Zaintzaren beharra ikerketa-munduan ere
Zaintzaren beharra ikerketa-munduan ere –
Ana Galarragak ikertzaileen osasun mentalaz, Berria egunkarian.
Aurten indarra hartu duten kontzeptuetatik badago bat ikerketa-esparruan apenas entzuten dena: zaintza. Eta, itxura guztien arabera, gehiago entzun, eta, batez ere, gehiago praktikatu beharko litzateke. Izan ere, esanguratsua da doktoregaien buru-osasunari buruzko ikerketa bat izatea aurtengo zientzia-artikulu irakurrienetako bat. Ikerketaren emaitzak kezkagarriak dira, oso: doktoretza egiten ari direnen artean, hirutik batek gaixotasun psikiatriko bat pairatzeko arriskua du.
Ganteko Unibertsitateko ikertzaileek gidatu dute ikerketa, eta Research Policy aldizkarian argitaratu dute. 3.659 doktoregaik parte hartu dute, eta buru-osasunaren 12 adierazle neurtu dituzte haiengan: presiopean sentitzea etengabe, goibel eta deprimituta egotea, loa galtzea kezken ondorioz, zailtasunak gainditzeko ezintasuna, ez gozatzea eguneroko jarduerekin, norberarengan konfiantza galtzea, kontzentratzeko arazoak izatea, ez izatea erabakiak hartzeko gai…
Boluntarioen erantzunak aztertuta, ikusi dute erdiek gutxienez bi sintoma dituztela; hamarretik lauk, hiru sintoma; eta heren batek, gutxienez lau sintoma. Hortik ondorioztatu dute doktoretza egiten ari direnek arrisku handia dutela gaixotasun psikiatriko bat garatzeko, batez ere, depresioa. Arrisku hori hezkuntza-maila altua duen populazioarena baino bi aldiz handiagoa da.
Horretan eragiten duten faktore nagusiak ere aipatu dituzte ikerketan. Garrantzitsuena familia eta lana bateratzeko ezintasuna da, eta, horrekin batera, emaitzak lortzeko beharra, nagusien gainbegiratzea eta lan-munduan sartzeko zailtasuna.
Arazoa ez da Belgikara mugatzen, noski. Aurretik beste herrialde batzuetan egindako beste zenbait ikerketak ere emaitza berdintsuak erakutsi dituzte, eta antzeko lekukotzak jaso ditugu guk ere Elhuyar aldizkariko Ekinean ataleko elkarrizketetan. Hain zuzen, ikertzaile emakumezko gazteak dira atal horretako protagonista, eta askok aipatzen dute denbora asko eskaini behar diotela ikerketari, presio handia sentitzen dutela, oso gogorra egiten zaiela emaitza txarrak jasotzea, kezka handia eragiten diela beti behin-behineko baldintzetan aritzea eta etorkizunerako segurtasunik ez izatea….
Hori horrela izanda, deigarria da hainbeste jendek pentsatzea ikertzaile-lana erakargarria dela gazteentzat. Hori azaltzen da, behintzat, EAEko biztanleek zientzia eta teknologiaren inguruan duten iritzia biltzen duen txostenean. Gainera, norberarentzat aberasgarria dela ere esan du jendeak. Eta ikertzaile-lana benetan ondo baloratzen badute ere, onartzen dute gizartean aitortza eskasa duela eta diruz gaizki ordainduta dagoela.
Horrenbestez, badirudi jendea ohartzen dela egoera ez dela bidezkoa. Zaindu ditzagun, beraz, ikertzaile gazteak; beharrean daude, eta guk ere badugu haien beharra.