Joseba Azkarraga Etxegibel: “Ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino”

Joseba Azkarraga Etxegibel: “Ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino”

Gaur egun gure eguneroko bizitzan hain eragin gordina izaten ari den krisi ekonomiko finantzieroari garrantziarik kendu gabe, muineko krisi sakonago baten aurrean gaudela dio Joseba Azkarraga Etxegibel soziologoak: zibilizazio krisia. Diagnosi horren aurrean, kapitalismoaren amaiera ezinbestekotzat jotzen du pentsalariak, eta komunitatearen autoeraketan ikusten du aldaketarako hazia. Baleike.com-en daukazue Gune elkarteak antolatuta joan den ostiralean Forondan eman zuen hitzaldiaren mamia. Bideoan osorik ikus dezakezue.Lurrikara bat gertatzen denean geologoek epizentroa eta hipozentroa bereizten dituzte. Hausduraren energia azaleratzen den lurrazaleko puntua da epizentroa. Hipozentroa, berriz, lur azpian hausdura gertatu den puntua. Gaur egungo krisi ekonomiko finantzieroa da epizentroa; baina sakonean zibilizazio krisi baten aurrean gaude. “Krisi ekonomiko finantzieroari meriturik kendu gabe”, etorkizuna erabat baldintzatuko diguten lau krisi erraldoiren aurrean gaude Azkarragaren iritziz:

Energia krisia

Zibilizazio urbano, moderno, industriala erregai fosiletan oinarritu da (petrolioa, ikatza eta gas naturala). Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, 2006an muga historiko bat gainditu genuen: lur azpian dauzkagun baliabideen erdia baino gehiago kontsumitu ditugu. Horrek esan nahi dugu dagoeneko kontsumitu dugula petroliorik onena eta merkeena. Hemendik aurrera, petrolio eskasagoa eta garestiagoa izango dugu. Ondorioak ikaragarriak dira, azken mendeko historian ez delako ezer ulertzen erreferentzia zuzenik egin gabe erregai fosilei, bereziki petrolioari. Merkataritza, nekazaritza, garraioa, industria, populazioa ikaragarri hazi dira petrolioari esker.

Klima aldaketa

Datuak jasotzen direnetik, Nabarmena da azken urteak izan direla beroenak. Zientzialarien aurreikuspen ezkorrenak betetzen ari dira. Erabaki da, gainera, 2020ra arte ezer ez egitea. Nazioarteko konferentzia guztiak izugarrizko porrota izan dira. Ondorioz, oso gauza larria onartu dugu: mende honetan Lurraren tenperatura bi gradu igoko dela batazbeste, gutxienez; eta lau gradukoa ere izan daiteke igoera hori. Horrek esan nahi du Afrikan tenperaturak zazpi gradu egin dezakeela gora. Kontinenteak gizakiarentzat bizigarri izateari utziko lioke. Klima aldaketaren ondorio ekonomikoak ere larriak izango dira. Klima aldaketak erakusten digu kapitalismoari bere kasa funtzionatzen utziz gero ez digula huts egingo bere gaitasun suntsitzaileak.

Bioaniztasunaren krisia

Ekosistemak kaltetzen ari gara, oso modu larrian. 1975-2000 urte artean, 25 urtean, ekonomia halako lau hazi zen, eta naturatik hartzen ditugun baliabideen %60 galzorian jarri ziren. Nazio Batuen Erakundeen aurreikuspenen arabera, ez dago batere garbi planeta honek gure premiak asetzeko gaitasuna izango ote duen etorkizunean. Hau ez da kontu etiko edo estetikoa. Joera honek eragin zuzena izango du gure bizimoduan.

