Zer daki Amazonek gutaz?
Zer daki Amazonek gutaz –
“Zer daki Amazonek gutaz?”; Hauxe da Niko Cuencak Uriola agerkarian agertu duen kezka.
Amazonek bere arropa marka berria aurkeztu du Europan, FIND izenekoa. Inditex taldeko hornitzaileekin lan egingo du eta argi dago moda merkatua irauli egin dezakeela. Kontua da egun gure bizitzan oso sartua dagoen enpresa dela, baina, zeintzuk dira bere arrakastaren gakoak? Zer daki Amazonek gutaz?
22 urte pasa dira Jeff Bezosek, Amazon enpresako buruak, bere lehen liburua sarean saldu zuenetik. Fluid Concepts & Creative Analogies liburua izan zen eta bere etxeko garajetik egin zuen, bertan zuelako hasi berria zuen proiektuak bere egoitza.
22 urte hauetan Amazon proiektua nazioarte mailako erraldoia bilakatu da. Sarean liburuak saltzen hasi eta jarraian hasi zen bere eskaintza bestelako alorretara zabaltzen. 2000 urtean Bezosek oso argi azaldu zuen, bere helburua denetarik saltzea zela esanez, eta horrela izan da. Denda birtuala izateari utzi dio eta egun gainontzeko enpresek euren produktuak saltzeko plaza birtuala izatera heldu da, Marketplace bezala ezagutzen dana. Egun ukigarriak diren produktuez gain, edukiak eta zerbitzuak ere eskaintzen ditu.
Amazonek salmenta prozesu guztian parte hartu nahi du. Ez du gainontzeko enpresen menpe egon behar eta filosofia honekin hainbat enpresa sortu ditu Logistika, web zerbitzuak edo ordainketa zerbitzuak eskaintzeko. Hau da, alor guztietan kokatu nahi izan du bere burua, eta esparru berrietan sakontzeko asmoa dauka, hala nola banka alorrean Amazon Lending enpresaren bitartez.
Azken hamarkadan bere salmentak 13 aldiz handitu ditu. 2016an ea 136.000 milioi dolarreko fakturazioa izan zuen eta 2.371 milioi dolarreko irabaziak.
Egun hauetan jakin dugu Amazonek Europan bere arropa marka propioa saltzen hasiko dela, FIND izenekoa. Europan halako zerbait egiten duen lehen aldia bada ere, AEBn aspaldi hasi zela arropa saltzen marka propioekin eta egun 8 arropa marka dauzka. Izatez Estatu Batuetako biztanleen %33ak arropa erosten du Amazon bitartez.
Europan, bere marka ekoizteko, Inditex taldeko hornitzaileengana jo du. Dagoeneko estatu mailan Amazon liderra da moda salmentan, kontsumitzaileek Amazonen ataria aukeratzen dute sarean moda erosteko, eta, hortaz, argi dago azkenengo apustu honekin Amazonek modaren egungo merkatua irauli dezakeela.
Urte honetan Amazonen apostu berria ere ezagutu dugu, Whole Foods janari organikoen supermerkatuen katea 13.400 milioi dolarretan erosita, eta modu honetan on-line kanaletik, kanal fisikoetara salto eginez. Sarean denda ezberdinak izateaz gain, lehen aldiz denda fisikoak izango ditu, eta horretaz baliatu nahi du Amazonek. Izatez aukera berriak zabaltzen dizkio erosketa honek: kontsumitzaileen erosketa esperientzia eta portaera hobeto ezagutzea, banaketarako puntu berriak irekitzea, edo etorkizunean dronen bidezko banaketarako abiapuntu bilakatzea.
.
Zein da Amazonen arrakasta?
Arrakasta datuen kudeaketa egokian eta logistikaren planifikazio zorrotza dira. Amazon aitzindaria izan merkataritza elektronikoak bezeroen erosketa esperientzia aztertzen, modu honetan neurrirako eskaintza eginez. Arroparen kasuan, Amazonek urte guztietako harremanaren ondorioz bere erosleen informazio guztia daki, zelako produktuak gustuko dituen, zelako neurriak… eta bere eskaintza oso ondo prestatu dezake, erosleen gurariei aurrea hartuz.
Baina Amazonek, sarean emandako informazioaz gain, gehiago jakin nahi du, mundu errealean zelako portaerak ditugun ezagutu nahi ditu, eta horretarako bi urrats nagusi eman ditu. Alde batetik Whole Foods supermerkatuak erosita, bezeroen erosketa portaerak aztertu ditzake kameren bitartez.
Bestalde, badago ikara apur bat eman behar diguna. Amazonek gure etxeetan sartzea lortu du Amazon Echo asistente edo laguntzaile birtualaren bitartez.
2017an Estatu Batuetan 10 milioi unitate baino gehiago saltzea espero du. Gailu honek, telefonoetan Applen Siri laguntzaileak egiten duen funtzio bera egiten du. Gailuari hitz egingo diogu zelako eguraldia izango dugun galdetzeko baina baita erosketak agintzeko. Izatez Echo gailua etengabe piztuta dago, eta ahots bidez aktibatzeko prestatuta dagoenez, esaten dugun guztia entzun eta prozesatu dezake. Egia da datuen babeserako legeak bete behar dituela konpainiak, baina honek mesfidantza handia sortu du datu horiei emango zaien tratamenduaren inguruan…
Hau da, Amazon eta antzeko konpainiak gure etxeetan espia lana egin dezaketen gailuak sartzen hasi dira, gure azturei buruzko informazio oso baliotsua lortuz eta honek euren eskaintza komertziala are hobeto prestatzen lagunduko die.
Kontua da, ez ote gara guri buruzko informazioa oso errez zabaltzen ari?