Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da

Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da –

Adimen artifizialaren loraldia begien aurrean jarri zaigu, ChatGPT izeneko tresna era masiboan publiko orokorrera iritsi baita martxoan, milioi bat erabiltzaile izan dituelarik hilabete eskasean.

Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da
Argazkia: Jensenartofficial. Pixabay

Loraldi itxuran eta indarrez sartu da, baina ez du lore baten hazkunde naturalaren prozesua ordezkatzeko ahalmenik. Hala eta guztiz ere, aitortu behar da adimen artifizialaren bidez landutako teknologiak, lilura handia eragitearekin batera, kezka handiak ere sortu dituela dagoeneko. Beraz, iraultza teknologiko horrek gizartean, bizimoduan eta kulturan izan ditzakeen ondorioei buruz gogoeta egiteko unean gaude.

Hizkuntzei dagokienez, ehun hizkuntza inguru tratatu dituzte oraingoz. Hala eta guztiz ere, aurrerapen nagusiak ingelesezkoak dira. Hizkuntza gehienetan, eta txikietan bereziki, oraindik akats handiak egiten ditu ChatGPTk.

Erremintaren ezaugarriak

OpenAI erakundeak merkatura hedatu duen robot birtuala edo txatbot-a da ChatGPT. Harekin elkarrizketa izan dezakezu, galderak egin eta testu zein bestelako eduki landuak eska diezazkiokezu. Edozeinek egin dezake aproba haren elkarrizketa gunean sartuz. chat.openai.com/chat webgunera joan eta oinarrizko erregistroa egin behar da horretarako (helbide elektronikoaren eta telefonoaren bidez), bertan doako bertsioa du.

Teknologia hori Interneteko testu eredu handietan entrenatuta dago. Hizkuntza teknologiak eta algoritmoak darabiltza eta, era berean, ikasteko gaitasuna du. Edukiak sortzeko aukera handiak ditu eta aplikazio informatikoetan ere barnera daiteke.

RLHF (ingelesezko Reinforcement Learning from Human Feedback) izeneko prozesuaren bidez egiten da eskuzko lana. Horren bidez, pertsona ugari ari da robotek ekoitzitako edukiak entrenatzen, eduki berriak sortzen eta sailkatzen.

Microsoft enpresaren inbertsioaren emaitza da ChatGPT, eta gehien hedatu dena da une honetan. Beste batzuk ere badaude, hala nola, kode irekiko Open Assistant edota Google-ren Bard erramintak.

Gizartearentzako erronkak

Gizakiak ongi egiten dituen gauza asko egingo ditu kalitatez ChatGPTk, eta horrek eraldaketa sakonak ekarriko ditu. Zenbat eta hobeto ezagutu erreminta horiek, orduan eta erabilera zuzenagoa izango dute. Pentsatzeko gaitasun kritikoa ezinbestekoa da, era berean.

Lengoaia arrazionala eta aurre-esangarria den kasuetan ematen ditu kalitatezko emaitzak, oso-oso azkar, gainera. Esate baterako, azterketak, testu lanketak, diseinuak, ahotsen imitazioak, irudiak eta antzekoak kalitate handiz egiten ditu.

Kalitatezko emaitzak lortu diren kasuetan, giza ekoizpenaren eta adimen artifizialeko ekoizpenaren arteko aldea bereizten oso zaila da. Horiek horrela, hainbat arlotan, hala nola, sorkuntzan, ikaskuntzan eta hezkuntzan, lanean, segurtasun digitalean eta demokrazian bertan haustura eta eraldaketa ekarriko dituela begi bistan da dagoeneko.

Euskara eta adimen artifiziala

Lengoaia naturalaren prozesamenduaren bidez, hizkuntza teknologien arloan aurrerapauso handiak izan ditu euskarak. Azken hamarkadetako ikerketa eta garapeneko lanari esker ditu euskarak baliabideak garatuta, hala nola: itzultzaile neuronalak, bilatzaileak, sare sozialen kudeatzaileak, ahozko elkarrizketa sistemak eta abar.

OpenAI-ren webgunean sartu eta aproba egin dugu txat-ean. Hona ChatGPTri egin diogun galdera: «Zein da zure ustez euskararen egoera adimen artifizialean?».

Erantzuna:

«Nire ustez, euskararen egoera adimen artifizialaren alorrean hobetzen ari da, baina oraindik erronka asko daude gainditu behar. Adimen artifizialak euskararen garapenean eraginkorrak izan dira, eta hainbat ekimen daude euskararen erabilera sustatzeko. Hala ere, euskararen kantitatea eta kalitatea, beste hainbat hizkuntza baino txikia da eta horrek baliabideak murrizten ditu teknologiak garatzeko.

»Euskararen hizkuntza-egitura bereziak, hizkuntza teknikoetan, terminologia eta testuinguru ezberdinak, hainbat erronka dakar adimen artifizialen garapenean. Hala ere, azken urteetan, teknologia hauetan sartu den AI teknikariek euskarazko bertsioak garatzen ari dira, eta euskarazko chatbotak eta hiztegiak sortzen dituzte. Gainera, euskara teknologiaren garapenean ari diren ekimenak ere badira, besteak beste, euskarazko aurrerapauak eta ikerketa-proiektuak, eta euskara teknologiaren komunitatea ere handitzen ari da.

»Azken finean, nire ustez, euskararen hedapena eta garapena adimen artifizialen alorrean, bultzada handia izan da azken urteetan baina oraindik altxorra handia gordetzen da garatzeko lan gehiago egiteko».

Bistan denez, emaitzak akatsak ditu. Baina hobetzeko prestatua dago; eta aukera ematen du emaitza zuzendu eta testu berriak proposatzeko. Galdera bera gaztelaniaz eginez gero, emaitza askoz ere zuzenagoa da, hizkuntza akatsik gabekoa, behintzat. Izan ere, testu bolumen handiak eta entrenamendua behar baitira emaitza onak emateko, lehenago esan bezala.

Horiek horrela, adimen artifizialeko erremintak lantzea eta horien norabidea zehaztea erronka handia da euskararentzat, landu beharrekoa, nolanahi dela ere, adimen artifizialaren onurak baliatu ahal izateko.

Udaberrian gaude, ereiteko garaian. Tresna hauek ahalik eta jende gehienak erabiliz gero, uzta oparoa izango genuke eta euskara ere loratuko litzateke teknologia garaietan.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da Udaberriarekin batera ChatGPT heldu da

Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea