Jaunartzeko opariak.

Bazkaria bukatutakoan jangelaren erdian eserarazi dute Aitor, mahaien artean, denok ikusteko moduan, tronu itxura duen jarleku batean. Marinelez jantzita doa, bere ile kizkurra zerurantz orraztua, gizaldi eta gizaldi guztietan, amen. Alde guztietarantz begiratzen du, eta mahaietan sakabanatuta dauden gonbidatuen masaila gorrituak ikusten ditu, baina badaki haien kasuan, berean ez bezala, ez dela lotsa, ardoaren arrastoa baizik. Begi pare guztiak bere gain nabaritzeak deseroso sentiarazten duen arren, eguneko momenturik garrantzitsuenetako bat heldu dela jakiteak, opariak jasotzearena, alegia, zertxobait baretzen du.

 

Izeko Marian hurbildu zaio lehenik eta behin. Athleticen kamiseta zuri-gorria oparitu dio. Aitorrek irribarre egin du, eta eskerrak eman dizkio. Amak kamiseta gainetik jartzera behartu du, bere neurrikoa den ikusteko. Hala dirudi. Ondoren aitabitxiaren txanda heldu da:  Athleticen etxeko zapatilak eta bainu-txabusina. Amak ez du arropa eranstera eta bainu-txabusina jartzera behartu. Eskerrak. Athleticen karpeta, bizkar-zorroa, galtzontziloak eta txandala etorri dira gero, hurrenez hurren. Hasierako irribarrea ezpainetan izoztu zaio Aitorri, Isabelen txanda heldu den arte.  Bere lehengusinen artean, bera du maiteen; Ederra, argia eta atsegina, betidanik harreman estua izan dute. Pena galanta hartuko du Erasmus edo dena delako horretara joaten denean. Norbaitek bere opariarekin asmatzekotan, Isabelek egingo du. Oparitarako papera kentzen hastearekin batera konturatu da liburu bat dela.  Azkenean, gustuko duen zer edo zer!  Halako batean, baina, azaleko izenburua irakurri du: “ Athletic, lehoi erregea”.   Arraroa egin zaio bere seniderik kuttunenak ere ez jakitea  futbola gorrotu duela. Edo agian jakin badakite, eta  ez zaie deus inporta.

Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13