Izan Zuzeu (Zuzeu-ren 16. urteurrena)
Izan Zuzeu –
Orainkari albistari aldizkari digital,
uneoro aldatzen den blog gune leihoa,
iritzia, eztabaida eta mila bisita,
zuzeulari, gugeulari ta hasi saioa…
Zeurekin eta zeurea,
kazetaritza librea,
agora sano askea,
partaidetza du xedea,
euskeraz…
izan zuzeu!
Sinadura, salabardo, eztabaidagunea,
errezeta, podcast eta txiorik onena,
buruari bueltaka, mundua, euskalherria,
literatur, filosofi, gaztea saria.
Orotarik euskalduna,
iritzi salda forua,
argia eta iluna,
garenaren ispilua,
larrosa eta asuna,
euskeraz…
izan zuzeu!
Zuzeu orainkariaren 16. urteurrena ospatzeko “izan zuzeu” kantuarekin gatoz, zeurekin eta zeurea, iritzia eta eztabaida, argia eta iluna, garenaren ispilua, larrosa eta asuna, “euskeraz izan zuzeu” munduari abestuz.
2009ko apirilaren 14an jaio ginen, (duela zortzi urte, 2017ko martxoan, Hasier Etxeberria maisua joan zitzaigula), denbora badoa aurrera, eta aurrera darraigu jaiotzan agertu genuen asmo eta helburu berarekin, gure ondar aletxoak jarri, euskaraz ditugun aukeretan leiho eta ateak zabaldu, irakurle, ikusle, entzule (eta podcast zaleen) sareak handitu, eta denon artean kalitatezko edukiak sortu, gozatu eta elkarbanatu, etengabe, uneoro aldatzen den blog gune leihoa, zuzeulari, gugeulari, kazetaritza librea, agora askea, partaidetza xedea, “plaza digital honetan nor bere aldetik ibili beharrean, elkarren ondoan hobeto gaudelakoan”. 16 urte hauetan, 32.000 sarreratik gora argitaratu ditu Zuzeuk, eta 14 milioi bisitatik gora izan ditu hedabideak. Iruzkinak ere 64.000tik gora izan dira, Euskal prentsan gure txokotxoa erdietsi eta egunero-egunero geure ekarpen propioa egiten dugulakoan, harro gaude emandako datuez, eta guztien gainetik beste hau nabarmendu nahi dugu: gurean parte hartzen duten elkarte eta erakunde, edo ezizenez iritzia ematen dutenez gain, 700+ dira egun sinatuak zerrendan agertzen diren Zuzeulariak, argazki eta guzti gurean izen abizenez sinatu eta esateko daukatena plazaratzen duten euskaldunak.
Zuzeu GAZTEA Saria, urtaroko 500 euro banatuz, zuzeu.Tv, youtube, Sukaldean, pagotxa RZk, Podcast.eus atarian gordetzen ditugun podcastak: 10minututan, BarruanGaude, KaixoMaitia, zer duzu?, zuzeuko BiPareta, Urpeko Bonbarda, EUSKAL GAIZKILEAK SERIEA eta SSK podcast musikala, hauek guztiak, hasierako xede berarekin jarraituz, euskalgintza indartuz eta euskaraz biziz, plaza hau pentsamolde ezberdinetako euskaldunen arteko informazio eta eztabaida plaza gisa indartzen segi, aurrera begirako etengabeko lan ixil eta xumean jarraitzeko, gogo onenarekin beti badakizu. Eta badakizu jakin, agora honetan parte hartu nahi izanez gero eskua altxatu besterik ez duzula, erabiltzaile bat sortu eta plazara! Mila esker eta zorionak urte luze guzti hauetan bidea gurekin egin duzuenoi, izan zaitzagun bidaide, segi bizkor, izan zuzeu, zaindu eta ondo izan!
Txaloak plaza hau eskaintzen duzuenoi!