Zientziaren dibulgazioa eta gizarteratzea saritu dira, 2014ko CAF-Elhuyar Sarien bidez
Gorka Azkune, Ostaizka Aizpurua eta Estitxu Villamor ikertzaileak eta Amaia Portugal kazetaria izan dira sarituak. Elhuyarren Merezimendu Saria, berriz, Julian Bereziartua medikuak jaso du.
Sari-banaketaren ondoren, Arte eta Historia Museoan, Xabi Erkiziaren «Idazkera isilak» erakusketa zabaldu da, iazko Zientzia Gizartean sorkuntza-bekaren emaitza.
Gaur izan da CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Photomuseum Argazki & Zinema museoan (Zarautz). Argiaren Nazioarteko Urtearekin bat eginez, «eman argia zure lanari» lelopean egin da sari-banaketa. Hain zuzen ere, horixe da sariketaren xedea: zientziaren dibulgazioan eta gizarteratzean lanean ari direnei argia ematea.
Hala, hauek izan dira aurtengo sarituak, epaimahaiak hala erabakita, kategoriaren arabera:
Dibulgazio-artikulu originalak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientziaren eta teknologiaren dibulgazio-lanak saritzen dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorrak, batetik, eta egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, bestetik.
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Gorka Azkune Galparsorok jaso du (Azpeitia, 1982), «Garun Txiki birtualak» izeneko lanarengatik.
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Ostaizka Aizpurua Arrietakeskuratu du (Zarautz, 1986), «Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa» artikuluarengatik.
Azpikategoria bakoitzaren irabazleak 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegiren eskultura bat eskuratu du.
Gainera, Estitxu Villamor Lomasi (Gasteiz, 1987) Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren aipamen berezia ematea erabaki du epaimahaiak, egin duen lanak aitortza merezi duela iritzita. «Karga-garraiorik gabeko elektronika berria» da Villamorren artikuluaren izenburua.
Azkenik, Zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian, 2014an euskaraz sortu eta argitaratutako zientzia-kazetaritza arloko lan bat saritzen da, hori ere 2.000 eurorekin eta Imanol Andonegiren eskulturarekin. Aurten Amaia Portugal Gonzálezek jaso du (Donostia, 1984), Berrian argitaratutako artikulu honengatik: «Minimalismoa laborategian».
Tamalez, Zientzia Gizartean sorkuntza-beka eman gabe geratu da aurten. Aurkeztutako lanek, gutxi izateaz gain, ez zituzten betetzen epaimahaiak baloratzen dituen irizpide guztiak.
Hala ere, antolatzaileek unea baliatu dute sortzaileak animatzeko, datorren edizioan aurkez ditzaten beren proiektuak, bekari esker bultzada polita jasotzeko aukera izango baitute. Horren adibide da iaz beka jaso zuen proiektua, Xabier Erkiziaren «Idazkera isilak» izenekoa. Erkiziak urte osoa eman du lanean, eta lan horren fruitu gisa ENTZUTE ISILAK erakusketa zabaldu du ekitaldiaren egunean bertan Zarauzko Arte eta Historia Museoan. Maiatzaren amaierara arte egongo da zabalik (ostegunetik igandera).
Horrez gain, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Merezimendu Saria ere ematen du. Aurten, Azpeitiko Julian Bereziartua medikuak jaso du Elhuyarren Merezimendu Saria, medikuntzan euskara normalizatzen, eta medikuntza-arloaren dibulgazioan egindako lanarengatik, bereziki, Euskadi Irratian.
Sari-banaketa ekitaldian, Cristina Uriarte Toledo, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua; Lorena Eleno, CAFeko Giza Baliabideetako Lan Harremanetako arduraduna eta Euskera Batzordeko zuzendaritzako ordezkaria eta Txema Pitarke de la Torre, Elhuyarreko lehendakaria izan dira sari-emaileen artean. Gainera, epaimahaiko-kide batzuk eta sarituak ez ezik Jorge Giménez Bech, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; Martin Garitano, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia; Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatua; Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Carlos Garcia, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendaria; José Luis Lekanda, IK4ko komunikazio arduraduna; Cristina Alberdi, Tecnaliako marketin arduraduna, Jon Zarate Sesma, EHUko Euskararen arloko errektoreordea eta Asier Vallejo, Ekaia aldizkari zientifikoko zuzendaria, ere egon dira gonbidatuen artean.
Kide hauek osatu dute dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituen epaimahaia:
– Leire Cancio. Elhuyarreko zuzendari nagusia.
– Arturo Elosegi. Ekologoa, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
– Marian Iriarte. Kimikaria, EHUko ikertzailea eta zientziaren dibulgatzailea
– Uxune Martinez. Inguma datu-base zientifikoaren kudeatzailea, UEU
– Alberto Barandiaran. Kazetaria eta Hekimeneko zuzendaria
«Zientzia gizartean» sorkuntza-bekara aurkeztutako lanak, berriz, lagun hauek epaitu dituzte:
– Maria Gil. Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna
– Josu Rekalde. EHUko Arte Ederren Fakultatea, Artea eta Teknologia saileko zuzendaria.
– Koldo Almandoz. Ikus-entzunezkoen arloko aditua, zinema-zuzendaria eta sortzailea. The Baldealdizkariaren zuzendaria.
