[Buru Ariketa] Zifren bila
[Buru Ariketa] Zifren bila –
Zientzia Kaiera atariak dozena erdi buru ariketa atondu izan ditu azken udetan. EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren blogak eredu bera erabili izan du aurreko urteetan ere, eta salabardoari, iaz egin zuen legez, aurreko urteko ariketak berreskuratzea otu zaio, 2018koak, oraindik egin gabe dituzuenontzako.
Igandero bat eskegiko dugu leiho honetan, aurreko ariketaren erantzunarekin batera.
Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta udako oporretan egiteko astero ariketa matematiko bat izango duzu; Javier Duoandikoetxea matematikariak aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko. Guztira sei ariketa izango dira.
Gogoan izan ahalegina bera –bidea bilatzea– badela ariketa. Horrez gain tontorra (emaitza) lortzen baduzu, poz handiagoa. Ahalegina egin eta emaitza gurekin partekatzera gonbidatzen zaitugu. Ariketaren emaitza –eta jarraitu duzun ebazpidea, nahi baduzu– idatzi iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta datorren astean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.
.
Zifren bila (2. ariketa)
Zifra biko zenbaki bati zifra bi horien biderkadura kenduta, 12 lortzen da. Aurkitu propietate hori betetzen duten zenbaki guztiak.
.
.
Lehenengo ariketaren erantzuna (Karta-jokoa):
1.- Bost lagun kartetan ari dira. Partida bakoitzean lauk jokatzen dute eta batek ez, txandaka. Partida bakoitzeko jokalarien adinen baturak hauek dira: 124, 128, 130, 136 eta 142. Zenbat urte ditu jokalari gazteenak?
Jokalari bakoitzak lau partida jokatu ditu, beraz, ariketak ematen dituen kopuru guztiak batuz jokalari guztien adinen batura lau bider agertuko da. Hortaz, 660:4=165 da adin guztien batura. Gazteenak, 165 – 142 = 23 urte ditu.
.