Joseba Irazoki: “Gora pertsona askeak!”

Joseba Irazoki: “Gora pertsona askeak!”

Hartu kitarra eta lehen oihuak bota airera kordak astinduz. Zoro keinuek segitzen diote estridentzia bakoitzari eta bukletzen ditu hotsok, gainetik berriz ere oihukatzeko. Mihia ateratzen du konpasean eta begirada zorrotzak bota, lehenengo lerrokoak kikiltzeraino. Konplizitate bila dabiltzan begiradak non nahi barraren ertzean. Hasieran harrizko aho zabala zena, irriparre bihurtzen zaie ikusentzuleei, ez baita ohiko kantautorea Irazoki. Bonbo ostiko eta kitarra zartada bakoitzaz, lehen segundutik ixilarazten du entzulegoa. Irazoki genio bat da, eta genio genioenen eran, nahi duena egiten du.

Batek jakin zer ospatzeko edo ahazteko mozkortutako Hilario, jatorri portugaldarreko langilea, oholtzara igotzeak, gidoia mila zatitan hautsiko lioke edozein musikariri ametsik gaiztoenean. Beratarrak ez du ordea gidoirik. Zer da hori? “Gora pertsona askeak!”, doihuka. Bada, Irazokik platoen soinuekin lagunduz abesti bihurtzen du mozkorraren mar-marra, eta jaso merezitako txalo jasa. Edo berdin, pedalek ezohiko zarata ateratzen badute: “zerbait izorratu zait, ezin da inoiz dena ongi atera”, loop bat egin eta errezitaldi kakofoniko baten antzekoa egiten du. Libre. Margo beltzarekin bibote bat marrazten du gero, kontzertuaren erdi aldetik aitzina. Aske.

Mikel Erentxunentzat soldatapean lan egitearen erreakzio bortitz gisa soilik uler daiteke halako jarioa, halako espresatzeko gaitasuna. Ahotsa haustekoa izerditan. Akorde itxi eta prefabrikatuetatik ihesean sortutako askatasun aldarri hori. Inprobisazioa. Unean asmatu hitzak, zein, hala abesteko kuraia. Honi guztiari gehitu, bukleak egiteko pedala maisuki darabilela eta entsalada guzti honetan galduta ahaztu badaiteke ere, teknikoki ikaragarria dela.

Etxean jo zuen larunbat gauez, Kataku ostatuan, Beran. Baina asko ginen bertaratutako gipuzkoarrak; ia naparrak baino gehiago ;)  Atrebentzia barkatuko didazue, baina nago, herrian bertan ez diotela behar bezain besteko balioa aitortzen halako musikari erraldoi bati. Zuzendu nazatela.

———————–

Noiz: Abenduaren 15ean Non: Kataku ostatua, Bera

Nor: Joseba Irazoki, bere “Oso Banda” biniloa aurkezten.

Joseba Irazoki: “Gora pertsona askeak!”

Bera, kontzertua, musika, taberna
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.