Bukatzeko, hona hemen saritutako lanei buruzko xehetasun batzuk:
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria
– Izenburua: «Garun Txiki birtualak»
– Egilea: Gorka Azkune Galparsoro (Azpeitia, 1982). EHUn ikasi zuen Informatika Ingeniaritza, eta karrera amaierako proiektua Optika Kuantikoko Max Planck Institutuan egin zuen, Ignacio Ciracen zuzendaritzapean. Tecnalian aritu da lanean robotika eta adimen artifizialaren arloetan, eta gaur egun DeustoTech-en ari da ikertzaile, sistema adimendunen esparruko ikerketetan sakontzen, doktore-tesia bukatzeko helburuarekin.
Neurona-sare artifizialei irakasteko estrategiez ari da Azkune artikuluan. Epaimahaiaren ustean, «gaurkotasun handiko gaia lantzen du, trebetasun handiz, eta adibideetan bete-betean asmatzen du». Epaimahaiak nabarmendu du egilea etorkizunera begira jartzen dela artikuluaren amaieran: «egilearen ikertzaile-sena adierazten du horrek», adierazi du. Hain zuzen ere, dibulgatzaile trebea izateaz gain —iaz ere berak irabazi zuen kategoria bereko sari nagusia—, adimen artifizialaren arloko ikertzaile ere bada Azkune, DeustoTech-en.
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria
– Izenburua: «Arrantzale bihurtu zen ehiztari hegalariaren istorioa»
– Egilea: Ostaizka Aizpurua Arrieta (Zarautz, 1986). EHUn biologian lizentziatu ostean hasi zen saguzar hatz-luzearen arrantza-portaeraren inguruan sakontzen. Bristoleko eta Kopenhageko Unibertsitateetan egonaldiak eginda, EHUn bertan defendatu zuen doktore-tesia (2014), Inazio Garinen eta Joxerra Aihartzaren gidaritzapean. Tesia bukatu zuenetik, ikertzaile lanetan dabil EHUn.
Saguzar hatz-luzeaz egindako ikerketa-lanaren kontakizuna jasotzen du Aizpuruak artikuluan, eta bikaina iruditu zaio epaimahaiari. Gaia berez erakargarria izanagatik zarauztarra ez dela errazkeriatan erori goraipatu du, eta gehitu du txukun idatzita egoteaz gain, artikuluan garbi jasotzen dela zer ekarpen egin duen EHUko ikertzaileak. «Testuaren idazkera eta tonua egokiak dira, eta egileak gaiarekiko duen grina transmititzen du», adierazi dute. Gainera, informazioa argazki eta grafikoekin osatzeko egindako ahaleginari esker, «irakurleak begiratu batean ezagutu dezake lanaren nondik norakoa».
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren aipamen berezia
– Izenburua: «Karga-garraiorik gabeko elektronika berria»
– Egilea: Estitxu Villamor Lomas (Gasteiz, 1987). EHUn Fisikan lizentziatu zen, eta CIC nanoGUNEn aritu da ikertzen. Lehenbizi, Nanozientzia masterra zela medio, eta, gero, doktore-tesia egiten. 2014ko abenduan «Injection, transport and manipulation of pure spin currents in metallic lateral spin valves» izeneko tesia defendatu zuen EHUn. Gaur egun, ikerketa alde batera utzi eta hezkuntzaren eta zientzia-dibulgazioaren munduan aritzea du helburu.
Spintronikaz ari da Villamor artikuluan. CIC Nanoguneko nanogailuen saileko ikertzailea da gasteiztarra. Hain zuzen ere, Villamorrek ikertzen duen arloa oso teknikoa delako berez, epaimahaiari iruditu zaio aipatzekoa dela egilearen ahalegina «gaia modu ulergarrian eta erakargarrian azaltzeko, eta askorentzat urruna izan daitekeen gaia hurbiltzeko».
Zientzia-kazetaritzaren arloko saria
– Izenburua: «Minimalismoa laborategian» (Berrian argitaratua)
– Egilea: Amaia Portugal González, (Donostia, 1984). Kazetaritzan lizentziaduna da (EHU). Irutxuloko Hitzan aritu zen kazetari lehenik, eta Elhuyarren ondoren, zientziaren eta kazetaritzaren arloan, 2009tik 2012ra arte. Zientziaren arloko kolaboratzaile izan da Berrian eta Irati Irratian. Gaur egun, Gaindegian egiten du lan, eta Zientzia Kaiera blogeko kolaboratzailea da.
Bizidun bati zer gene ken dakizkiokeen eta horiek kenduta nola funtzionatuko lukeen jakiteko saio baten berri jasotzen du erreportajeak, eta, epaimahaiaren esanean, lan egokia egin du Portugalek —izenburutik beretik hasita—, kazetaritzaren irizpide guztiak betetzen dituena: «Aukeratutako gaia berez da erakargarria, baina baita teknikoa ere; beraz, kontuan hartzekoa da hiztegi bat gehitu izana, irakurleari laguntzeko asmoz», nabarmendu dute.
Iaz, epaimahaiak aipamen berezia egin zion kazetari donostiarraren lanari, eta aurten, berriz, sari nagusia irabazi du.