Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala

Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala –

1936ko altxamendu faxista eta ondorengo gerra mugarri handia izan dira Euskal Herriko historian, gure herriari sufrikario, heriotza eta zapalketa ekarri dizkiotenak. Orduko euskaldunek larriki ordaindu zuten faxistei aurre egitea eta Euskadiren alde borrokatzea. Horietako bat dugu Jesus Galindez arabarra. Ikus dezagun:

 

Haur eta gazte urteak

Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leialaJesus Galindez Suarez Madrilen jaio zen 1915eko urriaren 12an. Aita, Jesus Galindez Ribero, arabarra zuen, Amurrioko semea, eta Madrilen mediku okulista gisa aritzen zen lanean. Ama, berriz, Maria Suarez Erromarate zuen eta semeaz erditu ondoren, hamaika egunen buruan, zendu zen. Hori dela eta, mutikoa Amurriora igorri zuten, amama-aititekin hazi zedin. Familia Larrabeobe baserrian bizi zen, aitita medikua zen, eta horretaz gain, Amurrioko alkate. Jesus haurrak Amurrioko josulagunen eskolan egin zituen bere lehen ikasketak.

Horiek amaitzean, aitak Madrilera eraman zuen eta josulagunen barnetegi batean sartu. Hortxe egin zituen ertain mailako ikasketak, eta bukatzean, zuzenbide goi-ikasketak egiteari ekin zion, Universidad Central zelakoan, hau da, gaurko Complutense Unibertsitatean. Euskal Herritik urrun bazen ere, berehala aberriarekiko maitasuna gailendu zitzaion, eta hamazazpi urterekin Euzko Alderdi Jeltzalean sartu eta Euzko Ikasle Batzan parte hartu zuen. Unibertsitateko ikasketak burutzeko euskal baserriari buruzko tesia garatu zuen.

.

1936ko gerra urteak

Unibertsitateko titulua lortu eta handik hilabetera matxinada faxista gertatu zen. Jesus Galindez Madrilen zegoen, eta hasiera-hasieratik hirian ziren EAJ-ko gainerako militanteekin batera aritu zen. Jeltzaleek zaintzarako talde berezi bat antolatu zuten Madrilen zeukaten egoitza eta bertan ziren euskaldunak babesteko asmoz, eta Jesus Galindez horren buru jarri zuten.

1937ko maiatzean, Manuel Irujo jeltzalea Espainiako Justizia ministro izendatu zuten eta hainbat hilabetez, Jesus Galindez Presondegietako Buru gisa aritu zen. 1937ko irailean Aragoiko frontean borrokatzen ari zen Euskal Brigadan sartu zen, teniente maila erdietsiz. Kataluniako frontean borrokatu zen gero, eta gerra galtzean, 1939ko otsailaren 19an, Ipar Kataluniara pasatu zen Errepublikako soldaduekin batera eta hortik Bordelera. Frantsesek preso hartu eta Vernet-eko errefuxiatu-eremuan sartu zuten eta hortxe eman zituen zortzi hilabete, ihes egin zuen arte. Landetan, euskal apaiz batek aterpetu zuen bere etxean. Dominikar Errepublikako diplomatikoekin harremanetan sartu zen eta Bigarren Gerla Handia piztu berria zela, aipatu errepublikara erbesteratu zen.

.

Dominikar Errepublikan emandako urteak

1940-1946 urte bitartean Dominikar Errepublikako Santo Domingo hiriburuan bizi izan zen, bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkari eta unibertsitatean zuzenbideko irakasle izan zelarik. Errepublika horretan Rafael Leonidas Trujillo zen lehendakari eta diktadore. Jesus Galindezek inoiz ez zuen diktadorea jende aurrean kritikatu, Eusko Jaurlaritzarako egiten zituen lanak ez oztopatzearren, baina sekretupean era guztietako datuak eta zehazkizunak bildu zituen.

Santo Domingo hirian bazen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat Eusebio Irujoren zuzendaritzapean zegoena. Hortxe aritu zen Jesus Galindez lanean, militante gisa hasieran, eta gero, Eusebio Venezuelara joan zenean, ordezkari nagusi gisa. Eusko Jaurlaritzak horrela eskaturik, espioitzan aritu zen FBI-rako Domimikar Errepublikan ziren agente pronazien eta espainiar falangisten berri emanez. Amerikarrek euskal kausaren alde egiteko hitza emana zuten, eta horretan sinesturik, euskal abertzale franko espioi gisa aritu ziren luzaz.

