Twitter: aho biko ezpata, baina ezpata
Aho biko ezpata da twitter. Batetik, gure jarrera ideologiko, kezka eta zaletasun bertsuak dituztenengana hurbiltzen gaitu, komunitate baten parte sentiarazi eta elkarlanerako sare zabala sortuz; bestetik, gure komunitate horretako kideen artean ohiko diren joerak eta iritziak saretik kanpoko munduan ere hala direla sinestarazten digu, iritzi publikoaren analisi okerra egitera bultzatuz, (tarteka) minoriak gehiengo sentiarazteraino.
Atzoko atxiloketek ikusarazi dute beste “arrisku” bat ere. Twitteren agerian jartzen dugu (askok) Guardia Zibilak, Espainiako Barne Ministeritzak edo dena delakoak nahieran manipulatu eta erabili dezakeen informazioa: izen-abizenak, kokapena, militantzia, ikuspegi ideologikoa…
Beldurgarria da zenbait txiotan botatako iritzi eta adierazpenen aitzakian norbait atxilotu dezaketela ikustea. Baina horrek ez gintuzke kikildu behar, beldurtzea baita hain zuzen atzoko operazioaren asmoa. Zuhurtzia bai, baina beldur geldiarazlerik ez.
Ez dezagun ahaztu (besteak beste) twitteren erabilera dela AskeGunean gertatutakoa lau haizeetara zabaldu zuena hedabide tradizionalen jokabide lotsagarria ikusaraziz; twitter dela @topatuinfo gisako proiektu komunikatiboen arrakastaren gakoetako bat, eta twitter dela kontrainformazioaren plaza nagusia. Aho biko ezpata, baina ezpata azken finean, informazioa orain arte nahieran kudeatu duten erakundeek marraztutako errealitate grisa zauritzeko tresna.