Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu

Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu –

Enrique Morente Granadako Albaicin auzoan jaio zen 1942an. Flamenkoa ez zuen berezko zerbait izan, eta auzoan ikasita gerturatu zen, nahiz Madrilera joan arte (14-15 urterekin) ez zuen ahotsa emango zionean sakondu. Aurelio Selles (Aurelio de Cadiz) izango zuen irakasle eta aitaponteko ofizio honetan.

Behin Madrilen, Pepe de la Matronaren eskutik, eta flamenkoaren “zuloetan” ibiltze zen, egunero-egunero. Ez zioten berezko abildaderik ikusten berez, baina ausardiagatik eta erakutsi zuen jarreragatik leku bat egin zioten Charlot peña flamenkoan. Peña flamenkotik ahotsa urratzeko urteetara denbora joan zen. Ballet Mariemarekin lehendabizi atzerria ezagutzera (New Yorkeko Expoan abestu zuen) eta ondoren lehen festibal flamenkoan aritzera. Juan Talega, Gaspar de Utrera eta Antonio de Mairenarekin aritu zen han. Bere ahotsa eta artea erakusteko aukera ezinhobea izan zen. Susana y Josek Britainia Handia, Alemania, Holanda, Suitza eta Belgikatik bira bat egiteko kontratatu zuten. Ordurako bere izen ona arrunta zabaldua zegoen Zambrako eta café Chinitasen egindako emanaldiengatik.

Bere izenez argitaratu zuen lehen diskoa 1967koa. Cante Flamenco izena du eta Hispavox diskoetxea arduratu zen produkzioaz. 25 urte zituen arren, garai hartan Fosforito, Manolo Caracol eta Antonio Marienak egiten zuten flamencotik urrun zegoen (eta etorkizun eskasa ikusten zioten Morenteren bideari).

https://www.youtube.com/watch?v=cR2wp6rhCnM

Manolo Sanlucar ezagutuko zuen 1970an ordea, eta gitarjole harekin urte luzetako elkarlana abiaraziko zuen. Honek ateak zabaldu zizkion berriz, oraingoan bere izenez, Mexikon, AEBtan (Lincoln Center eta Spanish Institute) kontzertuak eman eta lehen sariak eskuratzeko (Musikako sari nazionala, besteren artean).

80ko hamarkadan Camaronekin buruz-buruko diskoak egin zituen eta sonatua izan zen Andalucia Hoy ikuskizunarekin biran aritu zen, batera eta bestera. Ikuskizunaren munduan esperientzia hartatik, La Celestinaren antzerkirako moldaketa (Antonio Robledo pianistarekin eta bere emazten zen Susana Audeoudekin) eta Obsesion ballet konposizioa egin zituen.Ia inorentzat ez zen sorpresa izan bide berri hauek hartzea: Morente bere kultur ezagutzagatik eta heterodoxiaren bideak hautatzeagatik bereizten zen gainerako belaunaldi kideengatik. Horrela besterik ez daiteke ulertu El loco romántico lana, 1988koa, On Kixoteren lanean oinarritu zena.

Iragan eta etorkizun, Granada eta mundua. Garcia Lorcaren poemak gaurkotzen bezala, orkestra sinfonikoekin edo magrebeko musikariekin elkarlanean aritu zen. Gehienok ordea, Lagartija Nickekin grabatu zuen Omega diskoarengatik ezagutzen dugu. Vicente Amigo eta Tomatito ere berarekin aritu ziren Garcia Lorcaren testuak bezala, Leonard Cohenen kantuak moldatzeko. Flamenko berriaren erreferentea izan zen disko hau. 2008ko Primavera Soundera joan zirenek, disko hartan oinarritutako kontzertuez gozatzeko aukera izan zuten.

Zentzu horretan, cantearen berritzaileetako bat izan da, eta baita poesia kultua flamencora eramateko arduradun nagusia ere. 2003an argitaratutako El pequeño reloj diskoa da bere bertuteen erakusle nagusia. Letra poesiaren mailan, artea flamencoarekin bat egiten eta tradizioa teknologiarekin uztartuta. 2008ko Pablo de Malagan, Morentek Picassoren obra kantatu zuen, Malagan artista berari eskainitako museoaren eskariz. Flamenco berriari beste estutualdi bat eman ziola adierazi zuten musika aldizkariek. Honen erantzun ona ikusita, El barbero de Picasso lana prestatzen ari zen, baina buruko infarto batek koman sartu zuen abenduaren 10ean eta atzo hil zen.

Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu

Irudia | Enrique Morente atzo hil zen. | Ezezaguna | LGPL
Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria

5 pentsamendu “Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu”-ri buruz

  • […] This post was mentioned on Twitter by zuzeu, Helua. Helua said: RT @zuzeu: Enrique Morente: bizitza bat eta lau kantu: https://zuzeu.eus/?p=20129 […]

  • Ahaztu egin zait komentatzea eta barkaezina iruditzen zaidanez, Sonic Youthekin ere elkarlanean aritu zen.
    http://www.youtube.com/watch?v=8rfe8iOgnwY

  • Juanma Sarasola 2010-12-16 11:07

    Granadatik lagun batzuekin itzultzen entzun nuen bigarrenik Morenteren eta Lagartija Nicken Omega diskoa (lehenik Gara egunkariaren aurkezpen jaialdian, Anoetan, baina akustika kaskarrarekin). Hiritik atera, eta eguna ilunabartzen eta gorritzen ari zela, olibondoz jositako zelai eta muinoen artetik joaki ginela gure bidaiaren soinu bandetako bat izan zen egun batzuez… Zirraragarria, musika eta paisaiaren uztartzea. Ahaztezina, eta bihotz-begietan betikotz itxekia.
    Gerora izango nuen disko hura lasaiago eta beste testuinguru batzuetan entzuteko eta mamitzeko aukera, baita haren flamenko hutsezko beste kantu sorta batzuez gozatzeko ere. Baina heterodoxiaz eta esperimentazioaz blai dagoen Omega elkarlan hori dut haren lanen artetik kuttunena.
    “Primero conquihtaremoh Manhattan… dehpueh conquihtaremoh Berlin…”
    … eta Granada (Iliberri eta Gharnata xaharrak) ez ezik, Morente, Lorca, eta Cohen ere betikotz geratuko zaizkigu gogoan.

  • Juanmak aipatzen dituen lagun horietako bat naiz eta uste dut furgonetan gindoazenetatik inori ez zaigula ahaztuko Omega diska furgonetako irratikasetean entzunez Sevillatik Granadarako bide tarte hura… Hura izan zen neretzat geroztik kultuzko diska bihurtu den Omega (eta baita Enrique Morente ere) entzun nuen lehen aldia. 

  • Juanma Sarasola 2010-12-16 13:43

    Ops, azken parrafoan burua joan zait pitta bat. Hauxe idatzi nahi nuen zehazki, Cohenek ere (ingelesez) kantatu zuen ‘First We Take Manhattan’ eder horren gaztelaniazko bertsioan honela zioelarik Morentek (andalù azentu eta arimarekin):

    “Primero conquihtaremoh Manhattan… dehpueh conquihtaremoh Berlin…”
    … eta gerora Granada (Iliberri eta Gharnata xaharrak) konkistatuko ditugu!

    Vade retro Rex Catholicum
    (ejem, ez dut latina menperatzen)