Agirre lehendakariak, berarekin batera, New Yorkera joateko eskatu zion, Nazio Batuen Erakundeko Euskal ordezkaritzan lan egin zezan. Eskaintza onarturik, 1946ko urtarrilaren 31n Galindez New Yorkera abiatu zen.

Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala

Jesus Galindezen idazlanak

Madrilen, Euskal Herritik urrun, bizi zela, hasi zen euskal gaiez idazten, eta horrela jarraitu zuen, pasio eta grina handiz, bizitza osoan zehar.

Hauek dira bere liburuetako batzuk:

La Tierra de Ayala y su Fuero (1932) / Aiarako eskualdea eta bere forua.

La aportación vasca al derecho internacional (1942) / Euskal ekarpena nazioarteko eskubideari.

Euzkadi, el país de los vascos dinámicos / Euzkadi, euskaldun arizaleen herria.

Iberoamérica, Su evolución política, socio-económica, cultural e internacional / Iberoamerika eta bere garapen politiko, sozio-ekonomikoa, kulturala eta internazionala.

Cinco leyendas del trópico. 1944. / Tropiko aldeko bost kondaira.

El derecho vasco. / Euskal eskubidea.1947.

Divorce in the Americas / Dibortzioa Ameriketan.1947.

– La revolución francesa repercute en Euzkadi. / Frantses Iraultzaren eragina Euzkadin. 1947.

Un siglo de lucha por la libertad vasca / Euskal askatasunaren aldeko mende bat. 1948.

Los vascos en el Madrid sitiado. 1951. / Euskaldunak gerra garaiko Madrilen.

– Estampas de la guerra / Gerrako gertakizunak. 1951

La era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana / Trujilloren garaia: Hispanoamerikako diktadura bati buruzko ikerketa (bere doktore-tesia, 1956an onartua)

Hil ondorengo argitalpenak:

Artículos políticos (1943-1956). / Artikulu politikoak (1943-1956). Iñaki Anasagatik prestatu edizioa. 1985.

Artículos históricos. / Artikulu historikoak. 1987.

.

New Yorkeko urteak

New Yorken zela jarduera bikoitza landu zuen. Alde batetik euskal ordezkaritzan eta bestetik, EAJ-ko Anton Iralaren zuzendaritzapeko espioi sarean. 1949tik aitzina Columbiako unibertsitatean aritu zen eskubide-irakasle gisa. Lehen urteetan ilusio handiz aritu zen bai Nazio Batuen Erakundean eta bai CIA eta FBI-rako espioitza lanetan, aliatuek euskaldunak laguntzeko emandako hitzaz sinetsiz, baina berrogeita hamarreko hamarkadaren lehen urteetan, amerikarrek politika norabidea aldatu zutenean, frankisten alde jarriz, desilusio handia zabaldu zen euskal abertzaleen artean.

Jesus Galindezek espioitza lanak utzi zituen eta Columbiako unibertsitatean filosofia lizentziatura ateratzeari ekin zion. 1956ko otsailaren 27an 700 orrialde inguru zituen tesi doktorala onartu zioten. Hau zen gaia: La era de Trujillo: un estudio casuístico de dictadura hispanoamericana, hau da, Trujilloren garaia: Hispanoamerikako diktadura bati buruzko ikerketa. Horretarako Dominikar Errepublikan bizi izan zenean, bildutako materiala erabili zuen. Tesian biziki kritika gogorrak egin zizkion Trujilloren diktadurari, eta garbi utzi zuen Ramfis ez zela diktadorearen seme biologikoa. Hau izan zen Jesus Galindezen galera.

.

Trujillo diktadorearen mendekua

Galindez egiten ari zen tesiak ospe handia bereganatu zuen garaiko prentsan, eta ainitz ziren liburuaren zain zeudenak. Horren beldurrez, Trujillo diktadoreak Galindezen bahiketa agindu eta antolatu zuen.  Stuart McKeever ikerlariaren ustez, diktadoreak miloi bat dolar ipini omen zuen bahiketa egin ahal izateko. Horretarako FBI-ko kide ohia eta CIA-ko kide aktiboa zen John Joseph Frank hautatu zuen eta horren aginduetara hogeita hamabost gizon jarri zituen.

1956ko martxoaren 12an, Galindez bahitu zuten eta Dominikar Errepublikara eraman. Bertan, torturatu ondoren, hil eta desagerrarazi zuten. Hil ondoren, 1956ko ekainaren 5ean, Columbiako Unibertsitateak doktore in absentia izendatu zuen, Galindezen egindako tesia onetsiz, sarituz eta zabalduz. Haren gorpua inoiz aurkitu ez zen arren, 1963ko abuztuaren 30ean, amerikar poliziak hildakotzat eman zuen. 1976ean, Sabino Arana Fundazioak Galindezen omenezko erakusketa bat antolatu zuen Bilbon, Amurrioko abertzalearen inguruko 100.000 agiri azalduz, batez ere, espioitza zerbitzuetan emandako urteetakoak.

