Ubuntu 18.04 LTS berria apirilaren 26an argitaratuko da
Ubuntu 18.04 LTS berria apirilaren 26an argitaratuko da –
Ubuntuk Long-Term Support (LTS) edizio berria argitaratuko du apirilean. Jada 18.04.a du Canonicalen distroak eta oraingoan ere zenbait berritasun ekarriko ditu aldi luzerako sostengudun eguneraketa berriak. Jadanik beta bertsioa deskargatu eta probatu daiteke, bere zapore guztietan; hala nola, Xubuntu, Kubuntu, Ubuntu MATE, Ubuntu Kylin eta Ubuntu Budgie. Aitzitik, Ubunturen banila bertsio printzipala probatzeko, apirilaren 5ean argitaratuko den bigarren betari itxaron beharko diozu.
‘Bionic Beaver’ izena jarri dio Canonicalek Ubunturen LTS berriari. Halaxe iragarri zuen Mark Shuttleworth CEOak, epe luzeko sostengua izango duen distribuzioa iragartzean. Apirilaren 26an argitaratu, deskargatu eta instalatu ahal izango da edizio berria.
Berritasunak: GNOME 3.28 Mahaigaina eta Xorg
Ubuntu 17.10 bertsioak Unity atzean utzi eta GNOME Mahaigaina berreskuratu zuen. Oraingoan ere GNOME 3.28ren aldeko hautua egin dute Canonicalekoek, eta hainbat berritasun ekarriko ditu honek. Halaber, Xorg grafikoak erabiliko ditu 18.04 edizioak. Ubuntukoen arabera, Hangouts, Skype eta WebRTC zerbitzuek hobeto funtzionatzen dute Xorgekin.
Sistemaren informazioa jasotzen hasiko da Canonical
Polemika edo kezka sortu duen puntua da honakoa. Antza denez, Ubunturen posta zerrendan jakin arazi bezala, sistemaren ezarpenari eta instalatutako software paketeei dagokien informazioa biltzen hasiko da enpresa. Will Cookek egindako iragarpenak hautsak harrotu ditu librezale askoren artean. Dena dela, Cookek zehaztu du ez dela derrigorrezkoa izango informazio hau partekatzea. Erabiltzaileak instalazioan zehar hautatu ahal izango du partekatu ala ez.