Tximeleta batek…

Tximeleta batek… –

Ziurrenik filmen batean entzuna izanen duzue kaosaren teoriaren kontzeptu ezagunena. Bai, neska-mutilok, tximeletaren kontu hori. Tximeleta batek, demagun, Sri Lankan hegoak mugitzen baditu gerta daitekeela, adibidez, New Yorken ekaitza sortzea.

Tximeleta batek...

Bada, aurrekoan tximeleta kabroi horrek hegoak ohi baino modu bihurriagoan mugitu zituen, horrek sute handia sortu zuen Estrasburgoko eraikin batean, eta karanbolaren karanbolaz, blogari euskaldun andanaren lanak biltzen zituen blogariak.net plataforma pikutara joan zen. Betiko.

Gauza da Estrasburgoko eraikinean interneteko datu zentro bat zegoela, eta blog euskaldun haien eduki osoa hango zerbitzarietan zegoela gordea; segurtasun kopiak barne.

Eta niri, honekin guztiarekin, bi hausnarketa txiki bururatzen zaizkit:

  • Gure eduki ia guztiak hodeian gordetzen ditugun garai hauetan, kontuan hartzekoa dela eduki horiek ez direla hain etereoak eta sute batek desagerraraz ditzakeela.
  • Sri Lankako tximeleta kabroiaren apeten menpe egon nahi ez badugu, hobe dugula baita esparru teknologiko honetan ere burujabetza aldarrikatzea eta praktikatzea.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko martxoaren 24koa]

Tximeleta batek…

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.