Elikagaien krisia

Eta laugarrenik elikagaien krisia aipatuko nuke. Gaur egun 7.000 milioi lagun bizi gara planetan. Ia bikoitzari jaten emateko produzitzeko gauza gara. Gaitasun produktibo handia daukagu. Beraz, gaur egungo gosea ez da arazo tekniko bat, jakien banaketan eta politikan daude arrazoiak. Baina etorkizunari begira ez dago batere garbi gure gaitasun produktiboak horrenbesterako emango duen. Demografia askoz arinago ari da hazten gure gaitasun produktiboa baino. Gainera, lur emankorrak galtzen ari dira egunetik egunera, funtsean petrokimikoen gehiegizko erabileragatik. Gainera, petrolioaren menpekotasun ikaragarria du gaur egungo agroindustriak; klima aldaketak ere ondorio zuzena du nekazaritzarengan; eta hori guztia gutxi balitz, espekulatzaileek negozioa egiteko gaitzat hartu dute, prezioak ikaragarria garestituz.

Honek guztiak esplikatzen du zergatik mundu mailan hainbat enpresa eta gobernu ari diren lurrak erosten. Adibidez, Txinak Afrikan lur sail ikaragarriak alokatu edo erosi ditu. Ikusten delako etorkizunean oso zaila izango dela nork bere populazioari jaten ematea.

Zerk ekarri gaitu egoera honetara?

Asko laburtuta, hazkunde ekonomiko mugagabearen ideia magiko eta utopikoak. Fizkioa da, ilusio optiko erraldoia. Hazkunde etengabearen ideiak ekarri gaitu kolapso finantzierora, hondatze ekologikora, inoizko ezberdintasun ekonomikorik handienetara. Hazkunde ekonomiko mugagabearen ilusioak ekarri bagaitu zibilizazio krisi honetara, oraindik orain, barne produktu gordina igotzen ari dela entzun orduko halako helduleku magiko bat sortzen non atseden hartu. Gure enzefalograma ikaratu hau automatikoki lasaitzen da. Eta bitxia da, ez baitago ideia autodestruktiboagorik. Etengabe hazi beharragatik egundoko talka batera ari gara iristen. Sistema sozio-ekonomikoa etengabe ari da hazten eta biosfera mugatua da. Hain da sinplea. Lurrak bere baliabideak berriztatzeko daukan gaitasunetik oso gora ari gara kontsumitzen (%30 goitik gaur egun), eta hondakinak ere Lurraren xurgatze gaitasunetik gora ari gara sortzen.

500 urte dituen artefaktoa da kapitalismoa. 500 urte hauek antolatu ditu “beti gehiago” ikuspegiarekin: teknologia gehiago, diru gehiago, ondasun material gehiago… Beti gehiago lojikak daukan inertzia historikoa izugarria da. Iraunkortasunaren perspektibak bete-betean jotzen du sistemaren flotazio lerroan. Ez da posible sistema kapitalista iraunkortasunaren arazoari aurre egin behar bazaio. Funtsezko kontraesana dago.

Segurunez, ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino. Suntsitzen ditu modu sistematikoan baliabide naturalak, komunitatea eta pertsonak, kontsumo ekintza bidez ari garelako gure identitateak eraikitzen, eta suntsitzen duelako gure dimentsio espirituala.

Gure elite ekonomiko eta politikoek badaukate abildade berezia defentsa mekanismoak sortzeko eztabaidaren aurrean. Horietako bat da pentsatzea zientzialariei zerbait okurrituko zaiela. Teknologiaren mitoa. Ez dago mito indartsuagorik gizarte honetan. Baina errealitatea da gaur egun zientziak ez daukala B planik. Zientziak eta teknologiak gaur egun pirula lasaigarrien funtzioa jokatzen dute gizartean. Mekanismo hauek egundoko oztopoa dira garaiz erreakzionatu ahal izateko, benetan sinesten ditugulako.

Dilema baten aurrean

Bidegurutze batera ari gara iristen, dilema oso potolo batera. Egoera honen aurrean, zer egin? Proposatzen ari zaizkigu hazkunde ekonomikoaren karrilari berriro heltzea, ekonomia estimulatzera zuzendutako politikekin. Metafora bat: gu bagoaz A8 autopistatik 140ko abiaduran, legeak ezartzen duen 120ko mugatik gora. Proposatu digute azeleragailua topera zapaldu eta hala eusteko 10-15 minutuz. Istripua izateko probabilitatea ez da handia, erabatekoa da. Oinarrian, hori ari zaizkigu proposatzen hazkunde ekonomikoaren bidearekin. Dilema zein da? Hazi ezik, kolapsora goaz, gaur egungo sistemaren parametroetan. Baina, haziz gero ere kolapsora goaz. Hori da gaur egun mahai gainean daukagun dilemarik garrantzitsuena. Eta gaur egungo sistemak ez dauka erantzunik. Paradigma berri bat beharrezko da ataka honetatik ateratzeko.

Gauza esentzialetara itzultzeko momentua da. Gaixotasun larri bat edo istripu bat duten pertsonek, heriotza aurrez aurre ikusten dutenek, bizitzan benetan garrantzitsua zer den identifikatzeko gaitasuna eskuratzen dute. Halako ariketa bat behar dugu zibilizio bezala. Nola demontre antolatu behar dugu gizartea guztion premia funtsezkoak ase ahal izateko muga naturalen barruan –bestela ez dago etorkizunik–, eta gainera eskasiak aginduko duen etorkizun berri batean. Hori da aurretik daukagun erronka.

Erronka: Nola bizi hobeto gutxiagorekin?

Oso arrazoizkoa da pentsatzea aipatu ditugun krisi guztiak larriagotzen joango direla. Ez daukagu motiborik kontrakoa pentsatzeko. Kolapso probabilitatea, istripurako aukerak, uste baino handiagoak dira. Gertakari segurua da norabidez aldatzen ez bada. Norabidez aldatzea eta abiadura mantsotzea ez dira gauza bera. Fisikoki ezinbestekoa izango da hemendik aurrera gutxiagorekin bizi behar izatea, eta ireki beharreko gidoi politiko berria izango da nola bizi hobeto gutxiagorekin. Auzitan ez dago sistema kapitalistak etorkizunik ba ote duen, gure bizimodu kontsumistak iraungo ote duen. Zalantzan dagoena da bukaera nola etorriko den.

Eskasiak agindutako etorkizun horretarantz egin dezakegu trantsizio ordenatua edo desordenatua. Mendiaren gailurrera iritsi gara eta orain jaistea dagokigu. Jaitsi gaitezke suabe-suabe, makilekin lagunduta, gauzak ondo planifikatuta: teknologia, zerbitzu publikoak, ekonomia, hezkuntza, kultura… Inteligentzia politiko dosi oso altuak beharko ditugu trantsizio bidezkoa eta orekatua izan dadin. Beste aukera maldan behera korrika hastea, zeren kontra amilduko garen jakin gabe. Hori da trantsizio desordenatua, injustizia dosi handiekin, kaosa, militarismoa, muturreko fenomeno politikoak.

Antola gaitezen

Gizarte eta herri mugimenduak sortzen ari dira trantsizio ordenatu hori bultzatzeko, erresilientzia komunitarioaren bidetik: komunitate garen neurrian has gaitezen antolatzen, ikuspegi pragmatiko eta eraikitzaile batetik. Nola egin aurre aipatu ditugun krisiei? Antola gaitezen. Horrek esan nahi du autosufizientzia lokala indartu behar dela. Elikadura eta energia burujabetasuna oso garrantzitsuak izango dira. Euskal Herria izan da garapenkerian txapeldun; baina, aldi berean, herri honetan sare komunitario oso sendoa daukagu. Autoeraketa lojikak apliatu ditugu Euskal Herrian, oso garrantzitsuak diren eremuetan: ekonomian (kooperatibak), hizkuntzan (euskara), hezkuntzan (ikastolak)…

Azken urteotan pauso kualitatibo garrantzitsuak egin dira bide horretan. Adibidez, Debagoienan energia berriztagarrien inguruan (bertan produzitu bertarako); kontsumo taldeen loraldia; tokiko monetak (Iparraldean), Otxandion gertatzen ari den iraultza, Zerain Fundazioa, auzolan mugimendua, REAS sarea, Caritas, Fiare banka etikoa… Esperientzia txikiak dira, lokalak, mugatuak, baina oso garrantzitsuak. Gobernuen zain bagaude, ez gara garaiz iritsiko. Norbanako bezala, ez da nahikoa. Tarteko esparrua da komunitatea. Potentzial handiko eremua. Askoz interesgarriagoa da gustatzen ez zaigunari harrika ibili baino gustuko dugun mundua eraikitzea. Hazi horietan daude potentzial handiko erantzunak. Aldi berean, maila globalagoan artikulatu beharko dira botere eta kontrabotereak, gugan eragina zuzena duten hainbat arazo globalak direlako.

Zer behar dugu ondo bizitzeko?

Erreflexio honek balio beharko liguke ongizatea zer den berdefinitzeko. Zer da bizitza? Bitxia da, baina milaka urtetako pentsamendu filosofiko, espiritual, erlijiosoek esan digute egozentrismoan, egolatrian eta materialismoan ez dagoela bizi pozik, hori ez dela bizitza estrategia inteligentea. Eta milaka urte eta gero iritsi gara eraikitzera dimentsio material horri inoiz funtzio sinboliko, sozial eta psikiko gehien esleitzen dizkion gizarte batera. Ez da bakarrik analfabetismo erraldoi batean bizi gaituela gure muga fisikoei dagokienez, badago baita ere analfabetismo erraldoia gure giza kondizioari berari buruz. Hanka bikook zer behar dugu ondo bizitzeko? Oraindik orain, ez gabiltza batere ondo erantzuten galdera funtsezkoari. Krisia ez da bakarrik gure inguruan gertatzen ari, gure barruan ere bai. Depresioa izango da XXI. mendeko izurritea. Krisi existentzialista batean gaude.

Mendebaldeko filosofiak beti esan digu zenbat eta ondasun gehiago pilatu eta gehiago kontsumitu, orduan eta aukera gehiago zoriontsu izateko. Eta ekialdeko filosofiek berriz, kontrakoa. Zenbat eta gehiago murriztu ondasun materialak kontsumitzeko irrika hori, zenbat eta gutxiago atxiki nitasunari, orduan eta eta aukera gehiago bizitza gozatzeko. Biek ezin dute arrazoia eduki. Bietako bat oker dabil. Eta badakigu zein den.

Joseba Azkarraga Etxegibel: “Ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino”

4 pentsamendu “Joseba Azkarraga Etxegibel: “Ez dago suntsipen handiko arma eraginkorragorik kontsumismoa baino””-ri buruz

  • Diskurtso hauekin aspertuta gaude. Beti betiko kritikatzen eta gero bakoitzak nahi duena egiten.

    Goazen guztiok ez kontsumitzera, baina ezer. Gure kaleko nire lagunaren fruterian, ezta nire anaiaren pelukerian, eta enpresa batean lan egin ezkero utz dezagun lanpostua kontsumismoaren arabera oinarritzen eta bizirauten baitu.

    Prrest al gaude?

    • Aspertuta zaudete… Nor baina? Niri oso interesgarriak iruditzen zaizkit Azkarragaren analisiak.

      Prest gauden ez kontsumitzeko? Kontsumismoa ez da kontsumo-ekintza hutsa; haratago doa eta dimentsio estrukturala du. Funtsezko galdera beste bat da: nola bizi nahi dugu? Galdera horri zintzotasunez erantzutea da egoera aldatzeko lehen pausoa.

  • Arazoaren jatorriari begira, Naturaz Beste egin genuenekoa aurkitu beharko dug, nekazaritzatik hasita,botere harreman jerarkikoak eraikiz inora ezeko ihesaldi zoroan.