Garbiñe Ubedak “Peio Ospital eta Pantxoa Carrere” (Kafe Aleak)

Garbiñe Ubedak “Peio Ospital eta Pantxoa Carrere” (Kafe Aleak)

7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL

.

Peio Ospital eta Pantxoa Carrere

“Peio Ospital eta Pantxoa Carrere” (Elkar, 1975)

.

Haurtzaro galdua

Sukaldeko armairuaren gainean edukitzen zuen amak magnetofoia –istriputxoetatik babesteko toki aproposagorik ez zuen harentzat aurkitzen–, beti martxan, irratiari justuko berriketak ere egiten utzi gabe. Beltza zen aparatua, garai hartarako aski modernoa, larru itxurako estalki batean bildua, pianoarenak ziruditen tekla lodikoteak sakatuz gobernatzen zena. Ukitu bitxia ematen zion sukalde zaharrari, eta logika antzeko zera bat, zentzua edo, gure pareten arteko espazio akustikoari, gure bizitzari, bertan bizi ginenon sintoniari.

Garbiñe Ubedak "Peio Ospital eta Pantxoa Carrere" (Kafe Aleak)Magnetofoiarekin batera, anaia zaharrena datorkit akordura, hanka fineko aulki metaliko batean igota eta oin puntetan tente, tramankuluari bazka emateko beti prest. Hamar bat urte izango zituen. Iltzatuta gelditu zaidan une hartan, azal urdineko kasete bat zeukan anaiak eskuan, segundo eskasetan trikitiaren bolada hegemonikoa hautsi eta haize erauntsia ekarriko ziguna; kantatzeko moldeagatik, bi ahotsen harmonia gozoagatik, hain exotiko eta ezezagun egiten zitzaigun hizkeragatik, lelo itsaskorrengatik nahiz abestien mami tinkoengatik, zinta ondo korapilatu arte behin eta berriz entzungo genuena. Zera zioen kaxan, psikodelia garaian usu ikusitako hizki biribilduz: Peio Ospital eta Pantxoa Carrere.

Titulu bereizgarririk gabeko disko hark dirdira bereziz argitzen zuen gure espazioa. Hura ez zen kantu-bilduma hutsa. Ezin zen gogoaren arabera gustukotzat edo zatartzat, berritzailetzat edo zaharkitutzat, hunkigarritzat edo arrunkeriatzat jo, beste edozein disko balitz bezala. Hura gure bizitzaren soinu-banda zen kasik; gure inozentzia, garaian bizi genuen filmeko parte bihurtzen zuen tresna, gure egunerokotasunaren azalpena, gure orduko egia.

Hari esker ulertu genuen, hain zuzen, 1977ko martxoaren 8an guardia zibilek gure osaba metrailatu zuenean ez genuela harengatik negarrik egin behar. Mundu honetatik joana zela, bai, baina Euskal Herriko zeruan izar berri bat piztera. Lazgarria izanda ere, hiltzailearen aurrean zutitu eta euskaraz mintzatuko zela balaz josi aurretik. Eta guk, haurrok, ikastolakumeok, oihaneko urtxintxok, plazara behar genuela jalgi, geure herriaren geroa ginelako.

Disko askok eta musika molde ugarik osatu dute geroztik nire bizitzaren soinu banda. Oso gutxi dira, ordea, berriz entzuterakoan halako kutsu mingotsa uzten didatenak, estreinakoz entzun nituen garaiaren nostalgia barregarri uzten dutenak. Testuinguruak du erru puska.

Hendaian bizi naizenez geroztik, ia urtero entzuten dut Pantxoa eta Peioren abesti ezagunenetakoa, Lepoan hartu eta segi aurrera, eta beste kanta enblematikoren bat edo beste ere bai, bidenabar. Abuztuko Euskal Bestan izan ohi da, herri osoa ikurrinez eta lauburuz eta piperrez eta pilotaz eta baserritarrez ondo dotore jantzi eta bozgorailuetatik, bazter orotatik entzuteko moduan, parrandarako euskal giroz irradiatzen gaituztenean. Pot-pourrian grabatutako disko batetik ateratzen da kanta, egun osorako autoreverse-n jarrita, ¡Que viva Hendaya! abesti-bertsioaren ondotik –Manolo Escobarrena, bai– eta Paquito Chocolatero patxangadaren aurretik. Egun horretan ikusten diren aitzur etilikoak ikusita, goitika egiteko akonpainamendua dirudi.

Gure haurtzaroko sentipenek turistentzat jarritako amuaren antza hartzen dute orain, merke zurreko folklorearen tonua, tamalez.

.

Garbine Ubeda Goikoetxea (Tolosa, 1967) idazlea

.

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Garbiñe Ubedak / Garbiñe Ubedak / Garbiñe Ubedak
diskoak, Garbiñe Ubeda, Kafe Aleak, musika, Peio Ospital eta Pantxoa Carrere

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude