Joseba Beloki: “Betidanik esan dut txirrindulariak zirku bateko pailazoak besterik ez ginela”


Joseba Beloki

Joseba Beloki (Lazkao, 1973) txirrindularia aski ezaguna da gure lurretan, baita kanpoan ere. Jaiotzez gipuzkoarra izanagatik, Gasteizen bizi da haurra zenetik. Palmares ederra lortu zuen urte gutxian, 2000tik 2002ra Pariseko podiumera igo zen, bitan brontzezkoa eta azkenekoan zilarrezko domina lortuz. Espainiako Itzulian ere hirugarren lekua lortu zuen 2002 urtean. Frantziako Tourrean sorpresa pozgarria izatetik garaipena lortzeko faborito izatera igaro zen denbora oso laburrean.

Baina, egin zituen lasterketa izugarriak gorabehera, Lance Armstrong estatubatuarraren itzalean mantendu zen beti. Euskaldun gazteak, ordea, ez zuen etsi eta gogor entrenatu zen 2003 urtean Armstrongi koroa kentzeko . Alpeetako mendietara nor baino nor heldu ziren, eta La Rochetteko etapan 40 segundura jarri zen. Inoiz baino hurbilago, hatsa Amstrongen atzeko gurpilean. Zoritxarrez, ordea, uztailaren 14 hura, txirrindularitza zaleek inoiz ahaztuko ez duten eguna bilakatu zen. Bihurgune batean irrist egin eta lurra jo zuen Joseba Belokik, eskumuturra, izterrezurra eta ukondoa hautsiz. Joseba Belokiren ibilbide profesionalaren amaieraren hasiera izan zen hura.

Kolpe fisiko eta psikologiko horretatik ez zen guztiz osatu eta itzultzeko saiakerak egin bazituen ere, erorialdia eta lau urte geroago, 2007 urtean, txirrindua utzi zuen. Denbora tarte horretan, gainera, dopin iskanbila baten barruan aurkitu zuen bere burua, Puerto Operazioan, alegia. Arazoak pilatu zitzaizkion eta goi mailako txirrindulariak ez zuen podiumetara itzultzeko indarrik izan. Gainera, txirrindularitzaren negozioa modu gordinean ikusten zuen dagoeneko. “Betidanik esan dut txirrindulariak zirku bateko pailazoak besterik ez ginela”, esan du elkarrizketan.

Agur esan zuen egunean ezkor baina ziur adierazi zuen: “Txirrindularitza heriotzaren bidean doa gutxinaka”. Ordutik bost urte igaro direnean Joseba Belokik (@josebabeloki) bere egunerokoa, iragana eta iritziak kontatu dizkigu. Elkarrizketa bezperan Mallorcan zegoen zikloturisten lasterketan parte hartzen.

  • Orainaz: “Askotan erraza da pantaila aurrean zer gertatuko den jakitea”

Kirola egiten segitzen duzu?

Bai. Azken finean orain arte kirolari profesional izan naiz, eta, orain, zikloturista bezala nahikoa konpromiso ditut urtean zehar. Korrikan ere ibiltzen naiz, Gasteizko Prado parkea da nire entrenamendu lekua. Atletismoa ere gustatzen zait, New Yorkeko eta Berlingo maratoietan hartu dut parte. Azken finean, kirola egin eta osasun aldetik fin mantentzea nahi dut.

Erronkak dituzu egiteke?

Bai noski. Nik uste erronkak askotan positiboak direla. Helburu bat jarriz gero eguneroko entrenamendua egiteko beharrean ikusten zara. Bestela, etxera nekatuta heltzen zarela zaila izaten da. Erronkek motibazioa ematen didate eta ondo sentiarazi. Baditut hurrengo hilabeteetarako hainbat erronka buruan.

Zein lan egiten duzu bizikleta munduan?

Ciclismo a fondo aldizkarian parte hartzen dut eta iritzia ematen dut hor. Txirrindulari ohiekin biltzen naiz sarritan egoerari buruzkoez hitz egiteko. Azken batean bizikleta munduarekin zerikusia izatea nahi dut. Horrez gain, asko gustatzen zait irratia eta Radio Euskadin ere lasterketak kontatzen ibiltzen naiz.

