Zure ordenagailuak ez badu funtzionatzen, egin iezaiozu exorzismo bat
Zure ordenagailuak ez badu funtzionatzen, egin iezaiozu exorzismo bat –
“Deabruaren traste zahar hau!”. Zenbatetan oihukatu diozu hori ordenagailuari? Askotan? Ba jakizu ez zoazela bide txarretik. Deabruek gizakion arimak hartzen dituzten bezalaxe, gailu elektronikoen zirkuituen jabe ere egiten dira. Sistema eragilearen erroreak, lan garrantzitsu bat inprimatzera zoazenean funtzionatzeari uzten dioten inprimagailuak, ikaragarri mantso doazen ordenagailuak, behin eta berriz blokeatzen diren programak… Ez, ez da makinen errua, Satanena baizik.
…
Gene B. Moody artzainaren arabera (Baton Rouge, Louisiana, AEB), giza arima ez ezik, Satanen zerbitzura lan egiten duten deabruek gure ordenagailu eta tresna elektronikoak hartu nahi dituzte. Boyce eta Boice dute izena deabruek, eta haien helburua arazoak eta haserre eta etsipen sentimenduak sorraraztea da. Baina, zorionez, giza arimarekin gertatzen den bezalaxe (Moodyren arabera, guztiok omen ditugu deabruak barnean), bada gure gailu elektronikoetatik deabruak kanporatzeko modua.
Moodyk webgune bat sortu du internautoi arrisku horien berri emateko. “Boyce eta Boice edozein gailu elektronikotan sartzen diren deabruak dira. Adibidez, telefonoan, ordenagailuan, inprimagailuan, autoan… Zer edo zerk ez badu behar bezala funtzionatzen, bi deabru horiei gailua uzteko agin iezaiezu Jesusen izenean. Horrek ez badu funtzionatzen, orduan arazoa ez dute deabruek sortu”.
Baina Moody ez da hala pentsatzen duen bakarra. Jim Peasboro artzainaren The Devil in the Machine (deabrua makinan) liburuak izpiritu gaiztoek zure ordenagailua nola kutsatzen duten azaltzen du. Peasborok bere liburuan honakoa dio: “informatikaren aroak aurrerapen asko ekarri ditu. Baina ate arriskutsu bat ere ireki du: Luzifer eta bere morroiak gure arimak galbidera eramateko gurutzatzen duten ate hori. Nire kongregazioko zenbait kide, beren ordenagailuak erabiltzen dituztenean, indar ilunarekin harremanetan jartzen direla aurkitu dut. Familia-gizon zoriontsu eta zintzoak toki pornografikoetara bultzatuak izaten dira eta gauza gorrotagarriak ikustera behartuak”.
Beraz, ordenagailua konpontzera eraman aurretik, ondo pentsatu, agian exorzismo batekin nahikoa izango da eta. Antibirus enpresa handiak arriskuan ote ira? Auskalo. Gauza bat ziur da: mundu honetan pertsona xelebre asko dago.
Beno, agian badu arrazoi apur bat Moody apaizak. Begiratu bestela Ubuntu-ren edizio satanikoa