Jesus Galindez abertzale sutsua izan zen, intelektual handia, euskal aberriaren zerbitzura beti aritu zena. Aliatuen promes faltsuak, haien hitz ederrak sinetsi zituen bete-betean, Agirre lehendakariak sinetsi zituen bezalaxe, eta hori dela eta, espioitza lanetan lagundu zien. Azken urteetan, argi eta garbi ikusi zuten dena engainu bat izan zela eta etsipena nagusitu zen gizon haien bihotzetan. Horrek eraman zuen Galindez filosofia ikastera eta Trujillori buruzko tesia egitera. Eta horrela bere bihotz kolpatuarentzat babes eta aterpe izan behar zena, heriotza ekarle bilakatu zitzaion. Goian bego.

Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala

Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Jesus Galindez, aberriaren zerbitzari leiala”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-08-09 11:03

    Garai haietan JA Agirren inguruan batez ere, bazen andana bat politikari abertzale bihozdun eta arizale. Horietariko anitz une bat egon edo bederen pasatu ziren Iparraldetik, haien alderako errespetua sorraraziz.
    Iduriz oso guti ezagutzen dudan Galindez hau txitaldi berekoa izango zen.
    Ezdakit inpresio paseista faltsua den ene aldetik baina gaur ez dut horrelako horrenbeste ikusten.

  • Javier Cuadra 2021-08-19 16:41

    Aspalditxo argitaratua da idazlan hau baina orain baizik ez diot nik, halabeharrez, erreparatu.
    “Larrabeobe”, Joseba, ez da Amurrion batere esistitzen. Berez, Buenos Airesko EKIN argitaletxeak argitaratu zuen “La Tierra de Ayala y su Fuero” liburuan agertzen da “Larrabeobe”, berez “Zaraobe” behar zuena…
    “Zaraobe” hori urtetan erabili izan dugu, nahiz orain hobeki “Saraube” erabiltzen den berriz ere. Madinabeitiaren “El libro de Amurrio”rako (1932) Manuel Lekuonak prestatu zuen toponimo batzuen interpretazioan agertzen da, eta horrela onartu zen hamarkadetan besterik gabe.
    Gero Vázquez Montalbanek segitu zuen “Larrabeobe” horrekin bere eleberrian, “Galíndez”.
    Esan dezadan “La Tierra de Ayala y su Fuero”, 1957an kaleratu zela, hau da, Galindez desagertu eta, seguruena, hil ere ondoren. Testua, itxura guztien arabera, askoz lehenago bidalia zuen Galindezek argitaletxera, bertan “inedito” bezala aipatuta agertzen baita 1952an kaleratua zen hitzaldi bat.
    Orduko mehatxatuta sentitzen hasia zen Galindez, eta ordukoa da, hain zuzen, 1952koa, testamentu bat, Aiarako Foruaren arabera egin zuena… Bitxia, abokatua zenez, ongixko baitzekien berak gure Aiara txiki honetako foruak ezer gutxi balio zuela Estatu Batuetan… Nik neuk, beldurraren airean ulertzen dut eskuidatzizko testamentu hura..
    Gure aitona-amonek ezagutu zuten, gaztetxotan (Amurrion azkena 15 urterekin egon zen, nahiz han-hemen “Josu Amurrio” sinatu ohi zuen batzuetan, eta aski mitifikatua zuen Amurrio bere idatzietan). Gure amamak zioenez, “musika jotzen zuen euskaraz”… Txistua jotzen zuen, edo ahalegintzen bederen. Argazkiren bat ere bada, praka motzetan, mizpirabilozko bibotea eta txistua eskuan.
    Aitona “Círculo Artesano”ko arduradun egon zen denbora batez (“Batzoki” izena eman gabeko batzokia zen) eta zioenez, handik ibiltzen zen. Harrigarriena, guztientzat, aitonarentzat ere bai, aita zeharo españolista zuelarik (gilrroblista, izan ere), hain EAJko sutsua izatea mutikoa.
    Ondo izan.

  • Joseba Aurkenerena 2021-08-19 22:50

    Mila esker Javier, eman dituzun azalpenengatik. Larrabeoberen jatorria ez nuen ezagutzen. Orain badakit, Zaraobe dela egiazko izena. Mila esker, berriz ere. Besarkada bat.