Umap TopNews: hedabide berria, euskaraz, automatikoa
Albistegi automatiko hau tuiterlari euskaldunek partekaturiko esteketan oinarritzen da. Errepikatuenak, eta denboran freskoenak direnak, konbinatzen dira formula batean garrantzi ordena erabakitzeko. Kalkulua hamar minutuero egiten da. Izenburua eta eduki pixka bat erakusten dugu (bideoa dela harrapatzeko gauza garenean haren jogailua adibidez), eta horrekin batera, tuiterlarien iruzkinak.
Emaitza interesgarria delakoan gaude. Sare sozial gisa aurkezten zaigun arren, Twitter informazio kanal bat da nagusiki. Bertan kontua sortuta, filtro sozial pertsonal baten bidez funtzionatzen duen hedabide pertsonalizatu baten tankera hartzen du Twitterrek. Umap ez da filtro pertsonala; komunitate mailako filtroa da, kasu honetan hizkuntza-komunitate oso bat, euskararen munduarena. Eta komunitate horren albistegia da hemen ikusten dena. Lagin txiki batek osatua, 1.200 lagun bakarrik, baina apurka apurka gehiago izango dira.
Katalanezko Umap ireki genuenean, han ere bazen albistegia, baina oraingo euskarazkoak, badu berrikuntzarik harekin alderatuta, nahiz eta oraindik probazkoak diren, ez daude %100ean doituta:
- RSS jarioak: bi, bata Top-topera iristen diren albisteentzat; bestea albistegian sartzen diren guztientzat.
- Artxibo bat, non gordeko diren egunez egun, zein izan diren albisterik interesgarrienak tuiterlari euskaldunen arabera.
Berritasun hauek txukunduko ditugu hurrengo orduetan, eta jarraian, Umap sendotzeari ekingo diogu, aukera berriekin irekitako webguneetan, eta beste proiektu batzuetan ere bai.