Tim Cooken Homepod gailuak zugatik egingo dituen 5 gauza

Tim Cooken Homepod gailuak zugatik egingo dituen 5 gauza –

Atzo aipatu nizkizuen WWDC17 Apple etxeak egin berri duen keynotean aurkeztu zituzten berritasunetatik garrantzitsuenak. Gaurkoan berriz xeheago errepasatuko dugu, hurrengo ikasturterako Tim Cookek aurkeztu zigun sorpresarik behinena: Homepod etxeko asistente eta bozgorailu adimentsua. Tira, itxura ona izanen du, bai, baina egiazki zer egin dezake zugatik HAL 9000 gogora ekarriko dizun supositorio zuri honek?

Tim Cooken Homepod gailuak zugatik egingo dituen 5 gauza

Applek gailu zuri garbietara eta diseinu minimalistetara ohituta gauzkanez, gailu berri hau ez zaizu horren berria egingo. Ez behintzat begietara. Barrenean daraman txipa ere ez, bide batez, Iphone 6ak eta 6 Plusak zeraman berbera baita: A8 izenekoa. Siri asistente adimentsua beste maila batera eroateko sortu dute Cook eta enparauek Homepod berri hau.

1 Bozgorailu adimentsuak

Bozgorailu adimentsua denez, jartzen duzun lekuan jartzen duzula, soinua zure gelaren arabera moldatuko du. Nola egiten duen? Bada, barrenean daramatzan sensore batzuren laguntzarekin zure gelaren forma eta berezitasunak aztertuko ditu, gurabako soinuak ezeztatu eta uhinak moldatzeko.

2 Siri kapitaina, une oro

Siri beti adi eta prest izango duzu. Gailuak 6 mikrofono ditu, zauden lekua edozein dela ere, Sirik gela osotik entzun zaitzan.

3 Homekit, etxea ahotsaz kontrolatzeko

Homekit, Applek sortutako etxeko domotika sistemarekin bateragarria da Homepod. Beraz, ahotsaz aginduta berogailuak, argiak edo aire girotua piztu, itzaldu eta erregulatu ditzakegu. Homepod gailuari telebista itzaltzeko eskatu eta itzaldu egingo du alegia.

4 Musikaz blai

Streaming musika aplikazioekin konektatuta egonen denez, gailuari gure abesti kuttuna jartzeko eskatu eta berealaxe jarriko du. Akaso orduan jakingo duzu zein den, egiazki, zure abesti kuttuna.

5 Bat edo gehiago.

Bat erosi ordez, bat baino gehiago erosita, haririk gabeko konexioz sinkronizatu ditzakezu, etxe guztian musikaz eta aurretik aipatu zerbitzuez gozatu ahal izateko. Ez dakit orain errealista ikusten duzun, baina adi, etorkizuna bertan baitugu. Beti.

PS: AEBtan 349 dolarreko prezioan jarriko dute salgai. Bada ez bada ere, gero inork sustorik eraman ez dezan.

Tim Cooken Homepod gailuak zugatik egingo dituen 5 gauza