Irrien Lagunak Kluba, webgunea eta aldizkaria aurkeztuko dituzte gaur

Euskal Herriko haurrak, gurasoak eta hezitzaileak bildu nahi dituen kluba da Irrien Lagunak, eta helburu argi bat du: Euskal Herriko haurrei eta hauen hezkuntza prozesuan bidelagun diren norbanako eta kolektibo guztiei zuzendutako komunikazio proiektu sendoa sortzea, euskaraz. Haurrak izango dira klubaren ardatza, baina gurasoak, hezitzaileak eta gizarte eragileak ahaztu gabe.

Klubak aniztasuna aldarrikatu nahi du balore bezala, “Euskal Herrian pentsaera, kolore eta kultura ezberdinetako jendea bizi denez, besteak ezagutuz eta maitatuz gero aniztasuna aberatsa baita beti”. Berdintasuna, errespetua, elkarrizketa, parekidetasuna, elkartasuna, eta askatasuna dira sustatu nahi dituen beste baloreak. Beti ere, euskaratik eta euskaraz egingo dute hori guztiori.

Klubeko kide egiteko www.irrienlagunak.com webgunean eman behar da izan, edo Irria aldizkariaren harpidedun egin. Edonor harpidetu daiteke, haurrez gain, baita ikastetxeak eta elkarteak ere.

Aldizkaria

Klubak bere aldizkaria izango du, Irria.  Hilean behin argitaratuko da, eta 44 orrialde izango ditu. Helburu didaktikoa ere izango du: ondo pasatuz, bizikidetzari, elkartasunari, osasunari, historiari, kulturari eta naturari buruzko kontuak zabaltzea haurren artean. Klubeko pertsonaien abenturak, haurrentzako jokoak, bertsolaritzarekin lotutako kontuak eta beste hainbat atal izango ditu. Hori guztia puntako idazleen, marrazkilarien eta bertsolarien lanekin josiko da.

Aldizkaria kioskoan salduko da, 5,75 euroan, eta harpidetza egiteko aukera ere eskainiko du. Harpidedunek etxean jasoko dituzte 10 zenbakiak, urtean 45 euro ordainduta eta harpidedunek hainbat abantaila izango dituzte klubaren produktuetan, pailazoen ikuskizunetan eta beste hainbat eskaintzatan.

Aldizkariarekin batera, www.irrienlagunak.com webgunea izango da proiektuaren euskarri garrantzitsuenetakoa. Haurraren, gurasoen, eskolaren eta klubaren arteko eguneroko harremana bermatzea du helburu, eta webgunean doan izena ematea aski da klubeko kide bihurtzeko. Hainbat atal izango ditu atariak: irria telebista, pertsonaiak, aldizkaria, zer egin, agenda…

Gaur emango dituzte sortzaileek azalpen guztiak 19:00etan Martin Ugalde Kultur parkean egingo dute ekitaldi irekian.

Irria aldizkari berriaren azala

Irudia | Irria aldizkari berriaren azala | Irrien Lagunak | LGPL
aldizkaria, hezkuntza, pailazoak
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

6 pentsamendu “Irrien Lagunak Kluba, webgunea eta aldizkaria aurkeztuko dituzte gaur”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude