Euskararen Nazioarteko Egunean lau pezetako berbak

Euskararen Nazioarteko Egunean lau pezetako berbak

Jarraian, Bernat Etxepareren enegarren zita: “Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita zienzia guzietan letratu handirik, miraz nago, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje propriaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera eta eskributan emaitera… Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazione bage, eta berze nazione orok uste dute ezin deus ere eskriba daiteiela lengoaje hartan…”

Eta miraz gaude gu ere, Lehendakari hau nola batere ez den saiatu euskararen faboretan, euskara ikasten eta mintzatzen eta eskributan emaiten… Bere utzikeriaren erruz ere, gelditzen baita abaildurik, ezein reputazionerik gabe, eta bertze nazionetako ordezkari orok uste baitezakete ezin eskriba daitekeela euskaraz, bera baita EAEko euskal herritarren Lehendakaria (euskaldun askorena barne).

Ondotik diosku euskara mundu zabalean dabilela, Unibertsitatean eta hedabideetan ere, “ezintasun” asko eta asko apurtu direla…, baina hara non, Lehendakariaren beraren ezintasuna ez. Euskararen hedatze masibo horrek ez du Lehendakaria harrapatu, ezta bere gobernuko kontseilari gehienak ere.

“Euskara guztien aukera da”, dio eskuzabal. Ez da egia, baina. A ereduko ikaslearentzako ez da aukera. Lanbide Heziketan urriak dira euskaraz ikasteko aukerak. Unibertsitatean ez dira oraindik osatu. Lan munduan (hasta)penetan gaude. Jaurlaritzan bertan ametsa da oraindik euskaraz lan egiteko aukera gehienentzat, Lehendakariarekin eta gobernukide gehienekin euskaraz aritzea bezalaxe.

“Inork ez du jabetzarik” idatzi du, baina ez da zuzena, Lehendakari jauna, euskaldunona baita euskara. Ez erdaldun elebakarrena ordea. Euskaraz mintzatu, entzun, idatzi eta irakurri nahi duten guztiena da euskara, ez beste inorena.

Eta ondotik: “Hiritarren askatasun eta borondatean nahi dugu oinarritu etorkizuna”… Baina horrela bada, non gelditu da euskaldunon hizkuntza askatasuna? Ez dugu guk ikusten Lehendakariari eta gobernukide gehienei euskaldunon hizkuntza askatasunak kezka handirik eragiten dienik. Izan ere, euskaldunon aukera urriak murriztea dirudi gobernu honen zeregin behinenetakoa. Zer egin duzue Ertzantzan, Osakidetzan, arlo publikoan oro har orain arte? Zer eredu xelebre saldu nahi diguzue Hezkuntzan ere?

Aurrerago, “Jaurlaritzak ez ditu euskaltzaleak bazterrean utziko: laguntza eta babesa izango dute”… Eskerrik asko euskaltzaleok “bazterrean ez uzteagatik”. Hala ere, atrebentzia ez bada, eskari xume bat luzatu nahi genizuke: posible litzateke erdaldunek dituzuen hizkuntza eskubideak aplikatzea euskaldunoi ere?

Edota, “Administrazioari dagokigu hiztunei bideak erraztea, munduan zabal dadin bitartekoak jartzea… Aniztasuna da gure elkarbizitzaren oinarri. Hizkuntzen arteko harremanak ezin dira arazo bihurtu, haatik, aberasgarri behar dute izan” Hamaika irakurtzeko jaio gara…  Bestalde, uste genuen hiztunen arteko harremanek zeukatela garrantzia, eta ez horrenbeste hizkuntzen artekoek.

“Gaur (euskarak)eremu digitala irabaztea nahi genuke…” Eta nola? Aurrez aurreko bizimoduan ahularaziz eta baztertuz? Ez dirudi biderik egokiena ba.

Despedidarako Lizardi aipatu du Lehendakariak: “Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa…”  Itzela! Euskara larrekoa dugu beraz, baserrikoa, borda-usainekoa ez besterik.  Kalerako, ikasteko, eta lanerako, hitz batean, noranahiko izan dadin lanean ari omen da gobernu hau. Halakoak irakurri beharra ere…

Gauzak horrela, ez digu konfiantza handiegirik ematen Legebiltzarrak, aho batez, “euskara eta elebitasuna sendotzeko xedearekin neurri malguak eta politika egokiak bultzatzeko konpromisoa” hartu izanak. Benetan uste dute egungo oposizioko alderdiek, Gobernua sustengatzen duten PP, UPyD eta PSE euskararen aldeko politika egokiak bultzatzen ari direla? Aplikatzen hasita dauden neurri murriztaileei “malgutasuna” dei dakieke? Ala eskubideen urraketa?

Esteban, M. Osoro, Z. Nikolas, M. Rezola, N. Mosteiro, G. Luzuriaga eta JJ Agirre

Administrazio publikoko langileak

Irudia | pezetak | Gomi | Creative Commons By SA