Nola bizi dituzu lasterketak telebistatik?

Oso desberdin. Zu txirrindulari zarenean ez duzu telebistan ikusten den ikuspuntu zabal hori. Askotan erraza da pantaila aurrean zer gertatuko den eta bakoitzari zer gertatuko zaion jakitea. Baina, ezin da ahaztu gu ere bertan izan garela eta askotan ez dela erraza erabaki onenak hartzea. Urduri ere jartzen naiz askotan. Karrera interesgarriak direnean jende ezaguna eta lagunak hor ikusita nahiak eta bihotzak ere alde baterantz egiten du.

  • Haur garaiaz: “Testu liburu gehienek bizikletak dituzte hor zehar margotuta”

Noiz izan zenuen lehen bizikleta?

Beasaingo festetan jarri zuten tonbola baten bizikleta gorri bat. Koadrila osoak eta senitartekoek boletoak erosi zituzten, eta han hasi zen dena. Hiru bat urte nituen orduan. Istorio polita da: Beasaingo Arana kalean batera eta bestera ibiltzen nintzen, zinemara joan, zinemara etorri, eskuko balazta gabeko bizikleta hartan. Arraro xamarra zen txirrindua baina lortu nuen nire buruan konfiantza. Pixkanaka pixkanaka handituz joan, eta orain arte, kar, kar.

Eskolan ikasle ona al zinen?

Eskolan nahikoa alferra nintzen nahiz eta gauzak azkenean ateratzen nituen. Baina, etxean banuen giro txirrinduzalea, lasterketak ikustera joaten ginen, eta hori barneraino eraman nuen. Nire txikitako testu liburu gehienek bizikletak dituzte hor zehar margotuta.

Nortzuk ziren zure txikitako idoloak?

Marinista izan naiz betidanik. Cabestany ere bai, baina nire etxean beti Jokin Mugika. Askotan esaten dut nire aita baino zale handiagorik ez duela Mugikak izan. Geroago izan dira gehiago, LeMond, gero Indurain etorri zen. Gainera, kirol bizitzan inportantea izan zen Indurain, eta pertsonalki ezagutu ditudanean, Marino Lejarreta eta Miguel Indurainekin gelditzen naiz.

  • Profesional garaiaz: “Ez zen nahikoa Armstrongek egun txar bat izatea”

Zerk ematen dizu lasterketan indar gehiago: buruak ala hankak?

Beti burua. Kirolari profesional batek burua ez badu ondo, segundu bakar batez bada ere, gorputzak ez du funtzionatzen. Garai onenetan burua behar izan genuen aurrera pausoa emateko, baita atzera emateko ere.

Noiz duzu podium gainean oroitzapen onena?

Zalantzarik gabe, 2002 urtean taldeko kronoa irabazi genuenean, ONCErekin Tourrean. Izugarri polita izan zen hori. Parisekoak ere bai, Festinarekin igo nintzenean. Ez naiz gogoratzen, ordea. Egia esan, lehenengo aldi hura estalita dut, nerbioak jota egon nintzen eta. Besteak bai.


Zenbat aldiz pentsatu zenuen: Armstrong txatxu hau hemen egon ez balitz…

Armstrong egon ez balitz Jan Ullrich ere bazegoen. Lehenengo urtean nire asmoa Tourrean kideak laguntzea zen, eta etapak pasa ahala postu onean kokatu nintzen eta ezin izan ninduten handik kendu. Behin ONCEn nengoela pentsatzen genuen nola arraio kendu 11 minutu Lance Armstrongi. 2003 urtean ikusi genuen Tourra irabazteko aukera genuela. Gertu egon ginen, baina aurreko urteetan ez. Armstrongekin ez zen nahikoa hark egun txar bat edukitzea, bi edo hiru behar zituen txarrak zuk gainditzeko. Akatsik ez zuen: ikaragarrizko taldea, etapetan nahi zuena egiten zuen… Guk bagenuen talde ona, baina harek beti zituen taldeko bost aldapan gora laguntzen.

