin lotutako materialak ere (hala nola liburuak, tesiak, ikerketak, kritikak eta aipamenak) eskuragai jarriko dituzte aurrerago.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, bai eta Euskadiko Filmategiaren laguntza ere. Era berean, lotura estua du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren Kultura Auzolanean egitasmoarekin, euskarazko ikus-entzunezko eduki guztiekin datu-basea osatzeko asmoa baitute, euskarazko zinemaren kontsumoa sustatzeko.ganbara

Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ganbara euskarazko zinearen gordailua aurkeztu dute”-ri buruz

  • Keyser Soze 2016-10-28 00:01

    Bejondeizuela! Primerako ideia, eta lana itzela… Milesker zinez!