Erori zineneko etapa hura nola gogoratzen duzu?

Beldurrik gabe heldu ginen zenbait txirrindulari. Jan Ullrich, Iban Mayo… Gainera, ikusi genuen Armstrongek ez zuela aurreko urteetan bezain bloke gogorra taldean. Alpe D’Huezen lur jota utzi genituen, ikusi genuen ez zuela hainbeste lagun Armstrongek eta ez zituela jarraitzen ihesaldian zeuden txirrindulari denak. Hain ondo ez zegoela pentsatu genuen! Azkenean, Tourra irabazi egin zuen, baina minutu bateko diferentziarekin. Aukera ona galdu genuen orduan.

Erori eta berehala taldekideak laguntzeko gelditu egin zirela azpimarratu ohi duzu.

Pertsona harremanaren balioak erakutsi zizkidan horrek. Beraiek niretzat ari ziren lanean, eta, sarritan, lan protokoloa izaten da hori, talde estrategia eta kitto. Erorketa pasa eta gero ikusi nituen detaile horiek, ez zirela lankideak bakarrik, lagunak ere bai, horrek balio handia izan zuen.

Une gogorrak izan zenituen horren ostean, ezta?

Goi mailako kirol bizitza amaitu zitzaidan niri une horretan. Protesia jarri zidaten, operazioak han eta hemen, errenka eta makuluekin ibili behar nintzen. Hori ulertzea, psikologikoki ez da erraza. 2004ko tourra ikusi nuen gorputza minduta nuela, jakinda aurreko urtean irabazteko borrokan egon nintzela. Psikologikoki oso gogorra izan zen. 2003 urtera arte izandako ilusioak eta emaitza onak ikusita, ikusten duzu kirol bizitza gora doala, eta bihurgune batean dena pikutara…. Ba pentsa.

  • Ibilbide profesionalaren amaieraz: “Gorputz aldetik nioena baino okerrago nengoen”

Puerto Operazioak zein eragin izan zuen erretiroan?

Gauza arraro xamarra izan zen hura, noizbait jakingo da. Operazio hori dela eta talde gabe gelditu ginen, babesle gabe, eta txirrindularitzako kodigo etikoaren ondorioz, zeinak dioen dopin usaina badago txirrindulariak badaezpada ezin direla kontratatu, ezin ginen beste talde batera joan. Hori izan zen gure egoera. Gauzak pilatu ziren. Gorputz aldetik nioena baino okerrago nengoen, ez nintzen ondo sentitzen, ez nuen gogorik, banituen beste ardura batzuk, eta gainera Puerto Operazioa eta bere ondorioak… Esan nuen, amaitu da! Denbora arrazoia ematen ari zaigu, alegia, polizia operazio hura batzuen intereserako maniobra izan zen. Txirrindularitza negozioa da, hori dago atzean.

2007an esan zenuen txirrindularitzaren heriotza zetorrela. Berresten duzu hori?

Bai, bistan da. Betidanik esan dut txirrindulariak zirku handi bateko pailazoak besterik ez ginela. Erabiltzen gintuztela lasterketetara joateko zirkuan parte hartzera. Gainbehera iragarri nuen eta bost urte pasata horretan berresten naiz, adibidea Contadorrekin gertatutakoa. Zirku honen pastela banatzen da eta txirrindulariak gero eta zati txikiagoa dugu. Txirrindularien kolektiboa indarra galtzen ari da. Hau da, langile bezala ez dute negoziatzeko indarrik.

Kostatu zitzaizun erretiroa hartzea?

Bai, nahi izan nuen dena luzatu… luzatu… luzatu… Ez nintzen gaizki ibili 2005eko Espainiako Vueltan, eta horrek lagundu ninduen ikaragarri. Baina ez nintzen lehengo Joseba Beloki. Goizero jaikitzen nintzen entrenatzeko eta ikusita bi urte lehenago egiten nuena eta orduan egiteko nuena… hori asimilatzea ez da erraza.

 

Oharra: Arazo teknikoak medio, elkarrizketa honen bideoa ezin izan dut argitaratu, ezta zenbait galdera ere.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra